Plazaberri

2008 - 05 - 28      48. zenbakia

Berriak
"LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA ELEBERRIAREN EKARPENA XX. MENDEKO EUSKAL NARRATIBAREN TESTUINGURUAN" ARGITALPENA AURKEZTU DA EUSKALTZAINDIAK EUSKERA AGERKARIA BERRIZTATU DU EUSKALTZAIN OMENDUAK JOSE IGNACIO TELLETXEA IDIGORAS GOGOAN

"Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan" argitalpena aurkeztu da

Maiatzaren 23an, Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko argitalpena aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Argitalpen hori, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia da, eta haren bitartez Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" omendu nahi izan du Akademiak. Aurkezpena honako hauek egin zuten: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa batzordeburuak eta Txillardegik berak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskera agerkariaren aro berriari buruz hainbat azalpen eman ostean, eskerrak eman zizkion Txillardegiri "orain dela 50 urte oparitu zigulako Leturiaren egunkari ezkutua. Eta eskerrak ere -gaineratu zuen- Literatura Ikerketa batzordeari, sendo eta irmo lan egin duelako, erakusteko moduko lana burutu duelako".

Txillardegik aurkezpenean honako hau esan zuen: "Hemen jende askoren lana dago eta oso-oso lan bikaina egin dute, hor agertzen diren lan guztiak bikainak dira. Liburu hau benetan interesantea da. Literatur mundua interesatzen zaionak, eta garai hartan bizi izan genuen krisia eta nola sortu zen Leturia, nire ustez hau irakurrita, hori dana argituta ikusiko du. Nire ustez, hau arrakasta handia izan da Euskaltzaindiaren aldetik, egin den lana inportantea izan da. Hau betirako gelditzen da eta hemen iturri benetan oso-oso oparoa eta oso fidagarria dago".

2007an, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Leturiaren egunkari ezkutua eleberriari buruzko hitzaldi-sorta prestatu zuen. Hitzaldi horien emankizuna Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean txertatu zen, biltzar moduan. Bertan, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak euskal eleberrigintzaren bilakaeran Leturiaren egunkari ezkutuak ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa egiteko helburutzat, haren zenbait alderdi jakin aztertzearekin batera. Biltzarraren zuzendaria Lourdes Otaegi Imaz Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen idazkaria izan zen. Bitzar horren emaitza jaso da argitalpen honetan.

Aurkibidea

Jean Haritschelhar: Aitzin solasa

Argazki gehiago

Liburua eskuratzeko

Euskaltzaindiak Euskera agerkaria berriztatu du

Hemendik aurrera, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren hiru zenbaki argitaratuko dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu beren beregi. Izan ere, Euskaltzaindiak bere agerkari ofiziala berriztatu du eta egokitu, eduki berriak eskaintzeko asmoz. Horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan dihardutenek ere Euskeran argitaratu ahal izango dituzte euren lanak.

Euskera agerkariaren edukiak

Euskaltzain omenduak

Maiatzean zehar, hainbat euskaltzain -oso, ohorezko eta urgazle- omenduak izan dira. Hona hemen omenaldi horien aipamenak.

  • Henrike Knörr Borrás

    Euskararen Jatorriaren III. Biltzarrak berriki zendutako Henrike Knörr euskaltzain osoa omendu zuen, maiatzaren 17an, Langraitzeko Gizarte Zentroan. Knörr zenaren Txari Santiago emaztea eta Iruri alaba izan ziren bertan. "Henrikeri -esan zien Luismari Etxebarria presidenteak- aitortu nahi diogu bere jakinduria, duintasuna, poza, ausardia, jarrera, euskara moderno eta zaharraren defentsa zaila, ausarta eta trinkoa tamalez azkeneraino, gure elkartearen helburu nabarmena. Agur eta ohore Henrike Knörr filologo euskalduna. Doluminak senideei."

     



  • Patxi Goenaga Mendizabal

    Maiatzaren 15ean, Patxi Goenaga euskaltzain osoari omenaldia egin zitzaion Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko Letren Fakultateko areto nagusian. Izan ere, aurten 30 urte bete dira Goenagak Gramatika Bideetan liburua argitaratu zuela. Gainera, Patxi Goenagak 60 urte bete dituela eta, Goenagari hainbat lagunen artean osatu eta ASJU aldizkariak argitaratu duen Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburua eskaini zitzaion. Antzolatzaileen esanetan, "Gramatika Bideetan liburuak mugarri berezia ipini zuen euskal hizkuntzalaritzan".

    Argazkian, omenaldian parte hartu zuten hainbat lagun eta kiderekin batera agertzen da Patxi Goenaga. Euskaltzaindiaren izenean, Jose Luis Lizundia diruzaina izan zen.



  • Karmele Rotaetxe Amusategi

    Maiatzaren 10ean, Mendebalde Kultura Alkarteak Karmele Rotaetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ohorezko euskaltzaina omendu zuen "euskal hizkuntzalaritzan aitzindari eta bidegile" izateagatik. Omenaldia Euskaltzaindiaren areto nagusian izan zen eta bertan izan ziren Euskaltzainburua eta erakundeetako hainbat ordezkari.

    Argazkian, Mendebalde Kultura Alkarteko kideekin.



  • Jorge Cortes Izal

    Maiatzaren 18an, Artaxoako Kultura Astearen barruan, Jimeno Jurio saria eman zioten Jorge Cortes Izal euskaltzain urgazleari. Nafarroako Ikastolen sorreran eta sustapenean lan handia egin zuen Otsagabiako euskaltzain urgazlea Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa ere bada.

    Argazkian, Juan Zelaiarekin batera agertzen da Cortez Izal. Zelaiari ere eman zioten saria.

Jose Ignacio Telletxea Idigoras gogoan

Martxoaren 8an hil zen, Donostian, Jose Ignacio Telletxea Idigoras euskaltzain urgazlea, 79 urte zituela. Fray Bartolome de Carranzaren lana zabaldu zuen, baita Catalina Erauso, Manuel Larramendi, Molinos, Miguel de Unamuno eta beste hainbat pertsonaia historikorena ere. Loiolako Inazioren biografia da, ezbairik gabe, bere lanik ezagun eta zabalduena: Ignacio de Loyola, solo y a pie. Artxibo arakatzaile eta dokumentu ezezagun bilatzaile nekaezina izan zen Telletxea Idigoras.

Hari gorazarre egin nahian, ondoko lerroak idatzi ditu Jose Antonio Arana Martixa euskaltzain osoak.

Telletxea Idigorasi Omenaldi Liburua