Plazaberri

2006ko ekaina - 3. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
35 EUSKALTZAIN URGAZLE BERRI IBINAGABEITIA, BERRIATUA ETA RENTERIAREN OMENEZ HITZARMENA ZORNOTZAKO UDALAREKIN
Datozen ekitaldiak
LEKUONA ETA ALTUNA EUSKALTZAINEN HILBERRI-TXOSTENAK AGERIKO BILKURA ZALDIBIAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Hiztegi Batua: maiatzaren 19tik txertatuta dago bigarren itzuliko E letra osoa Euskaltzaindiaren webgunean.

Onomastika: Euskaltzaindiak, maiatzaren 26an, Elantxoben egin zuen osoko batzarrean, bi erabaki hartu zituen hizkuntza-gaien arloan:

  • Arabako Lautadako Agurain eta Gasteiz eskualdeetako herrien eta herritarren euskal izenak onartu ziren: Dulantzi, dulantziar; Asparrena, asparrendar; Barrundia, barrundiar; Burgu, burguar; Iruraitz-Gauna, iruraiztar-gaunar; Agurain, aguraindar; Donemiliaga, donemiliagar; Zalduondo, zalduondar; Gasteiz, gasteiztar.
    Arabako herri-izendegia osorik onartzean, arau bakar batean argitaratuko dira izen guztiak.
  • 36. araua eguneratu da, Frantziako Errepublikako eskualde, departamendu eta hiriburuen izenei buruzkoa.

36. araua: Frantziako Errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak

Berriak

35 euskaltzain urgazle berri

Maiatzaren 26an, Euskaltzaindiak Elantxoben egin zuen osoko batzarrean, 35 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen.

Akademiaren Arautegia eta Barne Erregelak oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu euskaltzain urgazle berriak. Testu horietan esaten denari jarraikiz, euskalaritzan pertsona ezagunak nahiz idazle hautak edo euskararen jagoletzan nabarmendu direnak hautatzen dira. Bilkura horretan, esparru ezberdinetako profesionalak izendatu ziren: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak.

Euskaltzain urgazle berrien zerrenda

Ibinagabeitia, Berriatua eta Renteriaren omenez

Maiatzaren 26an, Elantxobeko Udalarekin batera, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Bizkaiko herri horretan, hiru idazle elantxobetarren omenez: Andima Ibinagabeitia, Imanol Berriatua eta Gorgonio Renteria. Hiruen omenez, San Nikolas elizaren eta pilotalekuaren arteko horman, plaka bat jarri zuten bi erakundeek. Honela dio plakak: "Euskaltzaindiak eta Elantxobeko Udalak Andima Ibinagabeitia (1906-1967), Imanol Berriatua (1914-1981) eta Gorgonio Renteria (1868-1940) euskal idazle elantxobetarrei. Elantxobe, 2005-V-26".

Bestalde, ekitaldiaren hasieran eta agur-hitzen artean, Andres Urrutiak irakurri zuen Andimaren iloba den Miren Lore Mentxaka Ibinagabeitiak, Caracasetik bidali zuen mezua, egun horretan eta Elantxoben irakurtzeko berariaz idatzia.

Amaia Eiguren alkatearen ongietorria

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Txomin Peillen: "Andima adiskidea"

Bernardo Atxaga: "Andimaren liburu bat eskuan"

Xabier Kintana: "Imanol Berriatua: euskal etorkizunaren ereile"

Igone Etxebarria: "Gorgonio Renteria, idazle"

Hitzarmena Zornotzako Udalarekin

Maitzaren 24an, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Zornotzako Udalak eta Euskaltzaindiak; Udalaren izenean, David Latxaga alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horren xedea honako hauxe da: Zornotzako toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea.

Horren ildotik, Zornotzako toponimia ikertzeko eta arautzeko, beka-deialdi bat atera du Udalak. Rakel Iruarrizaga eta Ane Olabarri ikerlariek eskuratu dute eta Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean ari dira lanean. Euskaltzaindiak, Iratxe Lasa Onomastika batzordeko aholkularia izendatu du lan horren gainbegiratzaile bezala.

Datozen ekitaldiak

Lekuona eta Altuna euskaltzainen hilberri-txostenak

Ekainaren 29an, osteguna, iluntzeko 19:00etan, Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusean (EUTGn), areto nagusian, Juan Mari Lekuona eta Patxi Altuna euskaltzainen hilberri-txostenak irakurriko dira:

  • Ana Toledo: "Juan Mari Lekuona: ...eta hitza lanabes bihurtu zuen".
  • Miren Azkarate: "Patxi Altuna: jesuita, euskaltzalea, irakaslea eta euskaltzaina".

Ageriko bilkura Zaldibian

Ekainaren 30ean, ostirala, Euskaltzaindia Zaldibian izango da, batetik, hileko osoko batzarra egiteko eta, bestetik, Frantzisko Ignazio Lardizabalen omenezko bilkura egiteko, haren jaiotzaren bigarren mendeurrenean. Bilkura arratsaldeko 18:30etan izango da Zaldibiako Antzokian eta hau izango da egitaraua:

  • Patxi Aierbe Zaldibiako alkatearen ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Mikel Zalbide: "Lardizabalen lanak bere garaiko euskalgintzaren barnean".
  • Beñat Oihartzabal: "Lardizabalen gramatikaren iturri, ezaugarri eta helburuak: euskararen heriotzaren gaia hizkuntz darwinismoaren teoria agertzeko bezperan".

Bestalde, ageriko bilkura hasi aurretik, 18:15ean, Frantzisko Ignazio Lardizabalen "Zubiaurre" jaiotetxean plaka bat jarriko da oroigarri moduan.

Bisitatu gaituzte

Peace Boat Japoniako Gobernuz Kanpoko Erakundea

Pasiotarren Eubako Ikastetxearen 50. urteurrena