Plazaberri

2007ko apirila - 13. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
AURELIA ARKOTXA EUSKALTZAIN OSO EZ DOK AMAIRU ERAKUSKETA ZABALIK IPARRALDEKO ORDEZKARITZA BERRIA BAIONAN EUSKARAREN NAZIOARTEKO KODEA
Datozen ekitaldiak
EUSKALTZAINDIA ETXALARREN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, martxoaren 30ean, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian egin duen batzarrean, hauek erabaki ditu:

  • Onomastika. Nafarroako izendegiaren bigarren zerrendan, Iruñeko merindadeko erdialdeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:
    Altsasu, altsasuar; Antsoain, antsoaindar; Anue, anuetar; Arakil, arakildar; Arbizu, arbizuar; Arruazu, arruazuar; Atetz, ateztar; Bakaiku, bakaikuar; Basaburua (-a), basaburuar; Berriobeiti, berriobeitiar; Berriozar, berriozartar; Ergoiena (-a), ergoiendar; Etxarri Aranatz, etxarriar, etxarriaranaztar; Ezkabarte, ezkabartear; Imotz, imoztar; Irañeta, irañetar; Iturmendi, iturmendiar; Irurtzun, irurtzundar; Lakuntza, lakuntzar; Lantz, lanztar; Odieta, odietar; Olaibar, olaibartar; Olatzagutia, olatzagutiar; (-a); Txulapain, txulapaindar; Uharte Arakil, uhartear, uhartearakildar; Ultzama, ultzamar; Urdiain, urdiaindar; Ziordia (-a), ziordiar.
  • Exonomastika. "Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak". 38. arau gaurkotua.

Berriak

Aurelia Arkotxa euskaltzain oso

Martxoaren 30ean, Euskaltzaindiak Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izendatu zuen. Egun horretan Donostian egin zen osoko bilkuran, 25. aulkia betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak. Arkotxa euskaltzain oso izendatua izan zen, Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren.

Jakina denez, otsailaren 23an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposatu zen, 25. zenbaki-hutsartea betetzeko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatua izan zen.

Informazio gehiago

Ez dok amairu erakusketa zabalik

Martxoaren 28tik apirilaren 27ra bitartean, EZ DOK AMAIRU erakusketa ikusgai izango da Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15 - Bilbo).

Erakusketak EZ DOK AMAIRUren aurrekariak, sorrera, garapena eta amaiera azaltzen ditu. Besteak beste, taldearen inguruko dokumentu idatziek osatzen dute: argazkiek, gutunek, kartelek eta bestek.

Esan bezala, erakusketa martxoaren 28tik apirilaren 27ra egongo da zabalik. Hauxe da ordutegia:

  • Astelehenetik larunbatera: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 20:00

Informazio gehiago

Iparraldeko ordezkaritza berria Baionan

Apirilaren 2an zabaldu zen, Baionako Paul Bert plazan, Gaztelu-Berriaren 1. solairuan, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko egoitza berria. Bertan izan zen Euskaltzaindiaren Zuzendaritza osoa, baita Iparraldeko euskaltzainak ere. Ekitaldian, Jean Grenet Baionako auzapeza mintzatu zen -Baionako Herriko Etxeak atondu du egoitza eta Akademiari eskaini- eta, Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Beñat Oihartzabal buruordea.

Ekitaldiaren amaieran, Jean Haritschelharren irudi pintatua duen koadroa agerian jarri zen, ordezkaritzako gela nagusian. Irudi horren egilea Zoe Bray izan da.

Euskararen nazioarteko kodea

Hizkuntzen nazioarteko kode estandarren zerrendan euskarak hiru laburdura edo kode dituela oharturik, Euskaltzaindiak bere iritzia helarazi dio gai horren ardura duen ISO elkarteari, Zuzendaritzak martxoaren 16an hartu zuen erabakiaren berri emanez. Hor ageri diren kode ezberdinak hizkuntza berari -euskarari- dagozkionez, aurrerantzean kode bakarra -eus- ezar dadin eskatu du Euskaltzaindiak, nahasketarik gerta ez dadin.

Datozen ekitaldiak

Euskaltzaindia Etxalarren

  • Apirilaren 19an eta 20an, Etxalarren egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra.
  • Apirilaren 20an eta 21ean, XV. Barne Jardunaldiak egingo ditu.
  • Apirilaren 21ean, ageriko bilkura egingo du, Etxalarreko Kultura Etxean, egitarau honen arabera:
    • - Etxalarko alkatearen ongietorria.
      - Euskaltzainburuaren agurra.
      - Hitzaldiak:

        - Pello Apezetxea, ohorezko euskaltzaina: "Bi etxalartar Euskaltzaindiaren sorreran: Teodoro Arburua eta Eusebio de Etxalar"
        - Patxi Iñigo, euskaltzain urgazlea: "Bortzirietako hizkeraren zenbait berezitasun gaurko gazteen euskaran".
        - Euskaltzainburuaren amaiera hitzak.

Bisitatu gaituzte

Jexux Artzeren familia Ez dok amairu erakusketa ikustera etorri zen (2007-3-27)