Plazaberri

2007ko uztailaren 16an

Azken ordukoak
Berriak
LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA. TESTUINGURUA ETA ERAGINAK
Uztailak 17
09,15-10,30:   Jon Casenave 10,30-11,00:   Atsedenaldia 11,00-12,15:   Iñaki Aldekoa Beitia 12,15-13,30:   Patri Urkizu

Berriak

Leturiaren egunkari ezkutua. Testuingurua eta eraginak

Leturiaren egunkari ezkutua-n (Euskaltzaindia, 1957) eleberriak ezezagun batek Leturia izeneko gizon gazte baten egunkari pribatuaren berri ematen du. Leturiak Mirenekin izandako maitasun harremanaren ingurukoak jasotzen ditu bere egunkari ezkutuan. Historiaren amaiera ezin dramatikoagoa da: Miren gaitz batek jota hiltzen da eta Leturiak, agi denez, bere buruaz beste egin du. Pertsonaiak absolutura iristeko bidea sumatu nahi du maitasunean baina egarri hori ez dio asetzen maitasunak eta, M. J. Olaziregik dioenaren arabera, «hautatu beharrak gizakiarengan sortzen duen larridura existentziala» pairatzen du.

Euskal eleberrigintzako lehen heroi gatazkatsuaren aurrean gaude, K. Otegi-ren arabera. (Pertsonaia euskal nobelagintzan, 1976), Leturiak giza existentziaren zentzurik eza islatzen du bere egunkarian, baita gogoeta egin ere existentzialismoaren gai nagusien inguruan: bakardadea, heriotza, hautatu beharra, baina baita Jainkoaren existentziaren inguruan ere, Leturiak ukatzen ez duen existentziaz hain zuzen. Unamunoren aipamenak joera existentzialista ez ateoaren aurrean gaudela iradokitzen digu» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, 2002).

Leturiaren ezaugarri narratibo, ideologiko eta filosofikoek benetako zarrasta eragin zuten euskal literatur sortzaile eta irakurleen artean. Euskal narratibaren historiagile, kritiko eta azterlari guztiek kokatu dute Txillardegiren obra honetan euskal narratiba modernoaren hastapena. Gai horri helduko dio bada, lehenik, Jon Casenaveren hitzaldiak, hots, ea zer-nolako haustura eragin zuen Leturiak gerra ondoko euskal narratiban eta zenbaterainoko berrikuntza eragin zuen, euskal nobelagintza garaikide zituen testu existentzialistekin nahiz literatur tradizio unibertsalarekin harremanetan jarriz.

Bigarrenik, Iñaki Aldekoak Leturiaren egunkari ezkutuaren gaur egungo irakurketa egingo du, berrogeita hamar urteko perspektiban begiratuta, zein alderdik hartzen duten erliebea eta beste zein, aldiz, orduko hartan zarrastagarri eta biziki eragileak izanik ere, ez diren areago operatiboak edota erakargarriak gaur egungo irakurleentzat, baina bai literatur kritikarentzat, ikerketarentzat eta historialarientzat.

Azkenik, Patri Urkizu liburuak garaiko testuinguru sozial, ideologiko, politiko eta literarioan izandako harreraz mintzatuko da. Euskal gizarte kontserbadorean eragin zituen kritikak eta arbuioak (Orixe, Bastarrika, Villasante) eta, era berean, euskal munduan garaiko pertsonalitate nagusi zenbaitek eskaini zioten arreta handia izango ditu mintzagai. Horien artean bereziki azpimarragarri dira Andima Ibiñagabeitiak Euzko Gogoan eta Koldo Mitxelenak Eganen eskaini zizkioten iruzkin kritiko laudatzaileak eta Euskaltzaindiak liburua argitaratu zuenean idatzi zion hitzaurre interesgarria.

Biltzarraren lehen eguna. Informazio gehiago





  • Egitaraua
  • 2007ko uztailaren 17a: Leturiaren egunkari ezkutua (1957). Testuingurua eta eraginak

    • 9,15-10,30: Leturiaren egunkari ezkutua: haustura bat gerra ondoko euskal narratiban?
      Jon Casenave (Euskaltzain urgazlea, Literatura Ikerketa batzordekidea eta Bordele-3 Unibertsitateko irakaslea).
    • 10,30-11,00: Atsedenaldia
    • 11,00-12,15: Leturiaren egunkari ezkutua-ren irakurketa gaur egungo ikuspegitik.
      Iñaki Aldekoa Beitia (Literatura Ikerketa batzordekidea eta EHUko irakaslea).
    • 12,15-13,30: Liburuaren harrera garaikideen artean
      Patri Urkizu (Euskaltzain urgazlea, Literatura Ikerketa batzordekidea eta UNEDeko irakaslea).