Plazaberri

2006ko urria - 6. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
PATXI SALABERRI ZARATIEGIK SARRERA-HITZALDIA EGIN DU UXUEN EUSKALTZAINDIAREN OPARIA UXUEKO UDALARI BI EUSKALTZAIN OSO BERRI ABENDUAN
Datozen ekitaldiak
BERAN ETA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, irailaren 28an, Uxuen egin zuen osoko batzarrean, bi multzotako erabakiak hartu zituen hizkuntza arloan:

  • Onomastika: Arabako Añana eskualdeko eta Trebiñuko herrien eta herritarren euskal izenak onartu ziren: Añana, añanar; Berantevilla, berantevillar; Iruña Oka, iruñar, iruñaokar; Kuartango, kuartangar; Erriberagoitia, erriberagoitiar; Erriberabeitia, erriberabeitiar; Gaubea, gaubear; Zanbrana, zanbranar. Argantzun, argantzundar; Trebiñu, trebiñar.
  • Exonomastika: Euskal Herri inguruko exonimoen bigarren herri-izen zerrenda onartu zen. Honekin batera eskaintzen da eranskin moduan: Euskal Herri inguruko exonimoak (2)

Berriak

Patxi Salaberri Zaratiegik sarrera-hitzaldia egin du Uxuen

Irailaren 29an, Uxueko pilotalekuan, egin zen Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzainaren sarrera ekitaldia. Polikarpo Irazoizkoak eta Patxi Ondarrak bete zuten lekua beteko du Salaberrik Euskaltzaindian. Horiek bezala, hogeita laugarren zenbakia duen domina eramango du Akademian.

Maria Jesús Zoroza alkatearen ongietorria

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Patxi Salaberriren sarrera-hitzaldia: Uxueko izenak mintzagai

Andres Iñigo euskaltzainaren erantzuna: Hamahirugarrena Uxuekoa, Erriberriko Merindadekoa

Argazkiak

Euskaltzaindiaren oparia Uxueko Udalari

Euskaltzaindiaren argitalpen batzuk eman dizkio Akademiak Uxueko Udalari. Irailaren 28an, herri horretako Udalak hartu zituen akademikoak egun osoan zehar, goizean Zuzendaritzaren bilera, eta arratsaldean osoko bilkura egiteko. Horrezaz gain, Patxi Salaberri euskaltzain osoak agintarien babes osoa izan zuen bere sarrera-ekitaldian. Hori dela eta, Euskaltzaindiak bere esker ona erakutsi nahi izan zion Udalari.

Bi euskaltzain oso berri abenduan

Euskaltzaindiaren berriztatze prozesuak aurrera darrai. Uztailean sei euskaltzain oso emeritu izatera pasatzearen ondorioz, bi urteren buruan -2006an eta 2007an- sei euskaltzain oso berri izendatuko dira. Irailaren 28an, Uxuen egindako osoko bilkuran, euskaltzain oso berriak hautatzeko egutegia onartu zen, eta baita lehendabiziko bi hutsarteak iragarri ere. Hortaz, urrian eta azaroan hautagaiak aurkeztuko dira eta abenduan bi euskaltzain berri izendatuko.

Datozen ekitaldiak

Beran eta Bilbon

Euskaltzaindiak urrian ageriko bilkura bi egingo ditu:

  • Urriaren 6an, arratsaldeko 6etan, Berako Kultura Etxean, Oinez-06 dela eta.
  • Urriaren 27an, arratsaldeko 5etan, Euskaltzaindiaren egoitzan, R. M. Azkue ikastola (gaur egun Lauro izena duena) legeztatu zeneko 40. urteurrenean.

Bisitatu gaituzte

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak, Andres Urrutia eta Xabier Kintanarekin, 2006ko irailaren 14an

Azken argitalpenak

- Euskaltzaindiaren Argitalpen Katalogoa

- Euskera, 2005, 2

Gai nagusiak: Adolfo Arejita Euskaltzaindian sartzea, Laphitz, Arbelbide eta Lauaxetari omenaldiak, VIII. Herri Literatura Jardunaldiak, IX. Jagon Jardunaldiak.