Plazaberri

2008 - 07 - 1      53. zenbakia

Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
EUSKALTZAINDIAREN ADIERAZPENA, FRANTSES HIZKUNTZAREN AKADEMIAK 2008KO EKAINAREN 12AN EGINDAKO ADIERAZPENA DELA-ETA HENRIKE KNÖRREN HUTSARTEA LAN-ESKAINTZA OMENALDIA JOSE ANTONIO ARANA MARTIXARI
Literatur Sariak
2007KO LAN SARITUAK KALEAN
Erreseinak
PIERRE LHANDEREN YOLANDA ETA BESTE EUSKARAZKO IDAZLANAK LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUAREN ELEBERRIAREN EKARPENA XX. MENDEKO EUSKAL NARRATIBAREN TESTUINGURUAN
Euskaltzainen hitzak
JOSE LUIS LIZUNDIA: "FADURA" ASKOTAKO HONDAMENDIAK MARCEL ETCHEHANDYK LAPURTAR-BAXENABARTARREZKO BIBLIA ARGITARATU DU
Ikustekoak
THE DUTCH PENDULUM
Datozen ekitaldiak
AURELIA ARKOTXA EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, ekainaren 27an, Bilbon egin zuen osoko batzarra.

Exonomastika. "Europako eskualde historiko-politiko nagusiak" araua osatuko duen 8. zerrenda (Portugal, Espainia eta Frantziako eskualde historiko batzuk) onartu zen.

Berriak

Euskaltzaindiaren Adierazpena, Frantses Hizkuntzaren Akademiak 2008ko ekainaren 12an egindako adierazpena dela-eta

Ekainaren 27an, Bilbon egindako osoko batzarrean, Frantses Hizkuntzaren Akademiak 2008ko ekainaren 12an egindako adierazpenaren karietara, Euskaltzaindiak aho batez onartu zuen bere Adierazpena.

Ekainaren 12an onartu zuen adierazpenean, Frantziako Kontsituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egitearen kontra agertu zen Frantses Hizkuntzaren Akademia. Besteren artean, hauxe esaten da dokumentu horretan: "Bost mendez frantsesak frantziar nortasuna ondu du, eta ondorioa argi ikusten da Konstituzioaren bigarren artikuluan: frantsesa da Frantziako hizkuntza bakarra"

Euskaltzaindiaren Adierazpena

Déclaration de l'Académie de la Langue Basque

Frantses Gobernuari, Euskaltzaindiaren Adierazpena (1994-6-30)

Jean-Louis Davant euskaltzain osoaren artikulua Le Journal du Pays Basque egunkarian: Académiquement vôtre

Txomin Peillen euskaltzain osoaren artikulua Le Journal du Pays Basque egunkarian: Non da ene aberria?

Henrike Knörren hutsartea

Henrike Knörr euskaltzainaren heriotzaren ondorioz hutsik dagoen aulkia betetzeko hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago Euskaltzaindian.

Henrike Knörr zena apirilaren 30ean hil zen. Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duenez, "euskaltzain osoen hutsuneak ohiko batzarrean jakinaraz bitez, eta hutsuneok hornitzeko proposamenak horren hurrengo bi batzarretan aurkeztu ahal izango dira". Hortaz, hutsunea maiatzean iragarri zen eta betetzeko proposamenak ekaineko zein uztaileko batzarretan aurkez daitezke.

Irailean izango den osoko batzarrean egingo da bozketa.

Lan-eskaintza

Euskaltzaindiak, 2007an egin zituen XV. Barne Jardunaldietan, "Euskararen Historia Soziala" egitasmoa sortu zuen. Egitasmoa gauzatu ahal izateko, behar diren giza baliabidez hornitu nahi da proiektu hori.

Une honetan, hiru markatzaile behar dira. Honekin batera aurkezten den dokumentuan eskaintzen da lanpostu horiei buruzko oinarrizko informazioa:

Omenaldia Jose Antonio Arana Martixari

Eusko Ikaskuntzaren Musika Sailak Jose Antonio Arana Martixa omendu zuen Bilbon, ekainaren 27an. Bilboko Koral Elkartearekin batera antolatutako ekitaldi honetan, hauek hartu zuten parte: Cecilio Gerrikabeitia Bilboko Koral Elkartearen presidenteak; Jon Kortazar, Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko buruordeak; Itziar Larrinaga Eusko Ikaskuntzaren Musika Saileko buruak; Antton Zubikarai "Musikene", Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiaren ordezkariak; eta Jon Bagües, "Eresbil" Musikaren Euskal Atxiboaren ordezkariak.

