Plazaberri

2006ko uztaila - 4. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
EUSKALTZAINDIAREN ARAUTEGI ALDAKETA 2006RAKO EGINKIZUNAK NAFARROAN "MENDAUR" ARGITALPEN BILDUMA AURKEZTU DA JUAN MARI LEKUONA ETA PATXI ALTUNA GOGOAN LARDIZABALEN JAIOTETXEAN OROIGARRIA AGERIKO BILKURA ZALDIBIAN
Literatur Sariak
2006KO LAU LITERATUR SARI NAGUSIAK ABIAN
Datozen ekitaldiak
ANA TOLEDO EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA EUSKALTZAIN URGAZLEEK DIPLOMA JASOKO

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, ekainaren 30ean, Zaldibian egin zuen osoko batzarrean, Arabako herri-izendegiaren beste zerrenda bat onartu zuen hizkuntza-gaien arloan. Arabako Mendialdeko herrien eta herritarren euskal izenak onartu ziren: Arraia-Maeztu, arraiar, maeztuar; Bernedo, bernedar; Kanpezu, kanpezuar; Harana, harandar; Lagran, lagrandar; Urizaharra, urizahartar.

Berriak

Euskaltzaindiaren Arautegi aldaketa

Euskaltzaindiaren arautegi aldaketa indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den momentuan. Izan ere, ekainaren 16an, Espainiako Ministro Kontseiluak Akademiak proposatutako arautegi aldaketa onartu zuen. Horrek esan nahi du, datozen hilabeteotan, hainbat aldaketa izango direla Euskaltzaindian.

Informazio gehiago

2006rako eginkizunak Nafarroan

Ekainaren 20an sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo protokoloa. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuen eta, Foru Gobernuaren izenean, Pedro Pegenaute Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak. Akordio horren arabera, hauek dira 2006. urterako eginkizun nagusiak:

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egiteko bildu ziren Nafarroako 3 herritako (Etxarri-Larraun, Oderitz eta Sunbilla) grabazioak euskarri digitalean paratu eta ematea.
  • Saroihandyren eskuizkribuen eta Jose Mari Jimeno Jurioren Onomastika fitxen digitalizazio lanak.
  • Zenbait argitalpenen prestaketa, eta horien artean Principe de Viana-n nafar euskaltzainek argitaraturikoen bilketa.
  • Terminologia juridikoa aztertzea.
  • Euskal Corpus Onomastikoa: Nafarroari dagozkion lanei jarraipena ematea.

"Mendaur" argitalpen bilduma aurkeztu da

Ekainaren 20an, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, Mendaur bildumaren I. liburukiaren aurkezpena egin zen: Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko, Andres Iñigok prestatua.

Mendaur bildumaren lehen bi liburukiak hauek dira: Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko eta Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia, Pello Salaburuk prestatua. Bilduma hau Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sortu dute, bi erakundeen arteko hitzarmenaren eraginez.

Andres Iñigo: Jose Mari Satrustegi, ereile eta lekuko

Juan Mari Lekuona eta Patxi Altuna gogoan

Ekainaren 29an, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean (EUTGn), areto nagusian, Juan Mari Lekuona eta Patxi Altuna euskaltzainen hilberri-txostenak irakurri ziren:

  • Juan Mari Lekuona. Euskaltzain osoa (1927-2005). Ana Toledo euskaltzain osoak irakurri zuen.
  • Patxi Altuna. Euskaltzain osoa (1927-2006). Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri zuen.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Ana Toledo: Juan Mari Lekuona... eta hitza lanabes bihurtu zuen

Miren Azkarate: Patxi Altuna: jesuita, euskaltzalea, irakaslea eta euskaltzaina

Lardizabalen jaiotetxean oroigarria

Ekainaren 30ean, arratsaldeko 6:15ean, Zaldibiako Udalak eta Euskaltzaindiak Frantzisko Ignazio Lardizabalen omenezko plaka agerian jarri zuten idazlearen Zubiaurre jaiotetxean. Aurresku dantza-saioarekin hasi zen ekitaldia eta bertaratu zirenen txaloekin amaitu. Han ziren Patxi Aierbe alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, euskaltzainak, zinegotziak eta herritar ugari. Zubiaurreko horman jarri zen harrizko plakak hau dio: Frantzisko Ignazio Lardizabalen jaiotzaren (1806-1855) bigarren mendeurrenean. Zaldibia, 2006-VI-30.

Ageriko bilkura Zaldibian

Ekainaren 30ean, ostirala, Euskaltzaindia Zaldibian izan zen, batetik, hileko osoko batzarra egiteko eta, bestetik, Frantzisko Ignazio Lardizabalen omenezko bilkura ospatzeko, haren jaiotzaren bigarren mendeurrenean. Bilkura horri Patxi Aierbe Zaldibiako alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zioten hasiera. Euren hitzen ostean, Mikel Zalbidek eta Beñat Oihartzabalek hitzaldi bana eman zuten.

Patxi Aierbe alkatearen ongietorria

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Mikel Zalbide: Lardizabalen Gramatika, bere gizarte-giroan

Beñat Oihartzabal: Lardizabalen gramatikaren iturri, ezaugarri eta helburuak

Literatur sariak

2006ko lau literatur sari nagusiak abian

Uztailaren 4an, 2005. urtean saritutako literatura-lanen argitalpenak aurkeztu ziren, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatutako ekitaldian. Hauek dira argitaratu diren liburuan:

  • Santxa. Egilea: Aizpea Goenaga Mendiola (Toribio Altzaga antzerki-saria)
  • Mendebaldearen mintzo mindua. Egilea: Joseba Azkarraga Etxegibel (Mikel Zarate saio-saria)

Bestalde, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak, bi erakundeok aspaldidanik antolatzen dituzten lau literatur sarien aurtengo deialdia kaleratu dute. Jakina denez, sariak lau dira: Txomin Agirre eleberri-saria, Toribio Altzaga antzerki-saria, Felipe Arrese-Beitia olerki-saria eta Mikel Zarate saio-saria.

Lanak aurkezteko epea 2006ko urriaren 16an amaituko da eta, lanak, helbide honetara bidaliko: Bilbao Bizkaia Kutxaren Kultur Gela Elkano, 20 48008 Bilbo. Epaimahaikoen erabakiak, 2006ko abenduaren 31 baino lehen iragarriko dira.

Datozen ekitaldiak

Ana Toledo euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

Uztailaren 21ean, ostirala, goizeko 11:00etan, Ana Toledo euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Antzuolako Udaletxean. Hau izango da egitaraua:

  • Jose Angel Zabalo alkatearen ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azalduko
  • Ana Toledoren sarrera-hitzaldia: Musen arnasatik Goi-arnasara, euskal letretan barrena
  • Jean Haritschelhar euskaltzainaren erantzuna
  • Euskaltzain berriari domina eta izendapen-agiria ematea

Euskaltzain urgazleek diploma jasoko

Uztailaren 13an, arratsaldeko 17:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan egingo den ageriko bilkura berezian, euskaltzain urgazle berriei diplomak emango dizkie Akademiak. Ezaguna denez, maiatzaren 26an, Euskaltzaindiak Elantxoben egin zuen osoko batzarrean, 35 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen.

Hau izango da egun horretako egitaraua:

  • Xabier Kintana idazkariak izendapen-agiria irakurri
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak
  • Musika emanaldia
  • Euskaltzain urgazle berriei diplomak eman
  • Musika emanaldia
  • Amaiera
 

Bisitatu gaituzte

Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka batzordea