Plazaberri

2008 - 07 - 15      54. zenbakia

Berriak
PEDRO DE YRIZAR-EK EUSKAL ADITZ LAGUNTZAILEARI ESKAINITAKO LAN OSOAREN AZKEN LIBURUA AURKEZTU DA JEAN-LOUIS DAVANTEK IDATZI DU XIBEROKO JAUNA, AURTENGO PASTORALA
Hitzarmenak
EUSKAL HERRIKO UNIBERSITATEA IVAP GERNIKAKO UDALA
Ikustekoak
EL HECHO COLONIAL ROMANO EN EL ÁREA CIRCUMPIRENAICA OCCIDENTAL

Berriak

Pedro de Yrizar-ek euskal aditz laguntzaileari eskainitako lan osoaren azken liburua aurkeztu da

Uztailaren 10ean, Morfología del verbo auxiliar vasco (compendio / índice / index) liburua aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Aurkezpena honako hauek egin zuten: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Jose Luis Lizundia diruzainak; Koldo Artola ohorezko euskaltzainak; eta Iñigo de Yrizar, Pedro de Yrizarren semeak.

Andres Urrutiak esan zuenez, "zin-zinez ohore handia da niretzat lan honen azken liburuari sarrera hitzak jartzea. Izan ere, eskuan du irakurleak euskal aditz osoa, lekuz leku eta euskalkiz euskalki, ederki atondua eta aurkeztua, ezin baztertuzko ikerketa baten bidez".

Koldo Artolak, egindakoaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: "Perspektibarekin begiratuta, lehenego liburuak argitaratu zirenetik denbora gutxi samar igaro bada ere, iruditzen zait lanak merezi zuela, zenbait lekutan gertatazen ari den transmisio-higaturaren tamalak, alde batetik, eta leku guztietan edo gehienetan euskara batuaren eraginak, bestetik, oso zail egingo bailukete etorkizun hurbilean arestiko urteetan bildu moduko informazioa eskuratzea".

Ondoren, Jose Luis Lizundia mintzatu zen. Gogora ekarri du bera ere "Yrizarren laguntzaileen sare"aren kide izan zela: "Euskaltzain oso, ohorezko edo urgazle askoren bidez, J. San Martin, L. Villasante, E. Erkiaga, J. M. Satrustegi eta bestez baliaturik, izugarrizko harreman sare oparoa sortu zuen Pedro Yrizarrek, euskal herrialde guztietako informatzaileekin hornitua. Egunen baten, familiaren baimen eta laguntzaz, "Pedro Yrizar Sarea" deituko niokeen harreman gutuneria biltzea, sailkatzea eta digitalizatzea litzateke egitasmo oso interesgarria. Zeren eta gutunerian ez lirateke gaur aurkezten dugun Euskal Aditz Laguntzailearen bilduma osoari buruzko tokian tokiko galdera-erantzunak bakarrik aurkituko, baita dialektologiari buruzko iritzi trukaketa aberasgarriak ere".

Amaitzeko, Iñigo de Yrizarrek esker oneko hitzak izan zituen, -"Liburu honek nire aitaren lana biribiltzen du"- bai Euskaltzaindiarentzat, bai eta bere aitari laguntza eman zioten guztientzat ere, bereziki Koldo Artolarentzat -"nire aitak esaten zuen Koldo bere oinak, bere eskuak eta bere burua, dena batera zela"-. Bereziki, Henrike Knörr zena izan du gogoan Iñigo de Yrizarrek. Betidanik aitari emandako laguntzagatik, batetik, eta modu berezian, Memorias de un vascólogo liburua kaleratzako egin zuen lanagatik: "Bera izan baitzen benetan liburu horren argitalpena posible egin zuena".

Azkenik, Yrizarrek egindako lana euskarri informatikoan ipintzeko konpromisoa azaldu zuen euskaltzainburuak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jose Luis Lizundia, Koldo Artola, Andres Urrutia, eta Iñigo de Yrizar eta Pedro de Yrizar semeak.

Andres Urrutiaren hitzak

Koldo Artolaren hitzak

Jose Luis Lizundiaren hitzak

Iñigo de Yrizar-en hitzak



Morfología del verbo auxiliar vasco (compendio / índice / index) Pedro de Yrizar izan zenaren Morfología del verbo auxiliar liburu sortaren azken emaitza da: hamabosgarren liburua. Liburu horietan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketaren oinarri izan zuen Yrizarrek. Lan honetan, Yrizarrek Koldo Artola ohorezko euskaltzaina izen zuen laguntzaile.

