Plazaberri

2007ko urtarrila - 9. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ANDONI SAGARNA EUSKALTZAIN OSO JOSE MARI ETXABURU "KAMIÑAZPI" HIL DA HIZKUNTZA POLITIKARAKO AURREPROIEKTUARI OHARRAK INSTITUT D'ESTUDIS CATALANS-EN EGOITZAN
Literatur Sariak
LAU SARI NAGUSIAK
Hitzarmenak
IRUÑEKO UDALA OIARTZUNGO UDALA
Azken argitalpenak
ARAUAK BIZKAIKO HERRI IZENDEGIA (SEPARATA)
Datozen ekitaldiak
BARRENENGOA ETA BARANDIARAN GOGOAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, abenduaren 22an, Donostian egin zuen osoko batzarrean, hizkuntza gai hauek izan zituen esku artean: batetik, Onomastika arloan, Nafarroako Izendegiaren plangintza aztertu zen eta, bestetik, Hiztegi Batuaren bigarren itzulian, E letrako zerrenda osatzen jarraitu zen, oharrak egin zaizkien hitzak eztabaidatuz eta onartuz.

Berriak

Andoni Sagarna euskaltzain oso

Andoni Sagarna da euskaltzain oso berria. Abenduaren 22an, Donostian egin zen osoko bilkuran, 25. eta 26. aulkiak betetzeko bozketak egin zituen Euskaltzaindiak. Sagarna euskaltzain oso izendatua izan zen, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren. Videgainek, aldiz, ez zuen gehiengo osoa lortu. Beraz, 25. aulkia hutsik geratu zen.

Jakina denez, joan den azaroaren 24an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, hautagaiak aurkezteko epea amaitu zen. Bi hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek:

  • 25. domina-hutsartea betetzeko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larre euskaltzain osoek aurkeztua.
  • 26. domina-hutsartea betetzeko, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain urgazlea, Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejita euskaltzain osoek aurkeztua.

Informazio gehiago: Andoni Sagarnaren curriculuma

Jose Mari Etxaburu "Kamiñazpi" hil da

Jose Maria Etxaburu Etxaburu, "Kamiñazpi" euskal idazle eta euskaltzain urgazlea abenduaren 28an hil zen, 93 urte zituela.

Jose Mari Etxaburu Ondarroan jaio zen, 1913ko irailaren 23an. Hogei urte zituela, herriko berriak idazten hasi zen Ekin aldizkarian. Beste aldizkari askotan ere argitaratu zituen bere lanak. Euskaltzain urgazlea zen, 1966ko azaroaren 25ean izendatua.

Informazio gehiago

Hizkuntza Politikarako aurreproiektuari oharrak

Euskararen Erakunde Publikoak, 2006ko urriaren 26an, Baionan egin zuen bileran, Hizkuntza Politikarako aurreproiektua aurkeztu zuen, eta proposamen horri oharrak egiteko epea ireki.

Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak aurreproiektu hori aztertu du eta ohar-txostena gauzatu, gogoeta, ohar eta iradokizun ugari biltzen dituena.

Euskaltzaindiaren ohar-txostena

Institut d'Estudis Catalans-en egoitzan

Abenduaren 15ean, Henrike Knörr Iker sailburuak hitzaldia eman zuen Bartzelonan, Institut d'Estudis Catalans-en Secció Filològicaren osoko batzarrean. Izan ere, Institut d'Estudis Catalans erakundeak ehun urte bete dituen honetan, bere Secció Filològicak Estatuko Hizkuntz Akademiak gonbidatu ditu, euren lanaren berri eman dezaten.

Euskaltzaindia izan da azalpen horiek eman dituen lehen Akademia. Datozen hilabeteotan Academia Española-ren eta Academia Galega-ren ordezkarien txanda izango da.

Henrike Knörren mintzaldia

Literatur Sariak

Lau sari nagusiak

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero antolatzen dituzte elkarrekin eleberri, antzerki, olerki eta saiakera sariak. Abenduaren 18an, 2006ko irabazleen izenak jakinarazi ziren. Sari-ematea Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, egin zen.

