Plazaberri

Plazaberri

2008 - 07 - 30      56. zenbakia

2008ko argitalpenak
EUSKERA AGERKARIA EUSKALTZAINDIAREN OROITIDAZKIA LITERATUR LEHIAKETETAN SARITUAK IKER BILDUMA HIZTEGIAK BILDUMA EUSKALTZAINAK BILDUMA EUSKAL ADITZAREKIKO IKERKETAK ONOMASTICON VASCONIAE

2008ko argitalpenak

Zazpi hilabeteko uzta

Euskaltzaindiak urtarriletik hona kaleratu dituen liburuak bildu dira hemen. Aurten, berriztasun batzuk badaude, egon. Batetik, Euskera Akademiaren agerkari ofizialak etapa berri bati ekin dio, eta hemendik aurrera euskalgintzan dabiltzanek ere aukera izango dute euren lanak bertan argitaratzeko. Bestetik, Literatura Ikerketa Batzordearen urte askotako lanaren emaitza den Literatura Terminoen Hiztegia kaleratu da.

Pedro de Yrizarren Morfología del verbo auxiliar liburu sortaren azken liburuak, bai eta aspaldian burutu ziren bi ekitaldi akademikoren emaitzek ere argia ikusi dute 2008 honetan: Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra eta III. Onomastika Jardunaldien agiriak (Lizarra, 1990eko iraila) liburuak.

Orobat, "Euskaltzainak" eta "Iker" bildumek ere euren emaitzak eman dituzte, eta Literatur lehiaketetan sarituak izan diren liburuak kalean dira jadanik. Guztiek osatzen dute 2008ko zazpi hilabete hauetako Euskaltzaindiaren argitalpen arloaren uzta.

Euskera agerkaria

Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan

Euskera da Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala, 1920. urtetik argitaratzen dena. Aurten etapa berri bat hasi du Euskerak, eta hemendik aurrera, Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren hiru zenbaki argitaratuko dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu beren beregi. Horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan dihardutenek ere Euskeran argitaratu ahal izango dituzte euren lanak.

  • Euskera 2007, 2
    • Argitaratzailea: Euskaltzaindia. ISBN: 85479

      23 x 16 cm; 296 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara - Frantsesa. Prezioa: 10 €

      Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko argitalpena Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren etapa berriaren lehen zenbakia da, eta haren bitartez Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" omendu nahi izan du Akademiak.

      2007an, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Leturiaren egunkari ezkutua eleberriari buruzko hitzaldi-sorta prestatu zuen. Hitzaldi horien emankizuna Euskal Herriko Unibertsitatearen 2007ko Udako Ikastaroen barnean txertatu zen, biltzar moduan. Bertan, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak euskal eleberrigintzaren bilakaeran Leturiaren egunkari ezkutuak ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa egiteko helburutzat, haren zenbait alderdi jakin aztertzearekin batera. Biltzarraren zuzendaria Lourdes Otaegi Imaz Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen idazkaria izan zen. Bitzar horren emaitza jaso da liburu honetan.

Liburua eskuratzeko

Oroitidazkia

2007ko Oroitidazkia

Euskaltzaindiaren 2007ko Oroitidazkia Euskaltzaindiaren web gunean jarrita dago, hots, argitalpen digitala da. Euskaltzaindiak 2007an egin zituen lanen berri ematen duen argitalpena da hau.

Testua ikusteko

Literatur Sariak

Literatur lehiaketetan sarituak

2007. urtean saritutako literatura-lanak argitaratu dira 2008an. Hauek dira 2007ko deialdiko irabazleak:

  • Kontrako bidean
    • Egilea: Pablo Barrio. ISBN: 978-84-8056-266-9

      Editorea: BBK - Euskaltzaindia. 21 x 15 cm; 80 orr.; azal arrunta

      2007an Toribio Altzaga Antzerki saria irabazi zuen lana

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 5 €

      Laurogei urteren bueltan dagoen Juli eta Ramon senar-emazteek zahar etxea aukeratu dute azken urteak bertan emateko. Gero eta nabariagoak diren hutsuneek salatzen duten moduan, kontrako bidean dauka burua Julik, Alzheimer gaixotasunak jota. Burua argi, gorputza du kontrako bidean Ramonek, "karramarroak" barrua hartuta baitauka, senarra ez beldurtzearren Julik esaten duen moduan.

      Halako batean, greban hasiko dira zahar etxeko zerbitzuetako langileak. Txaro da horietako bat. Kontrako bidea hartu du Txaroren bizitzak ere; berrogei urteak dezente pasatuta eta senarrarekin banandu berria, arrazoi ekonomikoak direla eta, harekin bizitzen jarraitu behar du, etxe berean. Pertsonaia hauek lehen planoan, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeko joera dago atzetik, karramarroarena nagusi hor ere, aurrera itxuran, baina kontrako bidean.

