Plazaberri

2008 - 04 - 18      43. zenbakia

Berriak
EUSKARAZKO TESIEN KOLDO MITXELENA SARIA

Berriak

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria

Apirilaren 16an, Euskaltzaindiaren egoitzan eginiko prentsaurrekoan, "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" aurkeztu da. Sari hau Euskal Herriko Unibertsitateak sortu du, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz eta bi urterik behin deituko da Euskaltzaindiarekin batera.

Aurkezpenean honako hauek izan dira: Andres Urrutia euskaltzainburua; Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko errektorea; Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea; eta Joseba Lakarra EHUko katedraduna eta euskaltzain osoa. Haiek azaldutakoaren arabera, sariak bost jakintza-arlo nagusi hartuko ditu: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak.

  • Mitxelenaren lanen erakusketa

    Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariaren aurkezpenarekin batera, Mitxelena zenaren lanen erakusketa bat ikusgai jarri du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Erakusketa horrek hiru atal nagusi ditu:

    • Mitxelenaren lan pertsonalak
    • Euskararen batasunari buruzkoak (horien artean, Arantzazuko Biltzarraren berri ematen duen Mitxelenak berak eskuz idatzitako akta)
    • Orotariko Euskal Hiztegiarekiko atala