Plazaberri

2007ko uztailaren 13an

Azken ordukoak
Berriak
LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUAK 50 URTE
Uztailak 16
09,15-09,30:   Ana Toledo 09,30-10,45:   Ur Apalategi eta Jon Kortazar 11,15-12,30:   Jabi Rojo 12,30-13,45:   Jabi Cillero

Berriak

Leturiaren egunkari ezkutua-k 50 urte

Aurten dira 50 urte Jose Luis Alvarez Enparanza "Txillardegi"k Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zuela. Hori dela eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikeketa batzordeak hitzaldi-sorta prestatu du. Hitzaldiak Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean egingo dira, uztailaren 16, 17 eta 18an, Donostiako Miramar Jauregian.

Jakina denez, Euskaltzaindiak argitaratu zuen lan hori, euskal literaturan aro berri bat zabaldu zuena. Liburuaren hitzaurrean, hauxe idatzi zuen Koldo Mitxelenak: "Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aintzindari gisa agertzen zaizkit".

Aipatu biltzarrean, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak, euskal eleberrigintzaren bilakaeran Leturiaren egunkari ezkutua-k ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartuko ditu hausnarketa kritikoa egiteko helburutzat, haren zenbait alderdi jakin aztertzearekin batera.

1937-1957 arteko eleberrigintzari erreparatuz gero, eleberri kostunbristaren ikusmoldeak erasanik gabe iraun balu bezala ikusarazi dute euskal literaturaren historiagile eta kritikoek. Halere, ikerketa berriek iradokitako zenbait zantzuk abardura interesgarriak egin dizkiote eskema orokor horri. Horregatik, hogei urte horietan argitaraturiko narratibari xehekiago erreparatu nahi zaio lehen helburu gisa, hartara zehaztasunez balioztatzeko Txillardegiren liburuaren ekarpena.

Bestalde, 50 urteko aldeaz begiratuta, Leturiaren egunkari ezkutuaren inguruko irakurketa kritikoak plazaratuko dira ikastaroan zehar. Alde batetik, liburuak garaikideen artean izandako harrera ideologikoa eta literarioa aztertuko da eta gaur egun duen irakurketarekin alderatu. Gisa berean, liburuaren zenbait alderdi hartuko dira aintzat perspektiba kritiko ezberdinetatik, hala nola liburuko emakume eta gizonaren irudia, erlijio krisiaren ikuspegia, narrazio moldea...

Biltzarraren izenburua hauxe da: "Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena. XX mendeko euskal narratibaren testuinguruan". Lourdes Otaegi Imaz Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordearen idazkaria da zuzendaria.



  • Egitaraua
  • 2007ko uztailaren 16a: Leturiaren aurreko euskal eleberrigintza (1945-1957)

    • 9,15-9,30: Sarrera eta aurkezpena: Literatura Ikerketa Batzordeak antolaturiko jardunaldion arrazoiketa.
      Ana Toledo Lezeta (Euskaltzain osoa, Literatura Ikerketa batzordekidea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea).
    • 9,30-10,45: Guda ondoko lehen eleberrietako bi: Antton, J. P. Iratxet (1946) eta Ekaitzpean. J. Izagirre (1948).
      Ur Apalategi Idirin (Euskaltzain urgazlea, Literatura Ikerketa batzordekidea eta Paue-ko UPPAko irakaslea; eta, Jon Kortazar, Euskaltzain urgazlea, Literatura Ikerketa batzordekidea eta EHUko irakaslea).
    • 11,15-12,30: Jon Etxaideren eleberri historikoak: Alos-torrea (1950) eta Joanak Joan (1955).
      Jabi Rojo (EHUko irakaslea).
    • 12,30-13,45: Amabost egun Urgainen (1955) eta eleberrigintza poliziakoaren hastapenak.
      Jabi Cillero (Basques Studies Institute. Reno).