Plazaberri

2007ko otsaila - 10. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ANDONI SAGARNAREKIN SOLASEAN EUSKERA AGERKARIAREN BILAKETA TRESNA NAFARROAKO BATZORDE TEKNIKOA
Hitzarmenak
EUSKAL IRRATI TELEBISTA
Azken argitalpenak
EUSKERA, 2006, 1
Datozen ekitaldiak
BARRENENGOA, BARANDIARAN ETA "KAMIÑAZPI" GOGOAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Interneten dagoen Hiztegi Batua eguneratu egin da B, C eta D letrei dagokienez, Euskaltzaindiak onarturiko oharrak txertatu baitira letra horietan.

Euskaltzaindiak, bestalde, otsailaren 2an, Donostian egin zuen osoko batzarrean, hizkuntza gai hauek izan zituen esku artean: batetik, Onomastika arloan, Nafarroako Izendegiko 1. zerrenda aurkeztu zen (Iruñeko merindadeko iparraldea) eta, bestetik, Hiztegi Batuaren bigarren itzulian, E letrako zerrenda osatzen jarraitu zen, oharrak egin zaizkien hitzak eztabaidatuz eta onartuz.

Berriak

Andoni Sagarnarekin solasean

2006ko abenduaren 22tik, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain osoa da. Donostian jaioa, 1947. urtean, goi-mailako industri ingeniaria da eta Letretan doktorea.

Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria da eta Euskara Zientifikoa irakasten du, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Industrialeko Goi-mailako Eskola Teknikoan.

Andoni Sagarna: "Berriz ere Jalgi hadi plazara esan beharra dugu"

Euskera agerkariaren bilaketa tresna

Euskaltzaindiak badu bere web gunean Bibliotekako Katalogoan bilaketak egiteko programa, baina erakundearen agerkaria den Euskera-k duen garrantziagatik, argitalpen horrentzako berariazko bilaketa tresna informatikoa sortu du.

Aurrerantzean bi eratan egin ahal izango dira bilaketak Euskera agerkarian:

  • Azkue Bibliotekako katalogotik: bilaketa aurreratua, katalogazioaren hedadura guztian (orain arte bezala).
  • Bilaketa tresna berritik: urteka, Euskaltzaindiaren egituraren arabera eta batzar-agiriak.

Nafarroako Batzorde Teknikoa

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 31n, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren Hitzarmeneko Batzorde Teknikoa bildu zen, Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzan. Bi erakundeek elkarrekin aurten egin ditzaketen lan eta egitasmoak aztertzea izan zen bileraren xedea. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Mikel Arregi, Adoración López Jurio eta Juan Jose Zearreta.

Hitzarmenak

Euskal Irrati Telebista

Urtarrilaren 23an, hiru urteko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Andoni Ortuzar Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakundeko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, EiTBren Iurretako egoitzan. Hitzarmen horren bidez, EiTBko hedabideetan euskararen erabilera egokia sustatuko da, euskal gizartean euskara normalizatzeko eta bultzatzeko helburuarekin. Ekitaldian halaber, Jose Luis Lizundia diruzainak eta Julian Beloki EiTB Irratiko zuzendari koordinatzaileak parte hartu zuten.

Azken argitalpenak

Euskera, 2006, 1

Kaleratu berri den Euskera, 2006, 1 liburuan, besteak beste, ondoko gaiak agertzen dira: Plazido Muxika Berrondoren mendeurrena, Andima Ibiñagabeitia, Imanol Berriatua eta Gorgonio Renteria idazleei omenaldia, Frantzisko Ignacio Lardizabalen II. mendeurrena eta Euskaltzaindiaren barne-historiaren bederatzigarren atala.

Bestalde, Onomastika batzordearen irizpenak ere irakur daitezke, baita Akademiaren arauak ere.

Datozen ekitaldiak

Barrenengoa, Barandiaran eta "Kamiñazpi" gogoan

Otsailaren 23an egingo du Euskaltzaindiak Barrenengoa, Barandiaran eta Kamiñazpiren omenezko ageriko bilkura, Bilbon, arratsaldeko 5etan. Bilkura hori urtarrilaren 26rako aurreikusita zegoen, baina Euskaltzaindiak atzeratzea erabaki zuen, eguraldi txarrak Euskal Herriko errepide sarean eragindako arazoak zirela eta.

  • Federico Barrenengoaren hilberri-txostena Henrike Knörr euskaltzain osoak irakurriko du.
    Federico Barrenengoa (Amurrio, 1916-10-18 / 2005-12-30). Irakasle eta Filosofia ikasketak egin zituen. Toponimian eta Onomastikan aditua. Ikerketa-lan asko egin zuen, Aiarako toponimiaz bereziki. 2004ko azaroaren 26an, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.




  • Gaizka Barandiaren hilberri-txostena, aldiz, Jose Mari Velez de Mendizabal euskaltzain urgazleak irakurriko du.
    Gaizka Barandiaran (Oñati, 1916-3-3 / Loiola, 2006-7-20). Filosofia eta Letretan eta Teologian lizentziatua zen. Dantza irakasle, etnologo, euskaltzale eta jesuita izan zen Barandiaran. Euskaltzain urgazlea zen, 1961eko abuztuaren 25ean izendatua.







  • Jose Mari Etxaburu "Kamiñazpi"-ren hilberri-txostena, azkenik, Gorka Aulestia euskaltzain urgazleak irakurriko du.
    Jose Mari Etxaburu (Ondarroa, 1913-9-23 / Hondarribia, 2006-12-28 ). Hogei urte zituela, herriko berriak idazten hasi zen Ekin aldizkarian. Ondarrabiako kondaira idatzi zuen, bai eta bertso berriak ere, eta Auspoan argitara eman. Euskaltzain urgazlea, 1966ko azaroaren 25ean izendatua.

Bisitatu gaituzte

Urtarrilaren 25ean, "Instituto Cultural Rumano"ko ordezkariak Euskaltzaindiko Idazkariarekin.

Roland J.-L. Breton:

À mon ami Txillardegi