Plazaberri

2007ko abendua - 28. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
JOAN MARI TORREALDAI ETA LOURDES OÑEDERRA EUSKALTZAIN OSO BARTZELONAKO III. LIBURUAREN ERAKUSKETAN DOHAINTZA AZKAINEKO HERRIKO ESKOLARI TXOMIN PEILLEN EUSKALTZAIN EMERITU
Ikustekoak
BETOLATZAREN KATIXIMA (1596)
Datozen ekitaldiak
AGERIKO BILKURA SENPEREN, "ZALDUBI"REN OMENEZ

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, azaroaren 30ean, Bilbon egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

- Onomastika. Nafarroako izendegiaren bederatzigarren zerrendan, Erriberriko merindadeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

Artaxoa, artaxoar; Azkoien, azkoiendar; Barasoain, barasoaindar; Beire, beiretar; Berbintzana, berbintzandar; Caparroso, caparrosoar; Erriberri; erribarritar; Faltzes, faltzestar; Funes, funestar; Garinoain, garinoaindar; Larraga, larragar; Leotz, leoztar; Martzilla, martzillar; Mendigorria (-a), mendigorriar; Milagro, milagroar; Miranda Arga, mirandar; Murillo el Cuende, murilloar; Murillo el Fruto, murilloar; Oloritz, oloriztar; Orisoain, orisoaindar; Pitillas, pitillastar; Puiu, puiuar; San Martin Unx, sanmartindar; Santakara, santakarar; Tafalla; tafallar; Untzue, untzuetar; Uxue, uxuetar.

- Exonomastika. "Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak". Espainiako edo Frantziako estatuetako gaur egungo banaketa administratiboaren parte diren autonomia-erkidegoak, eskualdeak, probintziak eta departamenduak arautuak ditu dagoeneko Euskaltzaindiak 32. arauan (Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak) eta 36. arauan (Frantziako Errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak).

Hala ere, izaera administratiborik ez badute ere, badira beste eskualde ezagun ugari Espainian eta Frantzian, eta maiz agertzen dira komunikabideetan, merkataritzan, nekazaritzan, gastronomian, sormarketan, turismo-idazkietan edota eskola-materialetan. Euskarazko testuetan eskualde horiek nola idatzi zalantza izaten da batzuetan, eta zalantza horiek argitzeko eta irizpideak emateko onartu du Euskaltzaindiak arau hau.

151. araua: Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak

Berriak

Joan Mari Torreldai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso

Azaroaren 30ean, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izendatu zituen Euskaltzaindiak, Bilbon egin zen osoko bilkuran. Jakina denez, urriaren 26an, Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain urgazleak proposatu ziren, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko.

  • Joan Mari Torrealdai Nabea, euskaltzain oso hauek aurkeztua: Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia.

Informazio gehiago





  • Lourdes Oñederra Olaizola, euskaltzain oso hauek aurkeztua: Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu.

Informazio gehiago

Bartzelonako III. Liburuaren Erakusketan

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Consello da Cultura Galega erakustoki berean izan dira, azaroaren 21ean hasi eta 26ra arte egin den Bartzelonako "III. Liburuaren Erakusketa"n. Erakusketa hori irakurle eta erosleei dago zuzendua, eta saltzaile eta erosleen arteko harremana sendotzea du helburu.

Euskaltzaindiak 80 inguru argitalpen erakutsi ditu Bartzelonan, horien artean gramatika, toponimia, hiztegigintza, hizkuntza arauak eta literatura liburuak daudela. Horrekin batera, Euskaltzaindiaren webgunea ere izan da erakusgai. Ricardo Badiola Euskaltzaindiko argitalpen eragilea eta Jon Artza argitalpen banaketako arduraduna izan dira bertan.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jon Artza, Joan Martí i Castell eta Ricardo Badiola. Joan Martí Institut d' Estudis Catalans-eko Secció Filològicaren burua da.

Dohaintza Azkaineko herriko eskolari

Azaroaren 26an, Euskaltzaindiak Azkaineko herriko eskolari liburu batzuen dohaintza egin zion. Izan ere, maiatzean izan zen uholdearen ondorioz, eskola horretan zeuden liburu guztiak galdu ziren.

Argazkian: Jean-Louis Laduche Azkaineko alkatea, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia, Beñat Oihartzabal euskaltzainburuordea, Annie Etxeberri Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaritzaren langilea, Maritxu Arizkorreta eskolako zuzendaria eta Jean-Pierre Ibarboure alkateordea.

Txomin Peillen euskaltzain emeritu

Azaroaren 30ean, Bilbon egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Txomin Peillen. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Txomin Peillen Parisen sortu zen, 1932ko azaroaren 17an. Biologian lizentziatua da, bai eta Letra eta Euskal Ikasketen doktorea ere. Idazle. Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko irakasle izana da eta gaur egun jubilatua dago. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 1988ko apirilaren 29an.

Datorren urtean finkatuko da Txomin Peillen emeritu izatearen ondorioz, 31. domina-hutsartea betetzeko egutegia.

Ikustekoak

Betolatzaren Katixima (1596)

Ezagutzen dugun lehen testu elebiduna da, hots, testu bera bi zutabetan.

Doctrina christiana: en romance y basquence / hecha por mandado de D. Pedro Màso, Obispo de Calahorra, y la Calçada, y del Consejo del Rey nuestro señor, para las tierras Bascongadas de su Obispado; reducida por el Doctor Betolaça à lenguaje mas comun, y mas usado y que con màs facilidad se entiende en todas ellas, para bien, y utilidad de sus obejas de aquellas partes ... - Impressa en Bilbao: por Pedro Cole de Ybarra, 1596.

Datozen ekitaldiak

Ageriko bilkura Senperen, "Zaldubi"ren omenez

- Abenduaren 20an, ostegunez, Gracian Adema "Zaldubi"ren (1828-1907) omenezko ageriko bilkura egingo du Euskaltzaindiak, Senpereko Udaletxean. Hauxe izango da egitaraua:

  • 16:30 Harrizko irudia agerian jarriko da, eliza ondoan
  • 17:00 - 18:30 "Denen Etxea"n:
    - Auzapezaren ongietorria
    - Jean Haritschelharren agurra eta hitzaldia: "Zaldubi. Bere mendeko apez eta gizona".
    - Mikel Zalbide: "Euskalgintza XIX. mendearen bigarren erdian".
    - Patri Urkizu: "Zaldubiren poesia "Deus" poemaren iruzkina".
    - Xabier Altzibar: "Zaldubiren prosazko lanak".
    - Liburu-aurkezpena: Henri Duhau
    - Andres Urrutia euskaltzainburua: azken hitzak.

- Abenduaren 21ean egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Senpereko Udaletxean, goizeko 9:00etan.

Bisitatu gaituzte

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatua, Aitzpea Azkorbebeitiak eta Gerardo Markuletak "Sarri, Biba Zu" izeneko hitzaldia eman zuten, azaroaren 28an.

Joseba Zulaikaren eskutik, Renoko Center for Basque Studies-ek argitaratutako liburu batzuen aurkezpena egin zen, abenduaren 4an.