Plazaberri

2008ko martxoa - 38. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALGINTZA XXI. MENDEARI BURUZ. XV. BILTZARRA LIBURUA KALEAN DA AZKUE ETA URKIXOREN OMENEZ BILBOTIK BAIONARA

Berriak

Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra liburua kalean da

Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra. Hori da Euskaltzaindiak argitaratu berri duen liburuaren izenburua. Bertan, 2001ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskaltzaindiak burutu zuen XV. Nazioarteko Biltzarraren emaitza jasotzen da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 19. zenbakia da eta euskararen historia, hiztegigintza eta hizkuntza ereduak gaiei buruz egindako hitzaldiak, txostenak eta mahai-inguruak biltzen ditu.

Liburuaren aurkibidea

XV. Biltzarraren egitaraua

Liburuaren fitxa





  • Nazioarteko XV. Biltzarra

    2001eko irailaren 17tik 21era bitartean, Euskaltzaindiak bere Nazioarteko XV. Biltzarra egin zuen, Bilbon. "Euskalgintza XXI. mendeari buruz" lemapean egin zen biltzar horretan Euskaltzaindiak gogoeta bideratu nahi izan zuen, euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz. Horretarako, 9 hitzaldi eta 29 txosten aurkeztu eta eztabaidatu ziren hiru egunetan, eta bi mahai-inguru egin ziren.

    Bilbon hizkuntzalari, hiztegigile, irakasle, kazetari, eta oro har, hizkuntzan adituak bildu ziren, xede nagusi batekin: XXI. mendearen atarian, euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz gogoeta egitea. Euskal Herriko unibertsitateez gain -EHU, UEU, Deustuko Unibertsitatea, NUP, Baionako Unibertsitatea- kanpoko zentroetako ordezkariak ere izan ziren, hala nola Université de Genève, ILPGA - Institut de Phonétique, Valentziako Unibertsitatea, Helsinkiko Research Institute, Galeseko Unibertsitatea) eta baita UZEI, EIZIE, Elhuyar, AEK, HABE, Labayru, Mendebalde elkartea, Kazeterm edota Bostak Bat erakunde eta taldeetakoak ere. Orotara, 288 lagunek hartu zuten parte.

    Irailaren 17tik 19ra bitarte horretan, hiru arlo nagusi landu zituzten biltzarkideek, egun bakoitza alor bati eskainiz. Lehenengo egunean, hizkuntza ereduen arloa landu zen, hots, hizkuntza estandarra eta aldaerak -euskalkiak, ahozko hizkerak, esparru berezietan erabiltzeko bestelako ereduak...-. Bigarren egunean, hiztegigintza izan zen hizpide nagusia, eta horrekin batera euskararen normalkuntzaz ere hitz egin zen. Azkenik, hirugarren egunean, hizkuntzaren historia aztertu zen.







  • Adierazpena

  • Irailaren 19an, Biltzarraren amaierarekin batera, adierazpena kaleratu zuen Euskaltzaindiak. Hauek izan ziren adierazpen horren lerro nagusiak:

    • Lankidetza. Jendearen parte hartze handia izan da, 288 lagunak izan baitira Biltzarrean. Bereziki, unibertsitateek eskaini duten laguntza da azpimarratzekoa. Aurrerantzean ere Euskaltzaindiak lankidetzan segitu nahi du unibertsitateekin.
    • Euskararen historia. Azken urteotan ohitura handia dago paleolinguistika egiteko eta besteak beste, hizkuntzen arteko konparazioak egiteko. Horretarako euskararen historia ezagutu behar da. Arlo horretan lan ugari dago, eta Euskaltzaindiak ezagutza hori bultza dezaketen lanei eta langileei babesa emango die.
    • Hiztegigintza. Euskaltzaindiak hiztegigintza, eta bereziki terminologia lanak bultzatu nahi ditu. Jakintza eta teknika arlo desberdinetan diharduten profesionalen lana izango da hori, baina Euskaltzaindiak ezin dio uko egin arlo honetako jarduerak laguntzeari. Era berean, gaurko euskara jasoko duen corpus handiaren biltze lanak gidatu eta lagunduko ditu.
    • Euskara batua eta lekuko euskarak. Tokiko euskarak eta euskara estandarraren arteko harremanak gogoeta sakona eskatzen du, eta erregistroei, hizkera mailei eta, oro har, ahozko euskarari arreta berezia eskainiko die Euskaltzaindiak aurrerantzean.

