Plazaberri

2008ko urtarrila - 34. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
JEAN HARITSCHELHAR EUSKALTZAINBURU OHIAREN OMENEZ RECUPERACIÓN DEL EUSKERA EN NAVARRA EUSKALTZAINEI AURKEZTU
Hitzarmenak
EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOA
Batzordeak lanean
CORPUS BATZORDEA EUSKALKIEN LANTALDEA
Ikustekoak
LEIZARRAGAREN KALENDRERA
Kolaborazioak
ITZALI ZAIGU SARA ETXEKO EMAKUME ONA
Datozen ekitaldiak
LASARTE ETA ATXA GOGOAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, urtarrilaren 25ean, Bilbon egin zuen batzarrean, hau erabaki zuen:

Exonomastika. "Europako eskualde historiko-politiko nagusiak" araua osatuko duen 3. zerrenda (Britainiar uharteak eta Eskandinavia) onartu zen. Atalka onartzen ari da araugai hau eta onartzen bukatzen denean osorik argitaratuko da.

Berriak

Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren omenez

Urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari omenaldia egin zion bere egoitzan. Hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan den Jean Haritschelharren omenaldira Euskal Herri osoko hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren, besteak beste Euskararen Erakunde Publikokoak, Eskualtzaleen Biltzarrekoak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzakoak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Euskararen Nafar Institutukoak. Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Marc Cabane Pirinio Atlantikoetako prefeta, Jakes Abeberry Hautetsien Kontseiluko kidea, Annie Jarraud-Vergnolle senatore eta Angeluko kontseilaria eta Monique Larran-Lange kontseilari orokorra ere bertan izan ziren.

Omenaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak Jean Haritschelhar-i omenaldia liburua eta Remigio Mendibururen "Casa bombardeada I" izeneko eskultura eman zizkion Haritschelharri. Honen emazte Colettek, aldiz, lore sorta jaso zuen euskaltzainburuaren eskutik.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak

Beñat Oihartzabal buruordearen hitzak

Jose Luis Lizundia diruzainaren hitzak

Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren hitzak

Argazkiak

Omenaldi honen karietara Andres Urrutiak eta Jose Luis Lizundiak komunikabideetara igorritako artikuluak:

Lizundiaren artikulua: Haritschelhar euskal herri-gizon

Urrutiaren artikulua: Jean Haritschelhar: kultura-gizona, gobernu-gizona

Recuperación del Euskera en Navarra euskaltzainei aurkeztu

Urtarrilaren 25ean, hileko batzarraren bukaeran, Recuperación del Euskera en Navarra liburuaren aurkezpena egin die egileak euskaltzainei. Miquel Gros i Lladós egileak berak eman ditu liburu horri buruzko azalpenak.

Liburu hori Euskaltzaindiak argitaratu zuen 2007ko irailean, lehen aurkezpena Vianan egin zelarik. Jagon bilduma berriztatuaren 4. liburukia da.

Miquel Gros i Lladós-ek adierazi duenez, Nafarroako Parlamentuaren Hezkuntza Batzordearen gonbita jaso du, bertan lan honen nondik-norakoez hitzaldia emateko.

Liburu honi buruzko informazio gehiagorako ikus 22. Plazaberri

Hitzarmenak

Euskararen Erakunde Publikoa

Urtarrilaren 24an, Jean Haritschelharri eginiko omenaldiarekin bat eginez, Euskararen Erakunde Publikoarekin 2010eko abuztura arteko iraupena duen hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren izenean, Andres Urrutiak sinatu zuen, eta EEPren izenean, Max Brisson lehendakariak. Hitzarmen horrek bi erakundeen arteko lankidetza zehazten du.

Bi erakundeon arteko lankidetzaren ardatzak honako hauek izango dira: hiru alor nagusitan -Terminologian, Toponimian eta Itzulpengintzan- lan egingo duen Adituen Batzordea izendatuko da; Frantsesa-Euskara eta Euskara-Frantsesa Hiztegi Orokorra egingo da; Hizkuntza Gaitasun Egiaztapena sortuko da; Ipar Euskal Herriari begira, argitalpen bereziak sustatuko dira; Euskaltzaindiaren lana ezagutaraziko da.