Guztiek Gernikako euskaltzain osoak "euskal kulturari egindako ekarpena publikoki aitortu" nahi izan zuten. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren Musiker: Cuadernos de Música aldizkariak Arana Martixa omentzen du bere 15. zenbakian eta horren aurkezpena ere egin zen ekitaldian. Aldizkariaren ale bat oparitu zioten Arana Martixari, baita plaka bat ere. Amaitzeko, Berziztu Txistuzale Elkarteak kontzertu bat eskaini zuen.

Literatur Sariak

2007ko lan sarituak kalean

2007an saritutako literatura-lanen argitalpenak kalean dira. Hauek dira 2007ko deialdiko irabazleak:

  • Kontrako bidean. Pablo Barrio

    Liburu honek 2007ko Toribio Altzaga saria jaso zuen.

    Laurogei urteren bueltan dagoen Juli eta Ramon senar-emazteek zahar etxea aukeratu dute azken urteak bertan emateko. Gero eta nabariagoak diren hutsuneek salatzen duten moduan, kontrako bidean dauka burua Julik, Alzheimer gaixotasunak jota. Burua argi, gorputza du kontrako bidean Ramonek, "karramarroak" barrua hartuta baitauka, senarra ez beldurtzearren Julik esaten duen moduan.

    Halako batean, greban hasiko dira zahar etxeko zerbitzuetako langileak. Txaro da horietako bat. Kontrako bidea hartu du Txaroren bizitzak ere; berrogei urteak dezente pasatuta eta senarrarekin banandu berria, arrazoi ekonomikoak direla eta, harekin bizitzen jarraitu behar du, etxe berean. Pertsonaia hauek lehen planoan, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeko joera dago atzetik, karramarroarena nagusi hor ere, aurrera itxuran, baina kontrako bidean.

    Liburua eskuratzeko



  • Hitzak orbainetan. Karmele Igartua

    Liburu honek 2007ko Felipe Arrese saria jaso zuen.

    Orbainei eta bizitzak utzitako arrastoei arretaz begiratuz eta mintzatuz idatzitako poema liburua da. Geratu eta izatearen kontzientzia hitzetara ekartzeko behar baten ondorioa ere bada. Zer izan, nola maite gura, eta sentituz idatzi ahala, hitzaren sena igarrarazi nahi duena.

    Zazpi atal dauzka liburuak eta atal bakoitzaren atarian definizio bat jarri eta esanahi bat aletzen da, poemen arteko lotura bat ehunduz. Hitzek orbainetan duten senda indarraren beste aldean, orbainek hitzetan utz dezaketen memoria agerian uzten dute liburu honetan.

    Iragana orbainetan bizi delakoan, garena berritzearen kontzientzian ere badagoelakoan, eta esku ahurrean izan nahi duguna irudika daitekeelakoan idatzitako poema liburua da.

    Liburua eskuratzeko



  • Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan. Julen Arriolabengoa

    Liburu honek 2007ko Mikel Zarate saria jaso zuen.

    XVI. mendearen bigarren erdian zehar, fase ezberdinetan idatzitakoa da Ibarguen-Cachopin Kronika izenaz ezaguna den lana, egileek, Juan Iñiguez de Ibarguen eskribauak eta Cachopin doktorearen semeak, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína izenaz bataiatua. Behin baino gehiagotan azpimarratu zuten lan honen garrantzia, besteak beste, Koldo Mitxelenak, Julio Caro Barojak eta Julio de Urquijok. Ospetsu ere bilakatu zen "munduan" Leloren Kantua izeneko poema zela eta XX. mendearen hasieran. Baina argitaratu gabe dago eta egoera kezkagarrian dirauen eskuizkribua da. Bere 184 koadernoetatik 71 kontserbatzen dira soilik. Arriolabengoak kronika hau aukeratu zuen bere tesia egiteko.

    Liburu honetan, gaztelaniaz idatzitako kronika honetan aurkitu dituen euskarazko testu eta hitz guztiak aurkeztea eta ezagutzera ematea izan du helburu Julen Agirrebengoak. Crónica General honetan aurki litezkeen euskarazko materialen bilketa eta azterketan aurrera eginez, atal banatan sailkatu ditu esaerak, esaldiak, etimologiak eta gaztelaniazko prosan emandako euskal hitz solteak. Eta lan zabal honi amaiera emateko Ibarguen-Cachopin Kronikan lanaren euskarazko materialen hizkera aztertu nahi izan du, ikuspegi dialektologikotik zein historikotik.

