Plazaberri

2008ko urtarrila - 33. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALTZAINDIAK LEIZARRAGAREN TESTAMENTU BERRIA (1571) EROSI DU

Berriak

Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria (1571) erosi du

Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria (1571) erosi du. Akademiak 20.500 ingeles libera ordaindu ditu Leizarragaren Bibliako Itun Berriagatik. Jakina denez, hauxe da testu klasiko horren euskarazko lehen bertsioa eta 1571n argitaratu zen.

Azaroaren 28an, Sotheby's enkante etxe famatuak Leizarragaren Testamentu Berria salgai jarri zuen, baina liburua eroslerik gabe geratu zen. Horren ondorioz, Akademia Londreseko enkante etxearekin jarri zen harremanetan akordio bat lortze aldera. Azkenean, erosketa gauzatu da.

Euskal testu klasiko guztiek beti izan dute berariazko interesa Euskaltzaindiarentzat eta ahal izan duen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko.

  • Joanes Leizarraga

  • Joanes Leizarraga 1506an jaio zen Beskoitzen (Lapurdi) eta Bastidan (Nafarroa Beherea) hil 1601ean. Ez dago datu askorik bere bizitzaz, baina dakiguna da apaiz katolikoa zela eta, ondoren, Erreformari atxiki zitzaiola, artzain protestante bihurtuz. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren aginduei segituz, Bearnoko protestanteen sinodoak Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso protestante euskaratzeko eskatu zion, lan hori egiteko zenbait laguntzaile izan zituelarik.

    Egitasmo horren baitan hiru liburu argitaratu ziren guztira, hiruak Arroxelan, 1571n: lehena Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, bigarrena Kalendrera eta hirugarrena ABC edo Kristinoen instrukzionea. Horietatik garrantzitsuena lehena da. Bertan, Itun Berriaz gain, beste zenbait testu erlijioso ere biltzen dira. Hori da Euskaltzaindiak erosi duen liburua.

    Liburu hori euskaraz argitaratutako bigarren liburua da eta garrantzi berezia du hainbat alderditatik begiratuta, baina agian nabarmendu beharrekoa da euskara batu eta goi mailako bat egiteko lehen saioa izan zela.

  • Euskaltzaindia eta Testamentu Berria

  • 1990ean, Euskaltzaindiak argitaratu zuen Hugo Schuchardt hizkuntzalari alemaniarrak paratutako Leizarragaren Testamentu Berriaren edizio kritikoa. Liburu hori 1900ean argitaratu zuen Schuchardtek, Theodor Linschmannen laguntzaz, eta ondoko izenburuarekin kaleratu zen: I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender un Abc) heraugegeben von Th. Linschmann und H. Schuchardt. Liburuan Schuchardtek eginiko bi testu daude: batetik, hitzaurrea, eta bestetik, edizioa prestatzeko erabili ziren irizpideak azaltzen dituena.

    Akademiaren izenean, argitalpen horren zergatia ere azaltzen du Jose Antonio Arana Martijak liburuaren aurkezpenean. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae lana kaleratu ostean, euskal literaturaren bigarren autorea ezagutaratzea beharrezkoa iruditu zitzaiola Euskaltzaindiari adierazten du Arana Martijak: "Idazlan osoa argitaratzea premiatsu ikusten zen, lehen edizioa lortezina zelako eta 1900ean Schuchardtek eta Linschmannek egindakoa ere bakana izatera iritsi delako eta toki gutxitan oso osoan irakugarria, hau da, Schuchardten hitzaurre baliotsuarekin".

    Hortaz, laurogeita hamar urte lehenago Estrasburgon egindako argitalpenaren faksimila aurkeztu zuen Euskaltzaindiak 1990ean "eta honekin Europari eskaintzen diogu euskaldunok beraren hizkuntza zaharrenaren erakuspena, oraindik bizirik jarraitzen duena, XVI. mendeko erabilera landuan". Iñigo Ruiz Arzalluzek eta Jose Manuel Velez Latorrek Schuchardten oharrak gaztelaniara itzuli zituzten. Leizarragaren lanen edizio osoaren mila ale zenbatuak kaleratu ziren orduan. Madrileko Kultura Ministerioak argitalpen honetarako dirulaguntza eman zuen.

    Bestalde, aurten, Nafarroako Kutxak Leizarragaren Testamentu Berriaren edizio faksimilea argitaratu du. Kutxak berak 1995ean, enkantean, erosi zuen originala baliatu du. Faksimileko edizio honi Xabier Kintana ("Gure Testamentu Berriaren aurretiko zaharrak"), Henrike Knörr ("Joanes Leizarraga: Vida y obra") eta Txomin Peillen ("La réforme: un humanisme") euskaltzainen txostenak gehitu zaizkio.

    Xabier Kintanaren iritzia

    Pruden Gartziaren hitzak