Plazaberri

2007ko uztaila - 16. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
SAGRARIO ALEMAN: "EUSKARA ONENA HITZ EGITEN DENA DA" BATZORDEKIDEAK ETA ORDEZKARIAK IZENDATZEA SUZUKO TAMURA OHOREZKO EUSKALTZAINA EUSKAL HERRIAN IZAN DA ARGANTZUNEN, ARABA EUSKARAZ FESTAREKIN BAT EGINEZ LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUAK 50 URTE
Ikustekoak
DISCURSOS DE LA ANTIGUEDAD DE LA LENGUA CÁNTABRA BASCONGADA
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, ekainaren 29an Donostian egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

Onomastika. Nafarroako izendegiaren bosgarren zerrendan, Zangozako merindadeko hegoaldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

Aranguren, Arangurendar; Elo, eloar; Erromantzatua (-a), erromantzatuar; Eslaba, eslabar; Esa, esar; Ezporogi, ezporogiar; Galipentzu, galipentzutar; Gazteluberri, gazteluberriar; Ibargoiti, ibargoitiar; Irunberri, irunberriar; Itzagaondoa (-a), itzagaondoar; Kaseda, kasedar; Leatxe, leatxear; Ledea, ledeatar; Lerga, lergar; Longida, longidar; Nabaskoze, nabaskoztar; Noain Elortzibar, noaindar, elortzibartar; Oibar, oibartar; Petilla Aragoi, petillar; Tebas-Muru Artederreta, tebastar, muruartederretar; Untzitibar, untzitibartar; Urraul, urrauldar; Urraulbeiti, urraulbeitiar; Urraulgoiti, urraulgoitiar; Urrotz, urroztar; Xabier, xabiertar; Zangoza, zangozar; Zare, zarear.

Berriak

Sagrario Aleman: "Euskara onena hitz egiten dena da"

Ekainaren 1ean Sagrario Aleman euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak, Joseba Lakarrarekin batera.

Sagrario Aleman Etxalekun (Nafarroa) jaio zen, 1952an. Farmazian lizentziatua da. 1972an, helduen euskalduntzean lanean hasi zen eta 1982tik Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria da.

"Nafarroan, euskara prestigiatzeko erakunde aproposa da Euskaltzaindia"

Batzordekideak eta ordezkariak izendatzea

Euskaltzaindiak bi urterik behin izendatzen ditu arlo ezberdinetako batzordeak eta batzordekideak, Barne Jardunaldien barruan. Apirilaren 20 eta 21ean Exalarren egin zituen Euskaltzaindiak bere XV. Barne Jardunaldiak eta, horien jarraipen moduan, maiatzaren 31ko batzarrean onartu zuen Iker eta Jagon Sailetako batzorde-organigrama eta, ekainaren 29an, aldiz, egiturazko batzordeena.

Batzordeez gain, lantaldeak eta egitasmoak ageri dira, arlo bakoitzaren berezitasunari egokien zaion izaera emanez. Izendapenak bi urterako dira, 2007 eta 2008rako.

Batzorde-organigrama ikusteko hemen sakatu

Euskaltzaindiak, ordezkariei dagokienez, izendapen hauek egin zituen ekainaren 29ko batzarrean, Donostian:

  • Gipuzkoako ordezkaria: Ana Toledo
  • Arabako ordezkaria: Henrike Knõrr
    ordezkariordea: Manuel Ruiz Urrestarazu
  • Nafarroako ordezkaria: Andres Iñigo
  • Iparraldeko ordezkaria: Beñat Oihartzabal
    Baionako bulegoaren arduraduna: Pierre Charritton

Suzuko Tamura ohorezko euskaltzaina Euskal Herrian izan da

Sei urte igaro ostean, Suzuko Tamura Euskal Herrira itzuli da. Tokioko hizkuntzalari eta euskaltzain ohorezkoa gure artean ibili da azken egunotan eta euskaltzainak agurtzeko ere aprobetxatu du. Ekainaren 29an Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko batzarraren bukaeran euskaltzainak agurtu zituen.

Informazio gehiago

Argantzunen, Araba Euskaraz festarekin bat eginez

Ekainaren 17an, Araba Euskaraz festa ospatu zen Argantzunen. Hori dela eta, ospakizun horrekin bat egiteko asmoz, Euskaltzaindia Argantzunen izan zen ekainaren 15ean, bi batzorde hor biduz. Bestalde, eguerdian, 2007ko Araba Euskaraz antolatu zuen Argantzun Ikastola bisitatu zuten euskaltzainek.

Argazkian Euskaltzaindiko ordezkariak ageri dira, alkatearekin, ikastolako zuzendariarekin eta irakasle batekin.





  • Onomastika batzordea
  • Ekainaren 15ean, goizetik eguerdira arte bildu zen Onomastika batzordea Argantzungo Udaletxean. Gai hauek izan zituen esku artean:

    • Batzordekide berrien aurkezpena
    • Nafarroako izendegiko seigarren zerrenda finkatu zen eta zazpigarrena banatu eta aztertu.
    • Arabako herri izendegiaren hitzaurrea burutu zen.
    • Zenbait deitura eta toponimo txiki aztertu ziren.
    • Azkenik, Roberto Gonzalez de Viñaspre batzordekideak Argantzun herriari buruzko lana irakurri zuen.
  • Sustapen batzordea
  • Eguerdian Argantzungo Ikastolan izan ondoren, ekainaren 15ean, arratsaldean, egin zuen bilera Sustapen batzordeak, Argantzungo Udaletxean. Hona hemen gai nagusiak:

    • Batzordekide berrien aurkezpena
    • Itzultzeko interesgarriak izan litezkeen testuak
    • Hitzen zerrenda
    • XI. Jagon Jardunaldien prestaketa

Leturiaren egunkari ezkutua-k 50 urte

Aurten dira 50 urte Jose Luis Alvarez Enparanza "Txilladegi"k Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zuela, eta Literatura Ikerketa batzordeak hitzaldi-sorta prestatu du.

Hitzaldi horien emankizuna Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean txertatu da, biltzar moduan, eta uztailaren 16, 17 eta 18an izango da Donostian, Miramar Jauregian.

Egitaraua ikusteko hemen sakatu

Ikustekoak

Discursos de la antiguedad de la lengua cántabra bascongada

Balthasar de Echaverena. Euskararen apologisten lanik adierazgarrienetakoa, Mexikon inprimatua, 1607an, euskaldunen noblezia eta jatortasuna inperioaren bazter guztietan ezagutua eta aitortua izan zedin. Bigarren karlistaldia baino apur bat lehenago berrargitaratua, gerratearen erdian berriz ere publikatua, eta handik ehun urtera hirugarrenez kaleratua.

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Bilbon

Uztailaren 20an egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra egoitzan, Bilbon.

Bisitatu gaituzte

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko burua eta Jesus Murua, elkarte bereko koordinatzailea, ekainaren 21ean.

Europako Musika Egunean, ekainaren 21ean, Bilboko Koral Elkartea.