Liburua eskuratzeko

  • Hitzak orbainetan
    • Egilea: Karmele Igartua. ISBN: 978-84-8056-265-2

      Editorea: BBK - Euskaltzaindia. 21 x 15 cm; 80 orr., azal arrunta

      2007an Felipe Arrese Beitia Olerki saria irabazi zuen lana

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 5 €

      Orbainei eta bizitzak utzitako arrastoei arretaz begiratuz eta mintzatuz idatzitako poema liburua da. Geratu eta izatearen kontzientzia hitzetara ekartzeko behar baten ondorioa ere bada. Zer izan, nola maite gura, eta sentituz idatzi ahala, hitzaren sena igarrarazi nahi duena.

      Zazpi atal dauzka liburuak eta atal bakoitzaren atarian definizio bat jarri eta esanahi bat aletzen da, poemen arteko lotura bat ehunduz. Hitzek orbainetan duten senda indarraren beste aldean, orbainek hitzetan utz dezaketen memoria agerian uzten dute liburu honetan.

      Iragana orbainetan bizi delakoan, garena berritzearen kontzientzian ere badagoelakoan, eta esku ahurrean izan nahi duguna irudika daitekeelakoan idatzitako poema liburua da.

Liburua eskuratzeko

  • Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan.
    • Egilea: Julen Arriolabengoa. ISBN: 978-84-8056-264-5

      Editorea: BBK - Euskaltzaindia. 21 x 15 cm; 318 orr.; azal arrunta

      2007an Mikel Zarate Saiakera saria irabazi zuen lana

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 15 €

      XVI. mendearen bigarren erdian zehar, fase ezberdinetan idatzitakoa da Ibarguen-Cachopin Kronika izenaz ezaguna den lana, egileek, Juan Iñiguez de Ibarguen eskribauak eta Cachopin doktorearen semeak, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína izenaz bataiatua. Behin baino gehiagotan azpimarratu zuten lan honen garrantzia, besteak beste, Koldo Mitxelenak, Julio Caro Barojak eta Julio de Urquijok. Ospetsu ere bilakatu zen "munduan" Leloren Kantua izeneko poema zela eta XX. mendearen hasieran. Baina argitaratu gabe dago eta egoera kezkagarrian dirauen eskuizkribua da. Bere 184 koadernoetatik 71 kontserbatzen dira soilik. Arriolabengoak kronika hau aukeratu zuen bere tesia egiteko.

      Liburu honetan, gaztelaniaz idatzitako kronika honetan aurkitu dituen euskarazko testu eta hitz guztiak aurkeztea eta ezagutzera ematea izan du helburu Julen Agirrebengoak. Crónica General honetan aurki litezkeen euskarazko materialen bilketa eta azterketan aurrera eginez, atal banatan sailkatu ditu esaerak, esaldiak, etimologiak eta gaztelaniazko prosan emandako euskal hitz solteak. Eta lan zabal honi amaiera emateko Ibarguen-Cachopin Kronikan lanaren euskarazko materialen hizkera aztertu nahi izan du, ikuspegi dialektologikotik zein historikotik.

Liburua eskuratzeko

Iker bilduma

Euskaltzaindiaren Iker Saila

Iker bilduman hiztegigintzaz, gramatikaz, onomastikaz, literaturaz edota dialektologiaz diharduten lanak argitaratzen dira.

  • Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra
    • Egilea: Askoren artean. ISBN: 978-84-95438

      Editorea: Euskaltzaindia. 24 x 16 cm; 566 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara - Gaztelania - Frantsesa - Ingelesa. Prezioa: 18 €

      Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra. liburu horretan, 2001ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskaltzaindiak burutu zuen XV. Nazioarteko Biltzarraren emaitza jasotzen da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 19. zenbakia da eta euskararen historia, hiztegigintza eta hizkuntza ereduak gaiei buruz egindako hitzaldiak, txostenak eta mahai-inguruak biltzen ditu.

Liburua eskuratzeko

  • Jean Haritschelhar-i omenaldia
    • Egilea: Askoren artean. ISBN: 978-84-95438-33-1

      Editorea: Euskaltzaindia. 24 x 16 cm; 760 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara - Gaztelania - Frantsesa. Prezioa: 20 €

      Jean Haritschelhar-i omenaldia izeneko liburua, Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari eskaini dion omenaldi-liburua da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 21. zenbakia da. Beñat Oihartzabal buruordea eta Jose Luis Lizundia diruzaina izan dira arduradunak.

      Hizkuntza, literatura eta historiari buruz 33 kidek -euskaltzain oso, ohorezko eta Literatura Ikerketa batzordekidek- idatziriko lanek osatzen dute liburua.

Liburua eskuratzeko

Hiztegiak bilduma

Literatura Hiztegia

  • Literatura Terminoen Hiztegia
    • Egilea: Askoren artean. ISBN: 978-84-95438-34-8

      Editorea: Euskaltzaindia. 23 x 16 cm; 824 orr.; kartonezko azala

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 25 €

      Literatura Terminoen Hiztegia Akademiaren "Hiztegiak" bildumaren zenbaki berria da eta Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak egin du. BBK-ren laguntzaz argitaratu da.

