Plazaberri

Plazaberri

2008 - 06 - 25      52. zenbakia

Berriak
EUSKALTZAINDIAK BERE NAZIOARTEKO XVI. BILTZARRA EGINGO DU IRUÑEAN LITERATURA TERMINOEN HIZTEGIA AURKEZTU DA
Literatur Sariak
2008KO LAU LITERATUR SARI NAGUSIAK ABIAN
Batzordeak lanean
CORPUS BATZORDEA

Berriak

Euskaltzaindiak bere Nazioarteko XVI. Biltzarra egingo du Iruñean

Ekainaren 18an, Iruñeko ordezkaritzan, Euskaltzaindiak bere XVI. Nazioarteko Biltzarra aurkeztu zuen. Urriaren 6tik 10era Nafarroako hiriburuan egingo den biltzar horrek "Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina" titulupean burutuko da eta Pirinioetako mendikate zabalaren bi aldeetako hizkuntzak eta kulturak ikertuko dira bertan. Horrela adierazi zuten Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jose Luis Lizundia Biltzarraren Antolakizun Batzordearen buruak, Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak eta Joseba Lakarra Batzorde Akademikoaren idazkariak.

Euskaltzainburuak esan zuenez, "aste oso batean zehar aztertuko baitira Pirinioetako hizkuntza historikoen nondik norakoak. Hartara, euskara, aragoiera, katalan eta okzitanieraren hainbat alor ikertuko dira, hala nola, euren historia, dialektologia, literatura, soziolinguistika, teknologia berriak eta toponimia, aditu eta jakitun askoren ekarriak bilduz".

Jose Luis Lizundiak Institut d' Estudis Catalans, Association Internationale d' Estudes Occitanes eta Academia de l' Aragonés erakundeekin izandako harremanen berri eman zuen, horien guztien partaidetza Iruñean izango delarik. "Pirinioek -esan zuen- ez dituzte hizkuntzak bereizten".

Ondoren, Andres Iñigok Iruñean egiteko arrazoiak eman zituen: "Nafarroa dugu mendilerro horren hasierako edo amaierako (segun eta nondik begiratu nahi diogun) egungo Autonomia Erkidegoa, eta Iruñea bera (Pampilona), orain dela 12 mende, mendikate horren inguruan sortu zen lehendabiziko erresuma, eta orduko hizkuntza nola hala bizirik mantendu duena eta azken bolada honetan pixkanaka loratzen ikusten ari dena".

Azkenik, Joseba Lakarrak egitarauaren xehetasun batzuk eman zituen. Hala, Biltzarraren sarrera hitzaldia Michael Metzeltin Vienako Unibersitateko irakasle eta erromanista ospetsuak egingo duela iragarri zuen, bai eta maila handiko adituak izango direla ere, orotara hogeita hamar baino gehiago izango direlarik.


  • Txostenak aurkezteko deia

    2009an, Euskaltzaindiak 90 urte beteko ditu eta XVI. Biltzarra izango da, hain zuzen ere, urteurrenaren lehen ospakizuna. Gizartearekin batera ospatu nahi duen seinale, Euskaltzaindiak dei zabala egiten du ikertzaileek parte har dezaten XVI. Biltzarrean. Horretarako, ondoko gaiotan jaso nahi lituzke txostenak: a) Euskararen historia eta historiaurrea; b) Euskal dialektologia eta onomastika; c) Euskal literatura; d) Euskararen historia soziala; e) Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak.

    Txostenak aurkezteko epea uztailaren 17an amaituko da.

    Sortu ahala, Euskaltzaindiak informazioa zehatza eskainiko du, eten gabe, bere webgunean: http://www.euskaltzaindia.net/

Literatura Terminoen Hiztegia aurkeztu da

Ekainaren 20an, Literatura Terminoen Hiztegia aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Hiztegia Akademiaren "Hiztegiak" bildumaren zenbaki berria da eta Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak egin du. BBK-ren laguntzaz argitaratu da. Aurkezpena honako hauek egin zuten: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Jean Haritschelhar, Literatura Ikerketa batzordeburuak; Lourdes Otaegi, batzordearen idazkariak; eta Gorka Martinez, BBK Fundazioaren buruak.

