Plazaberri

2007ko urria - 24. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ANDONI SAGARNA EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA e-AEB: ARAU-ERABAKIEN BANAKETA ELEKTRONIKOA JESUS ATXA OHOREZKO EUSKALTZAINA HIL DA MENDAUR BILDUMAREN LIBURU BERRIAK AURKEZTU TORREALDAI ETA OÑEDERRA EUSKALTZAIN OSO IZATEKO HAUTAGAIAK
Literatur Sariak
R. M. AZKUE SARIAK
Ikustekoak
GUERO, 1643KO EDIZIOA
Datozen ekitaldiak
XI. JAGON JARDUNALDIAK

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, urriaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundian egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

Onomastika. Nafarroako izendegiaren zortzigarren zerrendan, Lizarrako merindadeko hego-mendebaldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

  • Aguilar Kodes, aguilartar; Allo, alloar; Andosilla, andosillar; Aras, arastar; Armañantzas, armañantzastar; Azagra, azagrar; Azuelo, azueloar; Bargota, bargotar; Cabredo, cabredoar; Cárcar, carcartar; Desoio, desoioar; El Busto, elbustoar; Elizagorria (-a), elizagorriar; Esprontzeda, esprontzedar; Genevilla, genevillar; Lapoblación, lapoblaciondar; Lerin, lerindar; Lodosa, lodosar; Los Arcos, losarcostar; Marañón, marañondar; Mendabia, mendabiar; San Adrián, sanadriandar; Santsol, santsoldar; Sartaguda, sartagudar; Sesma, sesmar; Torralba del Río, torralbar; Torres del Río, torrestar; Viana, vianar.

Berriak

Andoni Sagarna euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

Urriaren 26an egin zen Andoni Sagarna Izagirre euskaltzainaren sarrera ekitaldia, Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta 26. zenbakia duen domina eman zizkion.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra

Andoni Sagarna: Euskara eta Informazioaren Teknologiak. Egungo egoeratik etorkizunera begira

Jean-Louis Davant: Aizkolariak eta zizelkariak

Argazkiak

Sarrera-hitzaldiaren BIDEOA ikusteko egin klik hemen. Bideo hori 2007ko azaroaren amaiera arte ikusi ahal izango da.
Oharra: Bideoa ikusteko Real Player erreproduzigailua instalatu behar duzu aurretik

e-AEB: Arau-erabakien banaketa elektronikoa

Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri du: arau-erabakien banaketa elektronikoa.

Aurrerantzean, Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izango da.

Erabiltzaile aurreratuentzat, zerrenden euskarri diren XML fitxategiak ere erabilgarri jarri dira.

Doako harpidetza sistema ere estreinatzen da. Harpidetuz gero, arau berriak kaleratu bezain laster jakinaraziko zaie harpidedunei.

Ikus hemen zerbitzu berri honen azalpen zehatza, bideoan.

Jesus Atxa ohorezko euskaltzaina hil da

Urriaren 23an, Jesus Atxa Agirre ohorezko euskaltzaina hil zen, Iruñean, 87 urte zituela.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izan zen.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran ere parte hartu zuen.

Euskaltzaindiak 1998ko apirilaren 24an ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

Informazio gehiago

Mendaur argitalpen bildumaren liburu berriak aurkeztu

Urriaren 24an, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, Mendaur bildumaren 3. eta 4. liburukiak aurkeztu ziren: Luzaideko Euskararen Hiztegia, Peio Kamino Kaminondok eta Patxi Salaberri Zaratiegik prestatua, eta Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia, Orreaga Ibarra Murillok paratua. Ekitaldian hiru egileak izan ziren, baita Carlos Pérez-Nievas Hezkuntza Kontseilaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere.

Bilduma hau Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sortu dute, bi erakundeen arteko hitzarmenaren eraginez. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan zuenez, "Euskaltzaindiaren aldetik, erran beharrik ez dago, bi lan hauek -iaz aurkeztutako biak bezalaxe- Akademiaren Corpusa aberasteko hagitz baliagarriak izanen direla, horrelako lanak bide egokia baitira, bertzeak bertze, hiztegi eta esapideen arloan batik bat, euskalkietan aurkitzen den altxor sakon eta zabala euskara batuaren osagarri eta aberasgarri txertatu ahal izateko".

Torrealdai eta Oñederra euskaltzain oso izateko hautagaiak

Urriaren 26an, Donostian egin den osoko bilkuran, hautagai hauek proposatu dituzte euskaltzainek.

  • 29. domina-hutsartea betetzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek.






  • 30. domina-hutsartea betetzeko, Lourdes Oñederra euskaltzain urgazlea aurkeztu dute Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu euskaltzain osoek.

Bozketak azaroko osoko batzarrean egingo dira.

Literatur Sariak

R. M. Azkue sariak

Narrazioak eta olerkiak liburua kalean da. 2006ko Azkue sariak irabazitako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu horretan.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero ere liburua argitaratzen dute. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturgintzara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi.

Bestalde, sarien edizio berria -2007koa- abian da.

Jakina denez, sariek bi lan mota onartzen dituzte euren baitan, narrazioa eta olerkia. Adinari begira, bi maila dira: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 17 urte bitartekoentzat.

Lanak aurkezteko epea, 2007ko abenduaren 16an amaituko da. Helbide honetara bidali beharko dira: BBK Kultur Gela. Elkano, 20. 48008 Bilbo.

Ikustekoak

Guero, 1643ko edizioa

Euskal liburu enblematikoenetakoa. Berriki, Patxi Salaberri Muñoak Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean egindako komunikazio ederra dela-eta, berriz ere aipatu da edizio kritiko berri baten beharra, edo, hura hurbil ez omen baita ikusten, Villasanteren edizio klasikoa berrargitaratu beharra. Irudiko alea Olaso Dorrea Sorrerakundearen jabetzapekoa da.

Guero: bi partetan partitua eta berecia, lehenbicicoan emaitenda, aditcera, cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, eguitecoen gueroco utzteac, bigarrenean quidatcenda, eta aitcinatcen, luçamenduac utciric, bera hala, bere eguin bideari, lothu nahi çaicana / escritura saindutic, eliçaco doctor etaric eta liburu debocinozco etaric Axular Saraco errotorac vildua. -- Bordelen : G. Milanges ... imprimaçaillea baithan, 1643.

Datozen ekitaldiak

XI. Jagon Jardunaldiak

- Azaroaren 23an, ostirala, XI. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, goizez eta arratsaldez, Bilbon, Sustapen batzordearen eskutik.

- Azaroaren 30ean, goizeko 10:00etan, egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra, egoitzan.

Bisitatu gaituzte

AEKk, Plazaguneak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Mintzapraktika egitasmo bateratua aurkeztu zuten, 2007-X-16an.

Zurgai aldizkariak mahai-ingurua antolatu zuen, literatura eta minorien hizkuntzez, 2007-X-19an.