    Liburua eskuratzeko

Erreseinak

Pierre Lhanderen Yolanda eta beste euskarazko idazlanak

Argia astekariaren 2.137. zenbakian (2008-5-18) Pilar Iparragirrek egiten duen "Liburutegia" atalean, Euskaltzaindiak argitara emandako Pierre Lhanderen Yolanda eta beste euskarazko idazlanak liburuaren berri ematen da.

Jon Casenavek paratu du liburu hau eta Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" bildumaren 3. zenbakia da.

Argia astekariaren aipamena

Liburua eskuratzeko



Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan

Bestalde, Argiaren 2.142. zenbakian (2008-6-22) "Liburutegia" atal berean, Euskera, 2007, 2: Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan argitalpena aipatzen da.

Argitalpena Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia da, eta haren bitartez Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" omendu nahi izan du Akademiak.

Argia astekariaren aipamena

Liburua eskuratzeko

Euskaltzainen hitzak

Jose Luis Lizundia: "Fadura" askotako hondamendiak

Ekainaren 27an, ostiralez, Berria egunkarian argitaratutako artikulu batean, Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak fadura hitzari buruzko hausnarketa plazaratu zuen.

Hona artikulu horren hasierako paragrafoa: "Getxoko Fadura auzoak oraintsu jasandako uholdeak direla eta albiste eta artikulu ugari irakurri ditut. Egunkari honetan agertutako bi aipatuko ditut, bata, Fredi Paia getxoztarrarena eta, bestea. Iñaki Antiguedaderi egindako elkarrizketa. Arira datoz biak".

Jose Luis Lizundiaren artikulua Berria egunkarian

Marcel Etchehandyk lapurtar-baxenabartarrezko Biblia argitaratu du

Marcel Etchehandy euskaltzain urgazleak lapurtar-baxenabartarrezko Biblia argitaratu du eta horrela 1973an hasitako lana burutu. Izan ere, urte horretan Biblia lapurtar-baxenabartarrez euskarartzeari ekin zion Etchehandyk. 1994an, Elizen Arteko Biblia agertu zen, Hego Euskal Herriko talde batek iztulia. Biblia hori baliatu du Marcel Etchehandyk orain argitaratu duen euskarazko Biblia osatzeko.

Ekainaren 18an, Donostian, Elizen Arteko Bibliaren azken argitalpenen aurkezpena egin zen. Bertan, Marcel Etchehandyrekin batera, Dionisio Amundarain euskaltzain urgazlea ere izan zen.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Dionisio Amundarain, Jose Mari Rementeria eta Martzel Etxehandi.

Marcel Etchehandyren hitzak

Dionisio Amundarainen hitzak

Ikustekoak

The Dutch Pendulum

Noordegraaf, J. The Dutch Pendulum: Lingusitics in the Netherlands 1740-1900, Munster: Nodus Publikationen, 1996.

Aurtengo maiatzean etorri zen Jan Noordegraaf Azkue Bibliotekara bisitan, Uhlenbeck eta Van Eys-i buruzko datuen bila. Bi egun gure artxiboak arakatzen pasatu ondoren liburu hau oparitu zigun, gogoratzen diguna Europako estatu handien ondoan badirela beste txikiago batzuk, eta haien historia ezagutzeak mesede handia egiten ahal digula geurea hobeto ulertzeko. Adibidez, nederlanderaren ortografiaren inguruan izandako borroka handiei buruz, hauxe dio: "In the Netherlands matters of spelling always attract much attention and the Dutch tend to react very emotionally" (56. or.).

Datozen ekitaldiak

Aurelia Arkotxa euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

- Uztailaren 19an, larunbatean, Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Hendaian, Herriko Etxean, goizeko 11:00etan, egitarau honen arabera:

  • Jean-Baptiste Sallaberry auzapezaren ongietorria
  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Aurelia Arkotxaren sarrera-hitzaldia: "Bazterrez"
  • Beñat Oihartzabal euskaltzainaren erantzuna
  • Euskaltzain berriari domina eta diploma ematea

- Uztailaren 18an, arratsaldeko 15:30etan, egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra, Hendaian.

Bisitatu gaituzte

Sho Hagio Nagoyako (Japonia) Teknologia Institutuko irakaslea Euskaltzaindian izan zen, ekainaren 24an. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Pello Telleria, Andres Urrutia, Jone Agirregoikoa, Araceli Diaz de Lezana eta Sho Hagio.