Plazaberri

2006ko abendua - 8. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
VIDEGAIN ETA SAGARNA EUSKALTZAIN OSO IZATEKO HAUTAGAIAK EUROPAR BATASUNEKO HIZKUNTZA ANIZTASUNA MINTZAGAI BARTZELONAKO LIBURUAREN II. ERAKUSKETAN JUAN SAN MARTINEN OMENEZ HIRU BATZORDE EIBARREN PILI ARTZARI ZILARREZKO DOMINA
Literatur Sariak
R. M. AZKUE SARIAK ABIAN
Azken argitalpenak
EUSKALTZAINDIAREN 2005eko OROITIDAZKIA EUSKARAREN SUSTATZEA. EUSKALTZAINDIAREN ADIERAZPENAK NARRAZIOAK ETA OLERKIAK 2005
Datozen ekitaldiak
ABENDUKO OSOKO BATZARRA DONOSTIAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, urriaren 27an Bilbon egin zuen osoko batzarrean, besteak beste, hau erabaki zuen hizkuntza arloan: Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak (32. arau zuzendua, berritua eta eguneratua).

Euskaltzaindiak, azaroaren 24an Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Arabako herri izendegia onartzen amaitu zuen.

Berriak

Videgain eta Sagarna euskaltzain oso izateko hautagaiak

Jakina denez, irailaren 28an, Uxuen egindako osoko bilkuran, euskaltzain oso berriak hautatzeko egutegia onartu zen, eta baita lehendabiziko bi hutsarteak iragarri ere. Hautagaiak aurkezteko epea azaroan amaitu da. Bozketak abenduko osoko batzarrean egingo dira.

Hala, azaroaren 24an, Bilbon egin zen osoko bilkuran, hautagai hauek (biak euskaltzain urgazle) proposatu zituzten euskaltzainek.




  • 25. domina-hutsartea betetzeko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larre euskaltzain osoek.


  • 26. domina-hutsartea hornitzeko, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejita euskaltzain osoek.

Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna mintzagai

Azaroaren 24an, X. Jagon Jardunaldiak egin zituen Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak, Bilbon, "Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna eta euskararen hizkuntza politikak" gaiaz. Jardunaldi horietan, bi atal aztertu ziren nagusiki: batetik, Europar Batasunean dagoen hizkuntza-aniztasunaren deskribapena egin zen; bestetik, aurreko testuingurua kontuan hartuz, Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Euskal Herri kontinentalean indarrean diren hizkuntza politikak aztertu zituzten bertan bildutakoek.

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976 - 2006) liburua aurkeztu zuen.

Andres Urrutia

Patxi Juaristi

Erramun Baxok

Santiago Larrazabal

Jean-Baptiste Coyos

Andres Iñigo

Jose Luis Lizundia

Erramun Osa

Bartzelonako II. Liburuaren Erakusketan

2005. urtean gertatu bezala, aurten ere Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Consello da Cultura Galega erakustoki berean izan dira, azaroaren 21etik 26ra bitartean egin den Bartzelonako "II. Liburuaren Erakusketa"n. Azoka irakurle eta erosleei dago zuzendua, eta saltzaile eta erosleen arteko harremana sendotzea du helburu. Euskaltzaindiko Argitalpen Zerbitzuko langile bi -Ricardo Badiola argitalpen eragilea eta Jon Artza argitalpen banaketako arduraduna- izan dira Bartzelonan.

Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko hiru erakundeak liburu azoka batera elkarrekin doazen laugarren urtea da hau.

Juan San Martinen omenez

Azaroaren 17an, Eibarrek seme kutun izendatu zuen Juan San Martin zena. Ekitaldian parte hartu zuten erakundeen artean, Euskaltzaindia ere izan zen. Andres Urrutia euskaltzainburuak Juan San Martin zenaren omenezko hitzak esan zituen.

Andres Urrutiaren hitzak

Hiru batzorde Eibarren

Eibarrek Juan San Martini eskaini zion omenaldiarekin bat eginez, Euskaltzaindiaren hiru batzorde batzartu ziren azaroaren 17an, herriko Markeskoa Jauregian.

Onomastika batzordea

Corpus batzordea

Euskalkien lantaldea

Pili Artzari zilarrezko domina

Aurten, Pili Artza Bilboko egoitzako langileak, hogeita bost urte bete ditu Akademian lanean. Hori dela eta, urte horietan guztietan egindako lan zintzoa aitortuz, Erakundearen zilarrezko domina eman dio Euskaltzainburuak Erakundearen izenean, Bilbon, azaroaren 24an egindako osoko batzarrean.

Literatur Sariak

R. M. Azkue sariak abian

Azaroaren 28an, Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarien edizio berriaren oinarriak aurkeztu ziren. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten sari hauek, idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz sortuak dira.

Jakina denez, sariek bi lan mota onartzen dituzte euren baitan, narrazioa eta olerkia. Adinari begira, bi maila dira: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 17 urte bitartekoentzat.

Lanak aurkezteko epea, 2006ko abenduaren 16an amaituko da. Helbide honetara bidali beharko dira: BBK Kultur Gela. Elkano, 20. 48008 Bilbo.

Azken argitalpenak

Euskaltzaindiaren 2005eko Oroitidazkia

Euskaraz ez ezik, liburu hau gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere argitaratu da. Euskaltzaindiak 2005ean egindako lanen berri ematen duen argitalpena da.

Liburu hau PDF formatoan irakur daiteke Euskaltzaindiaren web gunean.

Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976 - 2006)

Liburu honetan biltzen diren adierazpenak Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialean argitaratuak izan badira ere, erabat sakabanatuak aurkitzen dira. Hori dela eta, argitalpen berezi batean bildu dira.

Bestalde, gaur egun euskararen estatusa arautzen duten lege-testu hautatuak gehitu dira, eranskin lagungarri gisa.

Narrazioak eta olerkiak 2005

2005eko Azkue sariak irabazitako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu horretan.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero ere liburua argitaratzen dute. Euskal eskola-umeak literaturgintzara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi.

Datozen ekitaldiak

Abenduko osoko batzarra Donostian

Abenduaren 22an, hileko osoko batzarra Donostian egingo du Euskaltzaindiak.

Bestalde, abenduan zehar, 2006ko Literatura Sariak irabazi dituzten idazleen izenak jakinaraziko dira, BBK Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuko duten ekitaldian. Urtero ematen diren lau sari nagusiak hauek dira: Txomin Agirre eleberri-saria, Toribio Altzaga antzerki-saria, Felipe Arrese Beitia olerki-saria eta Mikel Zarate saiakera-saria.

Bisitatu gaituzte

Berria egunkariak Estilo Liburua aurkeztu zuen (2006-XI-16)

Mario Onaindiaren euskara hutsezko sei libururen aurkezpena, Bilbo Zaharra Forumak antolatua (2006-XI-23)