Plazaberri

2007ko maiatza - 14. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ALEMAN ETA LAKARRA EUSKALTZAIN OSO IZATEKO HAUTAGAIAK XV. BARNE JARDUNALDIAK AGERIKO BILKURA ETXALARREN EZ DOK AMAIRU ERAKUSKETAREN AZKEN EGUNAK
Hitzarmenak
NAFARROAKO GOBERNUA
Datozen ekitaldiak
MIKEL ZALBIDE EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, apirilaren 19an, Etxalarren egin duen batzarrean, hauek erabaki ditu:

Onomastika. Nafarroako izendegiaren hirugarren zerrendan, Iruñeko merindadeko hegoaldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu dira.

Adios, adiostar; Añorbe, añorbear; Atarrabia, atarrabiar; Barañain, barañaindar; Beraskoain, beraskoaindar; Beriain, beriaindar; Bidaurreta, bidaurretar; Biurrun-Olkotz, biurrundar-olkoztar; Eneritz, eneriztar; Etxarri, etxarriar, etxarrietxauriar; Etxauri, etxauriar; Galar, galartar; Gares, garestar; Iruñea (-a), iruindar; Itza, itzatar; Legarda, legardar; Muruzabal, muruzabaldar; Obanos, obanostar; Ollaran, Olloibar, ollarandar, olloibartar; Oltza, oltzar; Orkoien, orkoiendar; Tirapu, tirapuar; Ukar, ukartar; Uterga, utergar; Zabaltza, zabaltzar; Ziritza, ziritzar; Zizur, zizurtar; Zizur Nagusia (-a), zizurtar, zizurnagusitar.

Berriak

Aleman eta Lakarra euskaltzain oso izateko hautagaiak

Apirilaren 20an, Etxalarren egin den osoko bilkuran, hautagai hauek proposatu dituzte euskaltzainek.

  • 27. domina-hutsartea betetzeko, Sagrario Aleman Astiz euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek.




  • 28. domina-hutsartea betetzeko, Andoni Lakarra Andrinua euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.

Bozketak maiatzeko osoko batzarrean egingo dira.

XV. Barne Jardunaldiak

Euskaltzaindiak bi urtean behin barne jardunaldiak egin ohi ditu, egindakoaz eta etorkizunaz gogoeta egiteko. Lehen barne jardunaldiak Foruan egin ziren 1979an, eta aurtengoak, XV.ak, Etxalarren, bertako Kultura Etxean, 2007ko apirilaren 20 eta 21ean. Batetik, hiru egitasmo nagusi nola gauzatzen ari diren ikusi da eta, bestetik, egitasmo berriei atea ireki zaie.

Barne jardunaldiak noiz eta zein tokitan egin diren ikusteko, ikus mapa.

Ageriko bilkura Etxalarren

Apirilaren 21ean, Etxalarko Udalarekin batera, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Nafarroako herri horretan, bertako bi euskaltzain urgazleren omenez: Teodoro Arburua eta Eusebio Etxalarkoa. Horrezaz gain, Bortzirietako gazteen hizkera ere hizpide izan da bilkura horretan. Hurrenez hurren, hauek izan dira hizlariak: Pello Apezetxea ohorezko euskaltzaina eta Patxi Iñigo euskaltzain urgazlea.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Pello Apezetxea: Bi etxalartar Euskaltzaindiaren sorreran: Teodoro Arburua eta Eusebio de Etxalar

Patxi Iñigo: Bortzirietako hizkeraren zenbait berezitasun gaurko gazteen euskaran

Ez dok amairu erakusketaren azken egunak

Ez dok amairu erakusketa ostirala arte, apirilaren 27ra arte, egongo da zabalik, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15 - Bilbo).

Erakusketak EZ DOK AMAIRUren aurrekariak, sorrera, garapena eta amaiera azaltzen ditu. Besteak beste, taldearen inguruko dokumentu idatziek osatzen dute: argazkiek, gutunek, kartelek eta bestek.

Hauxe da ordutegia: 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 20:00

Hitzarmenak

Nafarroako Gobernua

Apirilaren 16an sinatu da Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo protokoloa. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta, Foru Gobernuaren izenean, Pedro Pegenaute Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak.

Euskaltzaindiaren izenean, hauek ere izan dira sinatze-ekitaldian: Jose Luis Lizundia diruzaina, Andres Iñigo Nafarroako ordezkaria eta Juanjo Zearreta kudeatzailea. Nafarroako Gobernuaren izenean, aldiz, Julen Calvo Hizkuntzaren Garapen Sailaren burua.

Datozen ekitaldiak

Mikel Zalbide euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

Hileko batzarra

- Maiatzaren 31n, arratsaldean, eta ekainaren 1ean, goizean, egingo du Euskaltzaindiak hileko batzarra, egoitzan.

Mikel Zalbide euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

- Ekainaren 2an, larunbat goizean, Mikel Zalbide Elustondo euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, egitarau honen arabera:

  • Agintarien ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azaldu
  • Mikel Zalbideren sarrera-hitzaldia: "Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan"
  • Henrike Knõrr euskaltzainaren erantzuna
  • Euskaltzain berriari domina eta diploma ematea

Bisitatu gaituzte

OLASO DORREA Fundazioko Jose Luis Elkoro eta Ramon Mendibil jaunak Euskaltzaindiko Zuzendaritza eta Azkue Biblioteka batzordekoekin, egoitzan, apirilaren 23an

Ondoko irudia Olaso Dorrea Sorrerakundeak bere ondasunen artean gordetzen duen liburu batena da: "Viva Iesus" 1660an argitaratutako bizkaierazko kristau ikasbidea.