Azkue eta Urkixoren omenez

Biltzarrean, bi euskalari omendu nahi izan zituen Akademiak: Akademiaren sortzaile eta lehen buru izan zen Resurreccion Maria Azkue eta Julio Urkixo euskal filologiaren sustatzailea, beren heriotzen 50. urteurrenean. Biei buruzko erakusketa izan zen ikusgai, Euskaltzaindiaren egoitzan.



  • Resurrecion Maria Azkue

  • Azkue Lekeition jaio zen 1864an eta Bilbon hil, 1951n. Akademiaren sortzaileetariko bat izan zen. Euskaltzaindia sortu zenetik, Azkue euskaltzainburua izan zen.

    Bere lanak hainbat alorretan ondu zituen: musika, erlijio-literatura, antzerkia, eleberrigintza eta kazetaritza, besteak beste. Euskal aurrizki eta atzizkiak eta euskararen kategoria gramatikalak bildu eta aztertu zituen Morfología Vasca-n (1923). Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918) eta Gipuzkera osotua (1935) ere kaleratu zituen. Beste obra garrantsitzu batzuk dira Cancionero popular vasco (1918) eta Euskalerriaren Yakintza (1935-47) euskal folklorea eta etnografiari buruzko ikerketa eta bilduma mardula. Bestalde, zartzuela, opera eta oratorio batzuk idatzi zituen.



  • Julio Urkixo

  • Urkixo Bilbon jaio zen 1871n eta Donostian hil, 1950ean. Euskaltzaindia sortu zuen taldekidea ere izan zen. Urkixoren lanik garrantzitsuena bibliofilo gisa egindakoa izan zen. Euskal Herriko bazter guztietan ibili zen euskal liburu zaharren bila, baita Europako hiri nagusienetan ere. 1905ean Zarauzko frantziskotarren komentuan Joanes Etxeberri Sarakoaren eskuizkribuak aurkitu zituen, eta bi urteren buruan argitaratu zituen. 1907an Revista Internacional de Estudios Vascos sortu zuen.

    Asko idatzi zuen eta epistolario aberatsa dauka, jaso eta idatzitako gutunez osatua. Hil aurretik bere liburutegia Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zion, eta gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunean gordetzen da osorik.

Bilbotik Baionara

Euskaltzaindiaren XV. Nazioarteko Biltzarrak bi egoitza izan zituen: Bilboko Euskalduna Jauregia, irailaren 17tik 19ra bitartean, eta Baionako Fakultatea hurrengo bi egunetan. Izan ere, Bilboko egitarauaren osagarri izan zitekeelakoan eta Piarres Lafitteren jaiotzaren mendeurrenarekin bat, Baionan, Biltzarren bigarren atala egitea deliberatu zuen Euskaltzaindiak, Iker taldearen lankidetzaz.

Hortaz, Piarres Lafitte euskalariak landutako arlo nagusi biak bat egin, eta Baionan gramatikariak eta euskal letren historiaren aztertzaileak bildu ziren, xede nagusi batekin: euskal gramatika eta euskal literatura zertan diren zehaztea, XXI. mendearen hastapen honetan. Izan ere, hala zioen biltzarraren izenburuak: Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian.

Baionako Biltzarren zati honen emaitza 2003an argitaratu zuen Akademiak. Izan ere, Baionan izandako hitzaldi eta txostenak Iker bildumaren zenbaki batean bildu ziren, bi liburukitan banaturik: Iker bildumaren 14. zenbakian (I eta II). Iker 14 (I) liburukian, gramatika lanak biltzen dira eta Jesus Mari Makatzagak eta Beñat Oyharçabalek prestatu zuten liburua. Iker 14(II) liburukia, aldiz, Aurelia Arkotxak eta Lourdes Otaegik prestatu zuten eta euskal literaturari buruzko ikerketa lanak irakur daitezke.

Liburuaren fitxa