Plazaberri

2007ko iraila - 21. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALTZAINDIA VIANAN
Irailak 21
10:00:   Onomastika batzordearen bilera 13:30:   Euskaltzainen bisita Erentzun ikastolara 16:00   Sustapen batzordearen bilera 18:30:   Ageriko bilkura: Recuperación del Euskera en Navarra liburuaren aurkezpena

Berriak

Euskaltzaindia Vianan

Antolatzaileengandik jasotako gonbitari erantzunez, aurten ere Nafarroa Oinez festarekin bat egingo du Euskaltzaindiak. Irailaren 21ean, Vianan hainbat ekitaldi egingo ditu Akademiak: batetik, Onomastika eta Sustapen batzordeak bilduko dira; bestetik, Vianako Erentzun ikastola bisitatuko dute Onomastika eta Sustapen batzordeetako kideek.





Azkenik, ageriko bilkura egingo da, Vianako Kultura Etxean, eta Recuperación del Euskera en Navarra liburua aurkeztuko.

Egitarau osoa





Recuperación del euskera en Navarra liburuaren aurkezpena

Miquel Gros i Lladósek idatzi du Recuperación del Euskera en Navarra izeneko liburua eta Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 4. liburua da. Euskararen soziologiaren ikerketa eta saiakera hartzen dituen Jagon bilduma eraberritu du Euskaltzaindiak.

Miquel Grosek berak azaldu bezala, Recuperación del Euskera en Navarra liburuak xede bi ditu: batetik, Nafarroako Foru Erkidego osoan euskararen erretratua egitea eta, bestetik, euskal hizkuntzaren etorkizunari buruz hausnartzea.

Liburuan, nafarrek udal erroldetan (1986tik 2001era) euskararen ezagueraz ematen dituzten erantzunak aztertzen dira. Metodologia zehatza da: errolda horiek udalez udal eta banan-banan aztertu ditu Grosek; hortaz, Nafarroako biztanle guztien datuak -ehuneko ehunenak- jaso eta aztertu ditu. Emaitzak eskualdeka, azpi-eskualdeka eta udalez udal aurkeztu ditu, bai eta Nafarroa osokoak ere.

Oro har, Recuperación del euskera en Navarra liburuak egoera berri eta itxaropentsu baten aitzinean gaudela baieztatzen du. Liburuarekin, Nafarroan euskararen alde lan egin/egiten duten guztiak omendu nahi ditu Grosek. Bestalde, Nafarroako euskararen etorkizunari buruzko zentzuzko eztabaida proposatu nahi du egileak.





Miquel Gros i Lladós katalana da eta gaztaroan Iruñean bizi izan zen 10 urtez. Abokatua da lanbidez, baina benetako bokazioa soziolinguistika du. Hizkuntza gutxituak ditu kezka nagusi eta urteak dira Nafarroako euskararen egoera ikasten hasi zenetik, "ikuspuntu diakroniko zein soziologikotik abiatuta".