Plazaberri

2007ko abendua - 31. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
SENPEREN, GRATIEN ADEMA "ZALDUBI"REN OMENEZ ONOMASTIKA BATZORDEKIDEAK ARAGOIN
Ikustekoak
ABARTIAGAREN ERREPUBLIKAREN ONGIAK
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, abenduaren 21ean, Senperen, egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

Onomastika. Nafarroako izendegiaren hamargarren zerrendan, Tuterako merindadeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

Ablitas, ablitastar; Alesbes, alesbestar; Arguedas, arguedastar; Barillas, barillastar; Buñuel, buñueldar; Cabanillas, cabanillastar; Cadreita, cadreitar; Cascante, cascantear; Castejón, castejondar; Cintruénigo, cintruenigoar; Corella, corellar; Cortes, cortestar; Fitero, fiteroar; Fontellas, fontellastar; Fustiñana, fustiñanar; Mélida, melidar; Monteagudo, monteagudoar; Murchante, murchantear; Ribaforada, ribaforadar; Tulebras, tulebrastar; Tutera, tuterar; Valtierra, valtierrar; Zarrakaztelu, zarrakazteluar.

Berriak

Senperen, Gratien Adema "Zaldubi"ren omenez

Abenduaren 20an, Senpereko Elkartetxean ageriko bilkura egin zuen Euskaltzaindiak, Euskaltzaleen Biltzarra erakundearekin batera, Gratien Adema "Zaldubi"ren omenez.

Omenaldiari hasiera emateko, Gratien Adema "Zaldubi" (1828-1907) dioen brontzezko irudia, Edouard Solorzano eskultoreak egina, inauguratu zen Senpereko eliza ondoan. Bertan, Henri Duhau idazlearen gidaritzapean, ondoko hauek hitz egin zuten: Christine Bessonart Senpereko auzapezak eta Piarres Aintziart Euskaltzaleen Biltzarreko buruak. Beñat Amestoy parrokiako erretoreak oroitarria bedeinkatu zuen. Bestalde, Zirikolatz dantza taldeko dantzari batek aurreskua dantzatu zuen eta Zaldubi ikastolako haurrek idazle omenduaren "Zazpi Euskualherriek" kanta abestu zuten.

Christine Bessonart Senpereko andere auzapezaren hitzak

Piarres Aintziart Euskaltzaleen Biltzarreko buruaren hitzak

Argazki galeria

  • Ageriko bilkura, Elkartetxean

    Irudia agerian utzi ondoren, Senpereko Elkartetxean egin zen ageriko bilkura. Mikel Zalbidek -Ana Toledok irakurria-, Patri Urkizuk, Xabier Altzibarrek eta Jean Haritschelharrek aurkeztu zituzten beren txostenak.

    Patri Urkizuren txostena

    Xabier Altzibarren txostena

    Jean Haritschelharren txostena

    Argazkian: Henri Duhau, Andres Urrutia, Christine Bessonart, Jean Haritschelhar eta Ana Toledo.


  • Gratien Adema "Zaldubi", saindu batzuen biziaz liburua

    Hitzaldi guztiak entzun ostean, Henri Duhauk paratu duen Gratien Adema, Zaldubi, saindu batzuen biziaz liburua aurkeztu zen. Lan hori Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" izeneko bildumaren 1. liburua da. "Euskaltzainak" bilduma berria da, Euskaltzaindiak sortu berri du eta bertan euskaltzain izan diren eta direnen obrak eta eurei buruzko azterketak argitaratuko ditu Akademiak. Bestalde, Euskaltzaindiaren historiarako esanguratsu gertatu diren hainbat egileren lanak ere kaleratuko dira bilduma horretan.

    Henri Duhauren aurkezpena

    Andres Urrutiaren aurkezpena

    Liburuaren aurkibidea

Onomastika batzordekideak Aragoin

Abenduaren 15 eta 16an, A Estrela Aragoiko hizkuntzazko ikerketa eta lanen elkarteak antolaturik, Isin herrian (Sabiñánigo/Samianigo) antolaturiko Toponimiazko eztabaidarako jardunaldietan parte hartu zuten Jose Luis Lizundia eta Patxi Galé Onomastika batzordeko kideek. Euskal toponimoen araupetze eta normalizatzeari ekiteko ohiko bideak aztertu eta deskribatu zituzten, Lizundiak Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa eta Espainiako Estatuko legeria eta administrazio desberdinen ofizialtze arazoak eta, Galék, ikuspegi teknikoak zein linguistikoak, baita une honetako langintza jorraturik.

Bide batez, Aragoi Garaiko ibarretako hizkeren egoeraren berri jaso zuten eta, neurri batean, haien birsortzearen aldeko mugimendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Horretan aritzen diren zenbait eragile eta elkarteren -Academia de l' Aragonés besteak beste- ordezkariekin izandako kontaktu hori etorkizunean egon litezkeen bestelako kolaborazioen hazia izan dadila espero da. Euskal Herriko toponimian abian dagoen prozesu normalizatzailea izan zen haientzat interes handieneko gaia.

Ikustekoak

Abartiagaren Errepublikaren ongiak

Zaldubiren urteurrenaren karietara, behin baino gehiago aipatu zen hark frantses errepublikari zion herra. Jarrera hori euskaltzaleen artean nagusi izan arren, bakarra ez zela erakusteko, horra Abartiagaren liburuxka hau: Errepublikaren ongiak : 1870-1896 / Lewy d' Abartiague.

Pau: Imprimerie-Stéréotypie Garat, [1897] 16 orr., or. [1] arg. ; 17 cm

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Bilbon

Urtarrilaren 25ean egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Bilbon, egoitzan, goizeko 10:00etan.

Bisitatu gaituzte

Jean Luis Davant euskaltzain osoak jaso du 2007ko Xaho saria, Agosti Xaho elkarteak emanda. Abenduaren 10ean, sari horren iragarpena egin zen, Euskaltzaindiaren egoitzan.