Plazaberri

2008-06-06      50. zenbakia

Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
"LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA ELEBERRIAREN EKARPENA XX. MENDEKO EUSKAL NARRATIBAREN TESTUINGURUAN" ARGITALPENA BILBOKO LIBURU AZOKAN BILBOKO LIBURU AZOKAK HENRIKE KNÖRR OMENDU DU EUSKALTZAINDIAREN BILERA BAIONAN
Hitzarmenak
NAFARROAKO GOBERNUA
Ikustekoak
EL ULTIMO REDUCTO DE LOS DIALECTOS IBERICOS
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, maiatzaren 30ean, Iruñean egin zuen batzarrean, hau erabaki zuen.

Exonomastika. "Europako eskualde historiko-politiko nagusiak" araua osatuko duen 7. zerrenda (Ekialdeko eslaviarrak: Ukraina, Bielorrusia eta Errusia) onartu zen. Bestalde, arau horren 8. zerrenda (Portugal, Espainia eta Frantziako eskualde historiko batzuk) aurkeztu zen.

Berriak

"Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan" argitalpena Bilboko Liburu Azokan

Bilboko Liburu Azokak babesturik, "Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan" izeneko argitalpena aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, Bizkaiko hiriburuan, ekainaren 3an. Argitalpena Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia da, eta haren bitartez Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" omendu nahi izan du Akademiak.

Argitalpena maiatzean aurkeztu zen Donostian, Txillardegi bertan izan zela. Bilboko aurkezpenean, aldiz, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera Sebastian Gartzia Trujillo Literatura Ikerketa batzordekidea izan zen mahaian eta berak eman zituen Euskera agerkariaren zenbaki berrian eleberri horretaz argitaratu diren txostenei buruzko zehaztasun guztiak.

Bestalde, Andres Urrutiak Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren aro berriaz hitz egin zuen: besteak beste, urtero hiru zenbaki argitaratuko direla azaldu zuen, horietatik batek ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko dituela gaineratuz. Izan ere, Euskaltzaindiak bere agerkari ofiziala berriztatu du eta egokitu, eduki berriak eskaintzeko asmoz. Horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan dihardutenek ere Euskeran argitaratu ahal izango dituzte euren lanak.

Sebas Gartzia Trujilloren hitzak

Bilboko Liburu Azokak Henrike Knörr omendu du

Bilboko Liburu Azokak Henrike Knörr euskaltzain hil berria omendu zuen, ekainaren 3an, eta Ramon Zumalabe margolariak egindako Henrikeren erretratua oparitu zion familiari. Eneko Knörr seme nagusiak hartu zuen erretratua, Txari Santiago ama eta Iruri arreba bertan zituela.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Asier Muniategi, Liburu Azokaren koordinatzailea; Sebas Gartzia Trujillo, Andres Urrutia eta Eneko Knörr.





  • Henrike Knörr 1947-2008, Euskaltzaindiaren lehen omenaldi xumea

    Liburu Azokak egindako omenaldiarekin bat egiteko asmoz, Euskaltzaindiak Henrike Knörr 1947-2008 omenezko eskuzko argitalpena aurkeztu eta zabaldu du Bilbon. Hauxe da aurkibidea: biografia; "Robert Laxalten. The Basque Hotel" (Henrike Knörr-en artikulua; In Memoriam (euskaltzainek -osoek nahiz urgazleek- Knörr-i buruz idatzi zutenaren isla); eta ohar bibliografikoa.

    Honen aurkezpenean, Andres Urrutiak Henrikeren omenezko hitzak esan zituen. Euskaltzaindiak euskaltzain zendu berria omenduko duela adierazteaz gain -"hau ez da azken omenaldia izango" esan zuen- Jose Luis Lizundia zuzendaritzakideak Knörr-en omenezko hilberri-txostena egingo duela ere iragarri zuen euskaltzainburuak.

    Henrike Knörr 1947-2008 argitalpena

    Bestalde, maiatzaren 8an, Herria astekariak Henrike Knörr-en omenezko bi artikulu argitaratu zituen, bata Jean-Louis Davant euskaltzainak egina, bestea "Lapurtarra" ezizenez sinatua. Hona hemen artikuluak:

    "Lapurtarra": Henrike Knörr Borras euskaltzainari (1947-2008) azken agurra Gasteizen (Herria, 2008-5-8).

    Jean-Louis Davant: Henrike lagünari eta Ziberotik Arabara. (Herria, 2008-5-8).

Euskaltzaindiaren bilera Baionan

Ekainaren 3an, legeak agintzen duen bezala, Euskaltzaindiak urteko bilera egin zuen Baionan, Akademiaren Iparraldeko ordezkaritzan. Bilera horretara Ipar Euskal Herriko euskaltzain oso, ohorezko eta urgazle guztiak deituak dira. Batetik, 2007an egin ziren lanen berri eman zen, eta bestetik 2008an egingo diren eginkizunak aurkeztu ziren.

Hitzarmenak

Nafarroako Gobernua

Maiatzaren 30ean sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuen eta, Foru Gobernuaren izenean, Xabier Azanza Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari-kudeatzaileak.

Akordio horrek babesten dituen Euskaltzaindiaren izaera orokorreko eginkizunez gain, honakoak adostu dira 2008rako:

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egiteko Nafarroako 3 herritako grabazioak euskarritan paratu eta ematea.
  • Euskal Corpus Onomastikoa: Nafarroari dagozkien lanei jarraipena ematea.
  • Argitalpenen hauek kaleratzea: Axularren Gero (berrargitalpena, euskaraz eta gaztelaniaz) eta Edu Zelaietaren Baztan-Bidasoa hizkeren azterketa dialektologikoa.
  • Nafarroako Legeen lexiko juridiko-administratiboa lantzea.
  • Aipaturiko lexikoarekin zerikusia duen terminologiari buruzko mintegia.

Ikustekoak

El último reducto de los dialectos ibéricos izeneko mapa

Mapa hau Ramón Menéndez Pidalek argitaratu zuen 1950etan, berak egindako hainbat ikerketen laburpen gisa. Euskararen historiarentzat bereziki garrantzitsua den arren, ez da batere ezaguna. Gogora dezagun, bide batez, Menéndez Pidal, Espainiako Akademiako buru izateaz gain (1925-1939 eta 1947-1968) euskaltzain urgazlea izan zela Euskaltzaindiaren sorreratik (1919) eta ohorezko euskaltzain izendatua izan zela hil baino apurtxo bat lehenago (1968).

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Bilbon

Ekainaren 27an egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Bilbon, egoitzan, goizeko 10:00etan.

Bisitatu gaituzte

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolaturik, Koldobika Jauregi eskultoreak "Kantu ixila edo barna kanta" izeneko hitzaldia eman zuen, maiatzaren 8an.

Bilbo Zaharra Forum-ek "Axular gaur" izeneko hitzaldi sorta antolatu du, Axular eta Guero -ren gaurkotasunaz hausnartzeko. Lehen hitzaldia Joan Mari Irigoien idazleak eman zuen, ekainaren 4an.