Plazaberri

2006ko uztaila - 5. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ANA TOLEDOK SARRERA-HITZALDIA EGIN DU ANTZUOLAN URGAZLE BERRIEK DIPLOMAK JASO DITUZTE ARAGOIERAREN AKADEMIAREN SORRERAN HITZARMENA AZKOITIKO UDALAREKIN GAIZKA BARANDIARAN EUSKALTZAIN URGAZLEA HIL DA EUSKALTZAINDIAREN LEHENBIZIKO EUSKALTZAIN EMERITUAK KATALOGAZIO ERREGELAK ETA 2005eko OROITIDAZKIA
Datozen ekitaldiak
PATXI SALABERRI EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, uztailaren 20an, Antzuolan egin duen osoko batzarrean, bi multzotako erabakiak hartu ditu hizkuntza arloan:

Onomastika: Arabako Errioxako herrien eta herritarren euskal izenak onartu ziren: Bastida, bastidar; Bilar, bilartar; Ekora, ekorar; Eltziego, eltziegar; Guardia, guardiar; Kripan, kripandar; Lantziego, lantziegar; Lapuebla de Labarca, lapueblar; Leza, lezar; Mañueta, mañuetar; Moreda, moredar; Navaridas, navaridastar; Oion, oiondar; Samaniego, samaniegar; Villabuena, villabuenar.

Exonomastika: Sortu berri den estatu honen izenekikoak onartu ziren:

  • Herrialdearen izena: Montenegro, Crna Gora*
  • Estatuaren izen ofiziala: Montenegroko Errepublika
  • Herritarren izena: montenegroar
  • Hiriburua: Podgorica*
  • Hiriburukoen izena: podgoricar*
  • Hizkuntza: serbiera, serbokroazierak estatu honetan jasotzen duen izen ofiziala.

* Kontuan izan serbo-kroazieraz c letraren balio fonetikoa gure tz-rena dela eta beraz, izenok Tzrna-gora, Podgoritza eta podgoritzar idatzirik baleude bezala irakurri behar direla.

Berriak

Ana Toledok sarrera-hitzaldia egin du Antzuolan

Uztailaren 21ean egin zen Ana Toledo euskaltzainaren sarrera ekitaldia, Antzuolan. Jakina denez, Juan San Martin zenaren lekua beteko du Toledok Euskaltzaindian. Antzuolako Udaletxean egindako ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta hemeretzigarren zenbakia duen domina eman zizkion. Domina hau izan duten aurretiko euskaltzainak hauek dira: Lino Akesolo eta Juan San Martin.

Jose Angel Zabalo alkatearen ongietorria

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Ana Toledoren sarrera-hitzaldia: Musen arnasatik Goi-arnasara, euskal letretan barrena

Jean Haritschelhar euskaltzainaren erantzuna

Argazkiak

Urgazle berriek diplomak jaso dituzte

Uztailaren 13an, bilkura berezia egin zuen Euskaltzaindiak, egoitzan, euskaltzain urgazle berriei diplomak emateko. Jakina denez, 35 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen Akademiak, maiatzaren 26an, Elantxoben eginiko osoko bilkuran.

Informazio gehiago eta argazkiak

Aragoieraren Akademiaren sorreran

Chuntos por l´ Aragonés elkarteak antolaturik, uztailaren 13, 14 eta 15ean Zaragozan eta Huescan Aragoieraren II. Kongresua bildu zen. Oraingo honetan, Aragoiko antzinako hizkuntza aztertu eta berpiztu eta suspertzeko asmoez gainera, beraren arautze eta normalizazioa lortzeko bidean, Aragoieraren Akademia sortzea izan da helburu nagusia. Bilera horietan, katalan, okzitaniar, galego, asturiar, erromantxe eta beste hizkuntza erromanikoen partaideekin batera, Euskaltzaindiaren ordezkaritza ere izan zen. Henrike Knörrek kongresuan txosten bat irakurri zuen Euskararen estandarizazioaz eta Euskaltzaindiaren zereginez. Xabier Kintanak, aldiz, Euskal Akademiaren agur eta elkartasun-hitzak adierazi zituen, Pirinioen inguruan bizi diren herrien kidetasunak azpimarratuz. Kongresisten artean hartarako botazioa egin ondoren, Aragoieraren Akademia eraturik gelditu zen, onespen ofizialen zain.

Hitzarmena Azkoitiko Udalarekin

Uztailaren 14an, Azkoitiko Udalak eta Euskaltzaindiak, Azkoitiko toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzeko sinatu berri duten lankidetza hitzarmena aurkeztu zuten komunikabideen aurrean. Aurkezpenean, honako hauek izan ziren: Asier Aranbarri alkatea, Andres Iñigo Euskaltzaindiko Onomastika batzordeburua eta Eñaut Frantsesena ikertzailea. Horiekin batera, Bakarne Usobiaga Euskara zinegotzia eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkaria ere bertan izan ziren.

Azkoitiko toponimia ikertzeko eta arautzeko, beka-deialdi bat atera zuen Udalak. Eñaut Frantsesena ikertzaileak eskuratu du. Euskaltzaindiak, Imanol Goikoetxea Onomastika batzordeko aholkularia izendatu du lan horren gainbegiratzaile bezala.

Gaizka Barandiaran euskaltzain urgazlea hil da

Gaizka Barandiaran Balantzategi euskaltzain urgazlea uztailaren 20an hil zen, Loiolan, 90 urte zituela. Dantza irakasle, etnologo, euskaltzale eta jesuita izan zen Barandiaran.

Euskaltzain urgazlea zen, 1961eko abuztuaren 25ean izendatua.

Informazio gehiago

Euskaltzaindiaren lehenbiziko euskaltzain emerituak

Euskaltzaindiak, historian lehenbiziko aldiz, euskaltzain emerituak izendatu ditu, uztailaren 21ean, Antzuolan egindako osoko batzarrean. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Hauek dira emeritutasuna aitortu zaien sei euskaltzainak: Xabier Diharce "Iratzeder", Piarres Charritton, Jean Haritschelhar, Emile Larre, Antonio Zavala eta Jose Antonio Arana Martija.

Katalogazio erregelak eta 2005eko Oroitidazkia

Euskaltzaindiaren web gunean (www.euskaltzaindia.net) jarrita daude Katalogazio erregelak eta 2005eko Oroitidazkia, azken argitalpenen sailean, nahi duenak kontsulta ditzan. Oraingoz modu digitalean bakarrik eskaintzen dira:

Datozen ekitaldiak

Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

Irailaren 29an, ostirala, Patxi Salaberri euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da, Uxuen. Hau izango da egitaraua:

  • Maria Jesus Zoroza alkatearen ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azaldu
  • Patxi Salaberriren sarrera-hitzaldia
  • Andres Iñigo euskaltzainaren erantzuna
  • Euskaltzain berriari domina eta izendapen-agiria ematea

Bisitatu gaituzte

Yuri Michielsen hizkuntzalaria Xabier Kintana idazkariarekin, 2006ko uztailaren 7an

Omenezko bertsoak

Antton Aranburuk (2006-1-27) eta Andoni Lekuonak (2006-3-30) kantatuak