Andres Urrutia pozik agertu zen, "bide luze baten ondoren" Hiztegia kalean dagoelako. Hiztegiaren xede nagusia azpimarratu zuen -"Literaturaren teoria, historia, eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea"- eta Hiztegia egin duten guztiak zoriontzeaz gain, Bilbao Bizkaia Kutxari eman zizkion eskerrak, "BBK-k posible egin duelako Hiztegi hau gure artean agertzea".

Gorka Martinez BBK Fundazioaren burua mintzatu zen ondoren. BBK-k Akademiari zor dion errespetua aipatu zuen -"hau bezalako egitasmoetan behin eta berriro hartuko dugu parte, Akademiak egiten duen lana ezinbestekotzat jotzen baitugu"- eta aurrerantzean ere Euskaltzaindiarekin elkarlanean aritzeko asmo irmoa erakutsi zuen.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Sebas Gartzia Trujillo, Xabier Altzibar, Karlos Otegi, Patri Urkizu, Lourdes Otaegi, Jon Kortazar, Gorka Martinez, Andres Urrutia, Ur Apalategi, Jean Haritschelhar, Ana Toledo, Txomin Peillen, Mari Jose Olaziregi, Jon Casenave, Gorka Aulestia eta Patxi Salaberri Muñoa. Horiezaz gain, hauek ere izan ziren ekitaldian: Iñaki Aldekoa, Kaxildo Alkorta, Kepa Altonaga, Ricardo Badiola, Juan Manuel Etxebarria, Pruden Gartzia, Manu Ormazabal, Pello Telleria, Patxi Uribarren eta Juan Jose Zearreta.

Lourdes Otaegi: Literatura Terminoen Hiztegia zer da

Hiztegiak 800 orrialde ditu, 610 hiztegi sarrera eta 25 igorpen.

Hiztegiaren aurkibidea

Hiztegi-sarreren egileen izenak

Jean Haritschelhar: Eskaintza: Juan Mari Lekuona Literatura Ikerketa batzordeburu ohiari

Literatura terminoak lau hizkuntzatan

Liburua eskuratzeko

Literatur Sariak

2008ko lau literatur sari nagusiak abian

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak, bi erakundeok aspaldidanik antolatzen dituzten lau literatur sarien aurtengo deialdia kaleratu dute. Jakina denez, sariak lau dira: Txomin Agirre eleberri-saria, Toribio Altzaga antzerki-saria, Felipe Arrese-Beitia olerki-saria eta Mikel Zarate saio-saria.

Lanak aurkezteko epea 2008ko urriaren 16an amaituko da, eta lanak helbide honetara bidaliko: Bilbao Bizkaia Kutxaren Kultur Gela. Elkano, 20. 48008 Bilbo.

Epaimahaikoen erabakiak 2008ko abenduaren 31 baino lehen iragarriko dira.

Batzordeak lanean

Corpus batzordea

Ekainaren 20an, Euskaltzaindiaren egoitzan bildu zen Corpus batzordea. Hauek izan ziren esku arteko gai nagusiak:

  • Testu-antolatzaileak: jardunaldiaren programa.
  • Batzordeak jaso dituen irizpen-eskaerak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Pello Esnal, Joseba Butron, Igone Etxebarria, Andres Urrutia, Andres Iñigo, Paskual Rekalde eta Juan Luis Goikoetxea.

Bisitatu gaituzte

Bilbo Zaharra Forum-ek "Axular gaur" izeneko hitzaldi sorta antolatu du, Axular eta Guero-ren gaurkotasunaz hausnartzeko. Ekainaren 11n, Aingeru Epaltzak eta Txema Larreak hitz egin zuten.

Bilbo Zaharra Forum-ek antolatutako hitzaldi sorta berean, Aurelia Arkotxak -"Animaliak eta denbora Axularren Gero-n"- eta Beñat Oihartzabalek -"Axularren idazlana Iparraldeko euskarazko testugintzaren historian"- mintzaldi bana eman zuten ekainaren 18an.