Plazaberri

2008 - 04 - 23      45. zenbakia

Berriak
NAFARROAKO GOBERNUAREN HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO ORDEZKARIAK EUSKALTZAINDIAN

Berriak

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko ordezkariak Euskaltzaindian

Apirilaren 22an, Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko ordezkariak hartu ditu, Akademiaren egoitzan. Batzarrean, bi erakundeotako ordezkariak izan dira, eta euren arteko lankidetzari dagozkion hainbat jarduera aztertu dituzte. Horrezaz gain, Nafarroako Gobernuaren ordezkariek Euskararen Nafar Institutuaren berri zehatza eman diete euskaltzainei. Izan ere, Euskararen Nafar Institutua sortu zenetik lehenbiziko aldiz batu dira, era ofizialean, Euskaltzaindia eta Institutuko ordezkariak. Bestalde, 2008an egingo dituzten eginkizunez eta bi erakundeon arteko hitzarmen berriaz mintzatu dira bileran.

Batzarrean honako hauek izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Luis Lizundia diruzaina, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria, Juanjo Zearreta kudeatzailea eta Pello Telleria idazkariordea. Nafarroako Gobernuaren aldetik, aldiz, Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilaria, Jose Luis González Kabinete burua, Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari kudeatzailea, Julen Calvo Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria eta Mikel Aranburu Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.

Esan bezala, bileran Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean egingo dituzten lanak aztertu dira. Besteak beste, hauek ikusi dituzte: Euskal Corpus Onomastikoan Nafarroari dagozkion lanen jarraipena, Edu Zelaietaren Baztan-Bidasoa hizkeren azterketa dialektologikoa tesiaren argitalpena, Nafarroako legeen terminologia juridiko-administratiboari buruzko jardunaldia edota Axularren Gero liburuaren berrargitalpena.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Mikel Aranburu, Jose Luis González, Julen Calvo, Xabier Azanza, Carlos Perez Nievas, Andres Urrutia, Jose Luis Lizundia, Andres Iñigo eta Juanjo Zearreta.





  • Batzorde Teknikoaren bilera

    Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitzan bildu zen Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko Hitzarmeneko Batzorde Teknikoa, apirilaren 10ean. Bi gai nagusi izan ziren hizpide: 2007ko lanen jarraipena egitea eta 2008ko eginkizunak zehaztea.

    Argazkian, ezkerretik eskuinera: Julen Calvo, Mikel Aramburu, Adoración López eta Mikel Arregi.