Plazaberri

2007ko martxoa - 11. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
AURELIA ARKOTXA EUSKALTZAIN OSO IZATEKO HAUTAGAI ETXEPARE ALDUDEKO MEDIKUA LIBURUA AURKEZTU DA BARRENENGOA, BARANDIARAN ETA "KAMIÑAZPI"REN OMENEZ
Batzordeak lanean
GRAMATIKA BATZORDEA LITERATURA IKERKETA BATZORDEA
Datozen ekitaldiak
JOSE IRAZU "BERNARDO ATXAGA" EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak Nafarroako izendegia onartzeari ekin dio. Orain arteko ohiturari jarraikiz, eskualdeka aurkezten eta onartzen dira lurralde jakin bateko herrien eta herritarren izenak, nahiz eta arau bakar batean argitaratzen diren lurralde osokoak erabakitzen amaitzen denean. Otsailaren 23an, Bilbon egin zen osoko batzarrean, lehen zerrendan, Iruñeko merindadeko iparrraldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

Araitz, araiztar; Arano, aranoar; Areso, aresoar; Baztan, baztandar; Betelu, beteluar; Bera, beratar; Bertizarana, bertizarandar; Donamaria, donamariar; Doneztebe, doneztebar; Elgorriaga, elgorriagar; Eratsun, eratsundar; Etxalar, etxalartar; Ezkurra, ezkurrar; Goizueta, goizuetar; Igantzi, igantziar; Ituren, iturendar; Labaien, labaiendar; Larraun, larraundar; Leitza, leitzar; Lekunberri, lekunberriar; Lesaka, lesakar; Oiz, oiztar; Saldias, saldiastar; Sunbilla, sunbildar; Urroz, urroztar; Urdazubi, urdazubiar; Zubieta, zubietar; Zugarramurdi, zugarramurdiar.

Berriak

Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izateko hautagai

Otsailaren 23an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposatu zen, 25. zenbaki-hutsartea betetzeko.

Jakina denez, abenduaren 22an, Donostian egin zen osoko bilkuran, 25. aulkia betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak, baina orduan aurkeztua izan zen hautagaiak ez zuen gehiengo osoa lortu. Beraz, 25. aulkia hutsik geratu zen eta prozesua berriro martxan jarri.

Esan bezala, hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek:

  • Aurelia Arkotxa. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatua.

Martxoan egingo den osoko bilkuran bozkatuko da.

Bestalde, bilkura berean 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak iragarri ziren. Hortaz, hautagaiak aurkezteko bi hilabeteko epea zabalik dago eta maiatzean beste bi euskaltzain berri izendatzeko bozketak egingo ditu Akademiak.

Etxepare Aldudeko medikua liburua aurkeztu da

Otsailaren 15ean, Etxepare Aldudeko medikua liburua aurkeztu zuten Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Akademiaren egoitzan.

Liburu hau, Kepa Altonaga egileak 2003an irabazi zuen CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziorako sarian oinarrituz egin da. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Kepa Altonaga Biologian doktorea da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasten ditu Euskal Herriko Unibertsitatean.

Jean Etxepare Bidegorri (1877 - 1935) Argentinan jaio zen, Mar Chiquita herrian, eta Kanbon hil zen, 1935ean. Bi liburu argitaratu zituen: Buruxkak (1910) eta Beribilez (1931).

Informazio gehiago

Barrenengoa, Barandiaran eta "Kamiñazpi"ren omenez

Otsailaren 23an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Bilboko egoitzan, azken urtean hil diren ondoko euskaltzainak omentzeko: Federico Barrenengoa, Gaizka Barandiaran eta Jose Maria Etxaburu "Kamiñazpi".

Henrike Knörrek, Jose Mari Velez de Mendizabalek eta Gorka Aulestiak irakurri zituzten omenezko hilberri-txostenak.

Henrike Knörr: Federico Barrenengoa

Jose Mari Velez de Mendizabal: Gaizka Barandiaran

Gorka Aulestia: Jose Mari Etxaburu "Kamiñazpi"

Batzordeak lanean

Gramatika batzordea

Otsailaren 16an Euskaltzaindiak Donostian duen ordezkaritzan egin zuen hileko bilera Gramatika batzordeak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Maria Pilar Lasarte, Alan King, Pello Salaburu, Beñat Oihartzabal, Karmele Rotaetxe, Piarres Charritton, Juan Garzia, Itziar Laka, Jesus Mari Makazaga eta Patxi Goenaga.

Literatura Ikerketa batzordea

Otsailaren 16an Euskaltzaindiak Donostian duen ordezkaritzan egin zuen hileko bilera Literatura Ikerketa batzordeak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jean Haritschelhar, Gorka Aulestia, Jon Casenave, Sebastian Gartzia Trujillo, Patri Urkizu, Ur Apalategi, Iratxe Retolaza, Aurelia Arkotxa, Karlos Otegi,Txomin Peillen eta Ana Toledo.

Datozen ekitaldiak

Jose Irazu "Bernardo Atxaga" euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

- Martxoaren 17an, larunbata, Jose Irazu "Bernardo Atxaga" euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Asteasun (Usarrabi kiroldegian), goizeko 11:30etan, egitarau honen arabera:

  • Iñaki Amenabar alkatearen ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azaldu
  • Jose Irazu "Bernardo Atxaga"ren sarrera-hitzaldia
  • Xabier Kintana euskaltzainaren erantzuna
  • Euskaltzain berriari domina eta diploma ematea

- Martxoaren 30ean egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra, Donostian.

Bisitatu gaituzte

Amazigh hizkuntzako ordezkariak Xabier Kintana idazkariarekin, otsailaren 14an.

Bilbo Zaharra euskaltegiaren eskutik, Jon Maiak Apaizak obeto espedizioaren nondik norakoa azaldu zuen, otsailaren 22an.