Andres Urrutiaren hitzak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz

Max Brissonen hitzak

Azken argitalpenak

Jean Haritschelhar-i omenaldia

Jean Haritschelhar-i omenaldia izeneko liburua, Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari eskaintzen dion omenaldi-liburua da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 21. zenbakia da. Beñat Oihartzabal buruordea eta Jose Luis Lizundia diruzaina izan dira arduradunak.

Liburuaren hasieran, Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraz gain, Jean Haritschelharren bibliografia eskaintzen zaigu, Beñat Oihartzabalen eskutik -"Jean Haritschelharren idazlanen aurkezpena: bibliografian agertzen ez diren lanak ere ahantzi gabe..."-, baita 38 urtez Euskaltzaindiaren Zuzendaritzan izan den Haritschelharrek egindako lanaren azalpena, Jose Luis Lizundiak prestatua -"Haritschelhar 38 urte Zuzendaritzan"-.

Hizkuntza, literatura eta historiari buruz 33 kidek -euskaltzain oso, ohorezko eta Literatura Ikerketa batzordekidek- idatziriko lanek osatzen dute liburua. Lanak euskaraz idatziak dira, frantsesez eta gaztelaniaz idatzitako sei izan ezik.

Liburuaren aurkibidea

Liburuaren fitxa

Batzordeak lanean

Corpus batzordea

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiaren egoitzan, egin du bilera batzorde honek. Bi modutako gaiak izan ditu aztergai:

  • Herri administrazioek eskaturiko bi gairi buruzko irizpenak, eta
  • Batzordea prestatzen ari den argitalpena.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Xabier Mendiguren Bereziartu, Juan Luis Goikoetxea, Andres Iñigo, Paskual Rekalde eta Joseba Butron.

Euskalkien lantaldea

Urtarrilaren 25ean, Bilbon, egin du bilera lantalde honek. Gai bakarra izan du aztergai:

  • Jose Luis Erdozia lantaldeko kidearen "Sakanako ekarria" izeneko hitz zerrenda (fale otsak aittu-zotzia bota).

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Paskual Rekalde, Juan Luis Goikoetxea, Andres Iñigo, Kaxildo Alkorta, Jon Aurre eta Jose Luis Erdozia.

Ikustekoak

Leizarragaren Kalendrera

Schuchardten denboretatik Joanes Leizarragari hiru liburu esleitzen zaizkio, konbentzionalki. Horietako bigarrena Kalendrera da, hots, egutegi bat, lehen euskal egutegia. Liburuxka mehe bat da, hamasei orrialdekoa. Bitxia bada ere, haren lan nagusia den Itun Berria baino askoz ere ale gutxiago ezagutzen dira. Irudian dagoena, zigiluak salatzen duen bezala, "Arsenaleko alea" da, Parisen dagoena.

Kolaborazioak

Itzali zaigu Sara etxeko emakume ona

Urtarrilaren 1ean hil zen Pilar Barandiaran, Jose Migel Barandiaran zenaren iloba eta baita zaintzaile eta idazkaria ere izan zena. Henrike Knörrek haren omenezko artikulu hau idatzi du.

Henrike Knörr: Itzali zaigu Sara etxeko emakume ona

Datozen ekitaldiak

Lasarte eta Atxa gogoan

Otsailaren 29an egingo du Euskaltzaindiak hurrengo osoko batzarra, Bilbon, goizez. Arratsaldean ageriko bilkura egingo da, honako hilberri txostenak irakurtzeko:

  • Jose Manuel Lasarte (Etxarri Larraun, 1927-6-20 / Iruñea, 2007-4-17). Hilberri-txostena Patxi Zabaleta euskaltzain osoak irakurriko du.
  • Jesus Atxa (Aretxabaleta, 1920-5-28. / Iruñea, 2007-10-23). Hilberri-txostena Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak irakurriko du
  • Ergoien-i buruzko txostena, Angel Ibisate euskaltzain urgazleak egina.

Bisitatu gaituzte

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatua eta Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia egoitzan izan ziren (2008-I-X).