Plazaberri

2008 - 06 - 16      51. zenbakia

Berriak
e-AEB-KO EDUKIA EGUNERATU EAE-KO JARRAIPEN BATZORDEAREN BILERA
Hitzarmenak
EUSKALERRIA IRRATIA
Ikustekoak
HERVÁS Y PANDURO

Berriak

e-AEBko edukia eguneratu

Euskaltzaindiak e-AEBko edukia (Arau-erabakiena) eguneratu egin du, eta Euskaltzaindiaren web gunean dago, bertan kontsultatzeko edota ordenagailura jaisteko: http://www.euskaltzaindia.net/eaeb/

Hauek dira berrikuntzak:

  • 151. araua gehitu da: "Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak".
  • JAGONET kontsulta zerbitzuko edukia sartu da.
  • Hiztegi Batuan E letra eguneratu da, ea - eroankizun hitzen artekoa.
  • 38. araua -"Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak"- eguneratu da, Kosovo gehituz.
  • Euskal Onomastikaren Datutegia eguneratu da.

EAEko Jarraipen Batzordearen bilera

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Euskaltzaindiarekin sinatua duten hitzarmeneko Jarraipen Batzordea ekainaren 11n bildu zen Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Iazko eginkizunen txosten teknikoa eta diru-kontuen balantzea onartzea eta aurtengo diru-laguntzen egoera aztertzea izan ziren bilerako gai nagusiak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jone Agirregoikoa Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria; Estibaliz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia; Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustazeko zuzendari nagusia; Jose Antonio Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendaria; Agustin Otsoa Eribeko, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol zuzendaria; Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua; Andres Urrutia, euskaltzainburua; Jose Luis Lizundia, Euskaltzaindiaren diruzaina; Andres Iñigo, Euskaltzaindiaren Jagon sailburua; eta Juan Jose Zearreta, Euskaltzaindiaren kudeatzailea. Bileran Pello Telleria Euskaltzaindiaren idazkariordea ere izan zen.

Hitzarmenak

Euskalerria Irratia

Ekainaren 12an, Euskalerria Irratiak eta Euskaltzaindiak lehendabiziko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Iruñean, irratiaren egoitzan. Hitzarmen horrek, bi erakundeen arteko loturak sortzea du helburu, elkarren aitorpenetik abiatuz. Biak elkarlanean arituko dira, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.

Euskalerria Irratiaren izenean Jose Antonio Solano Iruñeko Komunikabideak S.A. enpresaren kontseiluburuak eta Mikel Bujanda zuzendariak sinatu zuten eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldian Andres Iñigo, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzain nafarrak, Jose Luis Lizundia diruzaina, Juan Jose Zearreta kudeatzailea eta Pello Telleria idazkariordea ere izan ziren.

Ikustekoak

Hervas y Panduro

Biblioteca jesuítico-española (1759-1799) / Lorenzo Hervás y Panduro ; estudio introductorio, edición crítica y notas, Antonio Astorgano Abajo. -- Madrid : Libris, 2007.

Lehen aldiz argitaratzen da Loiolako bibliotekan dagoen eskuizkribu hori, euskal kulturarentzat eta euskararentzat ere garrantzi handia duena. A. Astorganoren hitzaurre, bibliografia eta ohar ugariez gain, XVIII. mendean Espainiako Monarkiaren lurraldeetatik egotzitako 495 jesuita nabarmenen biografia eta lan-zerrenda zehatzak dira liburuaren funtsa, tartean hainbat euskaldun, ezagunak (Larramendi, Mendiburu, Kardaberaz...) edo ez hain ezagunak (Calatayud, Idiakez, Miner, Mentxaka, Martinikorena, Zuloaga...). Laburbilduz, orduko euskal kulturaren argazki interesgarria.

Patxi Altunak esan ohi zuen jesuiten 1767ko erbesteratzeak ondorio ezin tamalgarriagoak izan zituela euskal kulturarentzat, haien gidaritzapean loratzen ari zen kultur pizkundea guztiz ito zuelarik. Badirudi iritzi hori bat datorrela Hervás-ek baieztatzen duenarekin: "Las circunstancias del abatimiento de los jesuítas impidió [sic] la publicación de las importantes obras que [Larramendi] escribió en Loyola desde el año 1756..." (324. or.)