Plazaberri

2007ko azaroa - 25. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
e-AEB: ARAU-ERABAKIEN BANAKETA ELEKTRONIKOA

Berriak

e-AEB: Arau-erabakien banaketa elektronikoa

Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri du. Sistema horren izena e-AEB da, hots, arau-erabakien banaketa elektronikoa. e-AEB sistemaren bitartez, Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izango da. e-AEB zerbitzua Euskaltzaindiaren webgunean dago: www.euskaltzaindia.net

Ikus dezagun zehatzago zer eskaintzen digun sistema berriak:

Zerbitzu berria, aukera berriak

Non dago berrikuntza? Orain arte, Euskaltzaindiak arau-erabaki guztiak zabaldu egin ditu eta gizartea jakinaren gainean jarri. Orain, edukia ez, baizik eskuratzeko era aldatzen da, arau guztiak oso-osorik jaisteko moduan jarri baitira. Arau, irizpen eta antzeko dokumentu solteetan sakabanatutako erabakiak zerrendetan bildu dira.

XML fitxategiak erabilgarri. Zertarako?

Erabiltzaile aurreratuentzat, zerrenden euskarri diren XML fitxategiak ere erabilgarri jarri dira. Izendegiak testu egituratuak dira, horregatik zerrenda hutsen atzean dagoen egitura hori sistema informatikoen bidez erabiltzea oso baliagarria da hizkuntza teknologietan.

Instalazio berezirik behar da?

Zerbitzu hau erabiltzeko web nabigatzailea eta PDF irakurgailua aurretik instalatuak izatea besterik ez da behar.

Informazio berriturik eskainiko du e-AEB sistemak?

Berritua eta erabat eguneratua. Arau bati edota izendegi bati eduki berriak gehitzen zaizkion unean, bertsio berria kaleratuko da, alegia, testu zaharrari eduki berriak erantsiko zaizkio eta arau-erabakiaren testua guztiz eguneratua izango da. Arau baten bertsio bakarra izango da, eta hori beti izango da azken-azkena.

Zer informazio emango zaie harpidedunei?

Arau maila duen erabaki bat onartzen denean, posta elektronikoz harpidedun guztiei horren berri emango zaie, eta arau berria edota e-AEBren artxibo berria jaitsi ahal izango dituzte esteka batean klik eginda. Harpidedun egiteko bidea e-AEB zerbitzuan bertan ematen da.

RSS sistema erabiltzeko asmorik badago?

Posta elektroniko bidezko harpidetza sistema askoz eraginkorragoa dela uste da. Eta, beraz, oraingoz baztertu egin da RSS sistema.

Lizentzia mugarik bai?

Euskaltzaindiaren arau eta erabaki guztiak Euskaltzaindiak sortuak dira, eta beraz, Akademiak du horien jabegoa. e-AEB sistema berriaren ondorioz, -orain arte ez bezala- Euskaltzaindiak eskubide batzuk eman egiten dizkio gizarteari. Asmo komertzialetara bideratzen ez den bitartean, edozein gauza egin daiteke: arauak kopiatu, zabaldu, erabili bestelako lanak egiteko..., beti ere Creative Commons lizentziapean. Edozein modutan, lizentziari buruzko informazio osoa e-AEB sistema barruan ematen da.

Helburu komertzialik balego?

Euskaltzaindia zabalik dago lankidetzarako. Arlo honetan interesik izanez gero, info@euskaltzaindia.net helbidera idatzi besterik ez dago.

Ikus hemen zerbitzu berri honen azalpen zehatza, bideoan.