Plazaberri

2008 - 09 - 16      58. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALTZAINDIA IRUÑEAN
Irailak 18
9:30: Sustapen batzordearen bilera 12:00: Euskaltzaindiaren Jagon bildumako 6. eta 7. liburukien aurkezpena 12:30: Euskaltzaindiaren XII. Jagon Jardunaldiak 19:00: Ageriko ekitaldia

Berriak

Euskaltzaindia Iruñean

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere Nafarroa Oinez festarekin bat egingo du Euskaltzaindiak. Irailaren 18an, Iruñean, zenbait ekitaldi egingo ditu Akademiak: batetik, Sustapen batzordea bilduko da, eta bestetik bi liburu aurkeztuko dira: Zenbait orientabide erregistroen trataeraz eta Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa.

Bestalde, XII. Jagon Jardunaldiak ere burutuko ditu Euskaltzaindiak, Akademiaren Corpus batzordeak antolatuak. Azkenik, ageriko ekitaldia egingo dute Akademiak eta Jaso Ikastolak.

Ekitaldi guztiak aurtengo Oinez antolatzen duen Iruñeko Jaso ikastolan egingo dira.

Ageriko ekitaldia

Iluntzeko 19:00etan, ageriko ekitaldia egingo da, Iruñeko Jaso ikastolarekin batera. Besteak beste, Javier Baztarrika ikastolako presidenteak eta Unai Arellano bertoko hezkuntza zuzendariak hitz egingo dute.

Aingeru Epaltzak ere hartuko du parte bilkura horretan eta "Nola konspirazioa garaitu genuen (Nafarroako euskal literatura garaikidea)" izeneko mintzaldia emango.

Hona hemen ageriko ekitaldiaren egitaraua:

  • Agurra: JAVIER BAZTARRIKA, ikastolako lehendakaria.
  • Aurkezpena: UNAI ARELLANO, ikastolako hezkuntza zuzendaria
  • Hitzaldia: Nola konspirazioa garaitu genuen (Nafarroako euskal literatura garaikidea). AINGERU EPALTZA, idazlea.
  • Azken hitzak: ANDRES URRUTIA, euskaltzainburua.
  • Oinez 08ko bideoklipa: Atera ezazu mihia.

Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 6. eta 7. liburukien aurkezpena

Zenbait orientabide erregistroen trataeraz izeneko liburua Euskaltzainiaren Jagon bildumako 6. liburua da. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren eta Akademiaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bion arteko harremana aspaldikoa da, eta 2004an sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Euskara zaintzeko eta eredu onak irakasteko orientabide eta proposamenak biltzen dituen liburu hau elkarren arteko lanaren azken emaitza da.

Erramun Osa, Jagon Sailaren Sustapen batzordeko idazkaria







Jagon bildumaren 7. liburuak, aldiz, Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa du izenburua eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik. Esnalek berak azpimarratzen duenez, liburu honek euskararen egokitasuna du langai, "galdera bat gidari: nola ekoiztu euskara egokia? Eta erantzuten ere saiatu gara: besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz".

Pello Esnal, Jagon Sailaren Corpus batzordekidea

Euskaltzaindiaren XII. Jagon Jardunaldiak

Irailaren 18an, Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatuak, XII. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Akademiak, Iruñeko Jaso ikastolan, "Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa" gaiaren inguruan. Pello Esnalek koordinatutako liburua izango da abiapuntua gai honetaz hausnartzeko.

Euskara egokia ekoitzi nahi bada, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabili behar dira. Gramatika ezinbestekoa da, baina hizkuntza baten erabileran dena ez da gramatika betetzea; nahitaezkoa da gramatika betetzea, baina ez da nahikoa. Gramatikaz haratago, estrategien mundua dago. Eta horixe da lan honen gai nagusia. Estrategiak erabakia esan nahi du. Gramatika-arauak kontuan hartu ondoren, euskal hiztunak erabakiak hartu behar ditu eta erabakiak hartzeko gaitasuna behar du, funtsean, bere buruaren jabe izatera heldu behar du euskararen erabileran ere.

Lan honetan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu dira. Baina horiek ez dira lan honen gai nagusia, estrategiak baizik. Edo hobeki esanda: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa.

Lan hau euskal testugintzan kokatu nahi izan da. Ibilaldi luzea geratzen da oraindik euskararen normalizazio bikoitzean. Baliabide eta euskara-erabiltzaile guztion beharra izango da, aurrera egin nahi bada. Baina, baliabide guztien artean, ezinbestekoa izango da geure gaitasun estrategikoa lantzea eta baliatzea, geure erabakimena areagotzea. Horretarako laguntza izan nahiko luke lan honek.

Jardunaldietan, lau esperientzia jorratuko dira, modu zehatzean: gazteen idazkera, helduen euskalduntze eta alfabetatze mundua, hedabideen praktika eta legeetako eta administrazioko testuak.

Hona hemen egitaraua:

  • 12:30 - 13:30: Aurkezpen hitzaldia:
    Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa, PELLO ESNAL, lanaren egilea, Euskaltzaindia.
  • 16:00: Testu antolatzaileen aplikazioa:
    16:00 - 16:30: Gazteriaren idazkerarako argitasuna eta garbitasuna, JUAN LUIS GOIKOETXEA, Euskaltzaindia.
    16:30 - 17:00: Euskararen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alfabetatzearen helburu, LOURDES ELOSEGI, HABE.
    17:00 - 17:15 Galderak.
    17:15 - 17:30 Atsedenaldia.
    17:30 - 18:00:
    Hedabideak, LOREA AGIRRE, Berria egunkaria.
    18:00 - 18:30: Legeetako eta administrazioko testuak, ANDRES URRUTIA, Euskaltzaindia.
    18:30 - 18:45 Galderak.

Jardunaldiak irekiak dira, hots, entzule bezala joan daiteke nahi duena. Jaso Ikastola Iruñeko Mendebalde auzoan dagoen Miluze, 14an dago.

Argazkian, Euskaltzaindiaren Corpus Batzordea, XII. Jagon Jardunaldiak antolatu dituena.