Informazio gehiago

Hitzarmenak

Iruñeko Udala

Abenduaren 19an, urtebeteko iraupena duen hitzarmena sinatu zuten Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak. Hauxe da bi erakundeok sinatu duten hamargarren hitzarmena, euren arteko lehena 1997. urtean izenpetu baitzuten.

Euskaltzaindiak, jasoko duen laguntzaren trukean, hizkuntzari buruzko aholkularitza emango dio Iruñeko Udalari; ikastaro eta hitzaldietan parte hartuko du eta Akademiaren argitalpenen zenbait ale emango dizkio Udal horri.

Oiartzungo Udala

Oiartzungo toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea xede duen lankidetza hitzarmena sinatu dute Oiartzungo Udalak eta Euskaltzaindiak.

Hitzarmen horren arabera, Euskaltzaindiaren eginkizunik nagusiena izango da toponimia bildu, finkatu, arautu eta normalizatzeari buruzko aholkuak eta irizpenak eskaintzea. Era berean, Akademiari dagozkio ikerketaren zuzendaritza eta aholkularitza zereginak.

Azken argitalpenak

Arauak

Euskaltzaindiaren arauen harpidedunei helarazi berri zaizkie postaz 36. eta 148. arauak. Hauek dira arau horiek:

  • 36. Frantziako Errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak.
  • 148. Hiztegi Batua: e - ezuste

Euskaltzaindiak 1994ko urriaren 28tik hasita onartu dituen hizkuntza-arau guztiak Euskaltzaindiaren Arauak izeneko bilduman biltzen dira. Ordutik hona 148 arau dira guztira eta lau karpetatan jasota daude. Arau horiek paperean jaso nahi izanez gero, harpidetza bidez banatzen dira, baina internet bidez ere kontsulta daitezke www.euskaltzaindia.net helbidean.

Bizkaiko Herri Izendegia (Separata)

Kaleratu berri da Bizkaiko herri izendegia biltzen duen separata. Euskaltzaindiaren Euskera, 2005, 2 zenbakiaren separata da. Liburuxka horretan, Bizkaiko herri izenez gain, hau eskaintzen da: Onomastika batzordearen aurkezpena, Jose Luis Lizundia batzordekidearen azalpen-txostena Bizkaiko eskualdeen izenez eta Euskaltzaindiak Sopela eta Bilbo izenei buruz emandako irizpenak.

Bizkaiko herri izendegia Euskaltzaindiaren 145. araua da, eta harpidedunei postaz bidali zitzaien bere egunean eta Euskaltzaindiaren web gunean dago, www.euskaltzaindia.net helbidean.

Datozen ekitaldiak

Barrenengoa eta Barandiaran gogoan

2007ko urtarrilaren 26an egingo du Euskaltzaindiak hurrengo osoko batzarra, Bilbon, goizez. Arratsaldean ageriko bilkura egingo da:


  • Federico Barrenengoaren hilberri-txostena Henrike Knörr euskaltzain osoak irakurriko du.

    Federico Barrenengoa (Amurrio, 1916-10-18 / 2005-12-30). Irakasle eta Filosofia ikasketak egin zituen. Toponimian eta Onomastikan aditua. Ikerketa-lan asko egin zuen, Aiarako toponimiaz bereziki. 2004ko azaroaren 26an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.


  • Gaizka Barandiaren hilberri-txostena, aldiz, Jose Mari Velez de Mendizabal euskaltzain urgazleak irakurriko du. Gaizka Barandiaran (Oñati, 1916-3-3 / Loiola, 2006-7-20). Filosofia eta Letretan eta Teologian lizentziatua zen. Dantza irakasle, etnologo, euskaltzale eta jesuita izan zen Barandiaran. Euskaltzain urgazlea zen, 1961eko abuztuaren 25ean izendatua.

Bisitatu gaituzte

Iñaki Lasa ipuin kontalariak hiru emanaldi eskaini zituen, Bilbo Zaharra euskaltegiaren eskutik (2006-X-19)