Plazaberri

2008ko martxoa - 40. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALTZAINDIA SARAKO EUSKAL IDAZLEEN BILTZARREAN

Berriak

Euskaltzaindia Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean

Martxoaren 24an, urtero bezala Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko polikiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna, idazleen presentziari: autore bat, mahai bat. Alde batean idazlea eta bestean bisitaria, eta bien artean hitz egiteko denbora. Hala ere, Euskal Herriko argitalpen mundua eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale asko ere urtero dute Saran hitzordua, Pazko Astelehenean.

Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, baina, Akademiak bi liburu berri aurkeztuko ditu: Pierre Broussain. Sa contribution aux etudes basques, Pierre Charrittonek idatzia, eta Pierre Lhande. Yolanda eta beste euskarazko idazlanak, Jon Casenavek paratua. Aurkezpena 11:30etan izango da eta hauek izango dira: Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkari bat; Andres Urrutia; Jean Haritschelhar; Jon Casenave; eta Pierre Charritton.



Bi liburuak Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" izeneko bildumaren 2. eta 3. liburuak dira. "Euskaltzainak" bilduma berria da, eta horren 1. liburukia 2007ko abenduan aurkeztu zen Senperen: Henri Duhauk paratu duen Gratien Adema, Zaldubi, saindu batzuen biziaz. "Euskaltzainak" bilduman euskaltzain izan diren eta direnen obrak eta eurei buruzko azterketak argitaratzeari ekin dio Akademiak.

Euskal Herriko Idazleen XXV. Biltzarraren Egitaraua











  • Pierre Charritton

    Pierre Charritton Hazparne Ehulateian sortu zen, 1921eko urriaren 19an. Oso gaztea zela abiatu zituen apaizgai klasikoaren ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan eta 1947an apaiz ordenatu zen bere sorterrian. Erroman Teologian lizentziatu zen eta Parisen, berriz, Filosofian. Hazparnen, Baionan, Donostian, Parisen eta Montrealen izan da irakasle, eta Etxepare medikuaren eta Piarres Larzabalen obra osoak prestatu ditu ediziorako. Halaber, Tomas Moro, Baruch Spinoza, Francisco Vitoria eta Martin Azpilikuetaren lanak euskaratu ditu Klasikoak bilduman.

    Artikulu anitz eta hainbat obra argitaratu ditu, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1950. urtean eta euskaltzain oso, berriz, 1985eko uztailaren 19an, Pierre Lafitteren ordez. Gaur egun euskaltzain emeritua da. Euskaltzaindiaren Iparraldeko ordezkaria izana da, 1978tik 2006ra arte. Akademiaren Gramatika batzordekidea da.

    Hainbat aldizkaritan argitaratu ditu lanak. 1999an Manuel Lekuona saria jaso zuen. 2006an, Sarako Biltzarrak omendu zuen.

    Lan asko argitaratu ditu, besteak beste: Euskaldunak Aintzina, 1943; Petite Histoire Religieuse du Pays Basque, 1946; Le droit des peuples à leur identité, 1979; Pierre Broussain sa contribution aux études basques, 1985; R. M. Azkue-P. Broussainen arteko elkarridazketa, 1986; Larzabalen idazlanak (7 liburuki), 1991; Jean Etchepare mirikuaren idazlanak (5 liburuki), 1995; Bidegileak bilduman: Piarres Larzabal, Pierre Narbaitz eta Jules Martin Moulier, "Oxobi"; De Re Publica edo Politikaz, 2003 (1996ko Joseba Jaka bekaren saria).

    Gainera, Sabino Arana, Julio de Urkijo, Manex Hiriarte-Urruty eta Georges Lacomberen gutunak argitaratu ditu, besteak beste, baita Adema Zalduby, Arnaud Abbadie, Andre Hiriart-Urruty eta Pierre Narbaitzen idazlanak ere.









  • Jon Casenave

    Jon Casenave Baionan sortu zen, 1957ko uztailaren 4an.

    Letretan diplomatua, Euskal Ikasketetan doktore eta Bordeleko Michel de Montaigne III. Unibertsitatean irakasle. Baionako IKER ikerketa gunean partaide, idazle eta kritikaria ere bada.

    2003an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Akademiako Literatura Ikerketa batzordekidea da.

    1997an doktoretza tesia aurkeztu zuen, Jean Etxepareri buruzkoa. Tesiaren izenburua hau izan zen: "De l'article de presse a l'essai litteraire: Buruchkak (1910) de Jean Etchepare".

    Hainbat liburu idatzi du, horien artean Bidaia eta Ilargi xendera. Baita ere Azkenean dilindan (Mattin Larzabalekin batera) Zutaz amoroski, Itsu-mandoka eta Ordu alferren segida.

    Ikerketa mailan ere lan ugari kaleratu ditu.