      Hiztegia euskal literaturako terminoen hiztegiaren lehen edizioa eta saioa da eta hauxe da bere xede nagusia: literaturaren teoria, historia, eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea. Beste edozein literatura terminoen hiztegiren edukia euskaraz emateaz gain, euskal literaturari atxikiriko azalpenak, adibideak eta ereduak eskaintzen ditu. Bestalde, ahalegin berezia egin da literaturari buruzko ikaskuntzen garapenaren berri eguneratua emateko, hala nazioarte mailakoa, nola euskal esparrukoa.

      Hiztegian 610 sarrera jaso dira.

Liburua eskuratzeko

Euskaltzainak bilduma

Euskaltzainen obrak

Euskaltzaindiak "Euskaltzainak" bilduma sortu zuen 2007an. Bertan euskaltzain izan diren eta direnen obrak eta eurei buruzko azterketak argitaratuko ditu Akademiak. Bestalde, Euskaltzaindiaren historiarako esanguratsu gertatu diren hainbat egileren lanak ere kaleratuko dira bilduma horretan.

  • Pierre Broussain: Sa contribution aux etudes basques
    • Egilea: Pierre Charritton. ISBN: 978-84-95438-35-5

      Editorea: Euskaltzaindia. 24 x 17,50 cm; 332 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Frantsesa. Prezioa: 12 €

      "Euskaltzainak" bildumaren bigarren liburukia da eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Akademiaren arteko elkarlanaz argitaratu da. Pierre Charritton euskaltzainaren tesia da. Bertan Pierre Broussain izan zenak euskal kulturari eginiko ekarpena aztertzen du Charrittonek.

Liburua eskuratzeko

  • Pierre Lhande. Yolanda eta beste euskarazko idazlanak
    • Egilea: Pierre Lhande. Pratzailea: Jon Casenave. ISBN: 978-84-95438-36-2

      Editorea: Euskaltzaindia. 24 x 17,50 cm; 104 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10 €

      Akademiaren Euskaltzainak bildumaren 3. zenbakia da eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Akademiaren arteko elkarlanaz argitaratu da. Jon Casenavek prestatu du eta berak esan bezala, "erran daiteke lehen gerla ondoko euskal kulturan aurkitzen ziren eztabaida nagusiak ageri direla Yolanda eleberrian: hizkuntza mailan, literatura mailan, historia eta sinbolika mailan".

Liburua eskuratzeko

Pedro de Yrizarren lana

Euskal aditzarekiko ikerketak

  • Morfología del verbo auxiliar vasco (compendio / índice / index)
    • Egilea: Pedro de Yrizar. ISBN: 978-84-95438-38-6

      Editorea: Euskaltzaindia. 28 x 21 cm; 960 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Gaztelania. Prezioa: 12 €

      Morfología del verbo auxiliar vasco (compendio / índice / index) liburua Pedro de Yrizar izan zenaren Morfología del verbo auxiliar liburu sortaren azken emaitza da: hamabosgarren liburua. Liburu horietan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketaren oinarri izan zuen Yrizarrek.

      Pedro de Yrizarrek euskarari buruzko ikerlan ugari argitara eman zuen bere bizitzan. Euskal aditza eta euskalkiak dira, hain zuzen ere, gehien jorratu zituen gaiak. Beti ere Louis-Lucien Bonaparteri jarraikiz, euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia oso-osorik aztertu zuen eta liburu zehatzak osatu zituen, mapa ugariz hornituak. Liburu horiek guztiak Euskaltzaindiak argitaratu ditu. "Ez dago euskal aditzaren egitura bezalakorik -esaten zuen Yizarrek berak-bakarra da. Badaude antzeko batzuk, baina ez da gauza bera".

      Euskal aditz laguntzailearen morfologiaren bilketa sistematikoa egin duen bakarra da Pedro de Yrizar eta kontsultarako erreferentzia bihurtu da bere lana.

Liburua eskuratzeko

Onomasticon Vasconiae

Onomastika eta Toponimia

Euskaltzaindiaren "Onomasticon Vasconiae" bilduman Euskal Herriko leku askotako toponimoak jaso dira. Pertsona eta leku izenen garrantziaz oharturik, Akademiak bilduma hau abian jarri zuen aspaldian, tokian tokiko izenak biltzeko, aztertzeko eta forma idatziak finkatzeko asmoz.

  • III. Onomastika Jardunaldien agiriak (Lizarra, 1990eko iraila)
    • Egilea: Askoren artean. ISBN: 978-84-85479-63-7

      Editorea: Euskaltzaindia. 27 x 17 cm; 606 orr.; kartone azala

      Hizkuntza: Euskara - Gaztelania - Frantsesa. Prezioa: 15 €

      Liburuak 1990eko iraileko III. Onomastika Jardunaldietan aurkeztutako hitzaldi eta txosten guztiak biltzen ditu. Lizarran egin ziren jardunaldi horiek, herri horren Foruaren 900. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez eta bertako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesaz.

      Guztira, 27 lan jaso dira, Europa mailako aditu eta ikerlari ospetsuen eskutik. Horietarik askok Lizarrerriko toponimia dute hizpide -euskarak eskualdean izan zuen bilakaera historikoa ere azaldu zuen Jose Mari Satrustegi zenak-, baina beste ikerketa-arlo batzuk ere nabarmendu daitezke.

Liburua eskuratzeko