Pedro de Yrizar Barnoya 1910eko abuztuaren 11n jaio zen, Azkoitian. Bi urte zituela, Madrilera eraman zuten gurasoek eta han hil zen, 2004ko urtarrilaren 10ean, 93 urte zituela. Madrilen bizi bazen ere, euskal gaiak ez zituen inoiz baztertu eta euskarari buruzko ikerlan ugari argitara eman zuen bere bizitzan.

Euskal aditza eta euskalkiak dira, hain zuzen ere, gehien jorratu zituen gaiak. Beti ere Louis-Lucien Bonaparteri jarraikiz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen eta liburu zehatzak osatu zituen, mapa ugariz hornituak. Liburu horiek guztiak Euskaltzaindiak argitaratu ditu. "Ez dago euskal aditzaren egitura bezalakorik -esaten zuen Yizarrek berak- bakarra da. Badaude antzeko batzuk, baina ez da gauza bera".

Horiek horrela, euskal aditz laguntzailearen morfologiaren bilketa sistematikoa egin duen bakarra da Pedro de Yrizar eta kontsultarako erreferentzia bihurtu da bere lana.

Liburuaren aurkibidea

Liburua eskuratzeko

Jean-Louis Davantek idatzi du Xiberoko jauna, aurtengo pastorala

Jean-Louis Davant euskaltzain osoak idatzi du Xiberoko Jauna, aurtengo uztailaren 27an eta abuztuaren 3an Ündüreinen eskainiko den pastorala. Oier III. Zuberoako azken bizkondearen bizitza kontatzen du pastoralak. Davantek pastoral ugari idatzi ditu. 2004an, berak eginiko Antso Handia izen zen antzeztu zen pastorala.

Hitzarmenak

Euskal Herriko Unibertsitatea

Euskal Herriko Unibersitateak eta Euskaltzaindiak aurtengo lankidetza hitzarmena sinatu dute. Akordio horren arabera, 2008an, "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria"-ren lehenengo edizioa antolatuko dute bi erakundeek. Sari hau euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz sortua da eta bi urterik behin deituko da.

Argazkian, sari hau aurkezteko Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea; Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko errektorea; Andres Urrutia euskaltzainburua; eta Joseba Lakarra EHUko katedraduna eta euskaltzain osoa. Aurkezpen horretan Jose Luis Lizundia eta Andres Iñigo zuzendaritzakideak ere izan ziren.

IVAP

Euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburuarekin, hiru urteko iraupena izango duen hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, IVAP-ek. Besteak beste, bi erakundeek Administrazio eta Zuzenbide arloan batera jardungo dute, eta Euskaltzaindiak sortuko duen Administrazioa eta Zuzenbide Hiztegia lantaldean IVAP-ek parte hartuko du.

Horrezaz gain, hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:

  • IVAP-ek eta Euskaltzaindiak elkarri euren ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
  • Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskarazko terminologiaren arloan nahiz zabalkunde-lanen alorrean.
  • IVAP eta Euskaltzaindia elkarlanean arituko dira, euren funtsak elkarren eskura jartzeko.
  • Lankidetza politika bultzatuko dute ikastaroak eta jardunaldiak eginez.

Gernikako Udala

Gernikako toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea xede duen lankidetza hitzarmena sinatu dute Gernikako Udalak eta Euskaltzaindiak.

Hitzarmen horren arabera, Euskaltzaindiaren eginkizunik nagusiena izango da toponimia bildu, finkatu, arautu eta normalizatzeari buruzko aholkuak eta irizpenak eskaintzea. Era berean, Akademiari dagozkio ikerketaren zuzendaritza eta aholkularitza zereginak.

Ikustekoak

El Hecho Colonial Romano en el Área Circumpirenaica Occidental

Larrañaga, Koldo. El Hecho Colonial Romano en el Área Circumpirenaica Occidental, Vitoria-Gasteiz, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.

Azken urteotan euskararekin lotutako polemika akademiko ziur aski handienak haren antzinarora eramaten gaitu. Beraz, interes berezia izan dezake ziklikoki hizpide joria sorrarazten duen erromatar garaiari begiratu orokor bat emateak. Hori da Koldo Larrañagak liburu honetan egin nahi izan duena, informazio aberatsa, eguneratua eta zehatza eskainiz. EHUren Anejos de Veleia bilduman argitaratu da, Juan Santos Yanguasen hitzaurre batekin.