Plazaberri

2008 - 09 - 30      61. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
PATXI URIBARREN EUSKALTZAIN OSO
XII. Jagon Jardnaldiak
TESTU-ANTOLATZAILEAK. ERABILERA ESTRATEGIKOA, PELLO ESNAL GAZTERIAREN IDAZKERARAKO ARGITASUNA ETA GARBITASUNA, JUAN LUIS GOIKOETXEA EUSKARAREN ERABILTZAILE ESTRATEGIKOA: HELUEN EUSKALDUNTZE ETA ALFABETAZEAREN HELBURU, LOURDES ELOSEGI HEDABIDEAK, LOREA AGIRRE LEGEETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO TESTUAK, ANDRES URRUTIA

Berriak

Patxi Uribarren euskaltzain oso

Irailaren 26an, Patxi Uribarren euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak, Bilbon egin zen osoko batzarrean. Jakina denez, uztailaren 18an, Euskaltzaindiak Hendaian egin zuen osoko batzarrean, Patxi Uribarren eta Blanca Urgell proposatu ziren, Henrike Knörr zenaren hutsartea betetzeko.

Patxi Uribarren, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Sagrario Aleman eta Jean-Louis Davant euskaltzainek proposatua izan zen. Argazkian, Sagarna, Aleman, Lizundia eta Davanten artean ageri da Uribarren.

Informazio gehiago

XII. Jagon Jardunaldiak

Irailaren 18an, Iruñeko Jaso ikastolan, XII.Jagon Jardunaldiak egin zituen Akademiak, Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak antolatuak. Bertan, testu-antolatzaileen erabileraz eta aplikazioaz mintzatu zen, Pello Esnalek koordinatutako Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburutik abiatuta.

Gainera, Jardunaldietan, lau esperientzia jorratu ziren: gazteen idazkera, helduen euskalduntze eta alfabetatze mundua, hedabideen praktika eta legeetako eta administrazioko testuak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Lorea Agirre, hizlarietariko bat; Paskual Rekalde Corpus batzordeko idazkaria; eta Andres Urrutia euskaltzainburua.





Pello Esnal: Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa

Pello Esnalek azaldu zuenez, "Besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz sortuko ditugu testu komunikatiboak. Liburuan, euskal prosaren gaurko egoera dugu abiapuntu; eta egoera horri erantzutea xede, gure aurrekoek egindakoa aintzat hartuta eta euskal gizartekideok egiten ari garenaren baitan".

"Horretarako -gaineratu zuen- testuaren alorrean kokatu gara, eta testuaren osagaietako bat jo dugu begiz: testu-antolatzailea. Eta osagai hori -eta hauxe da gure ustez erabakigarriena- ikuspegi estrategikoaz baliatzea erabaki dugu, galdera bat gidari: nola erabili testu-antolatzaileak modu estrategikoan, bai eguneroko ekintza komunikatiboak gauzatzeko, bai euskal prosa eguneratzeko".

Pello Esnalen hitzaldia





Juan Luis Goikoetxea: Gazteriaren idazkerarako argitasuna eta garbitasuna

Juan Luis Goikoetxeak azpimarratu zuen "euskal testugintzak baditu, besteak beste, arazo bi: bata, pausaldiak markatzeko zailtasuna; bestea, testuak azkarga eraikitzea. Horrenbestez, euskal munduko oztopo honi aurre egitean, inplizitoki onartu egiten du, XXI. mendean garelarik, gure artean baditugula gainditu gabeko kontuak. Euren artean, euskaraz irakurtzeko zailtasunak eta euskal prosazko tradizio sendoa taiutu barik irautea. Horren aurrean, erantzun landua dakar Jagon Sailak Testu-antolatzaileak deritzan 7. liburukia ere jardunaldiotan aurkeztuz".

Azaldu zuenez, "azken urteotako aurrerabidean, laguntza handia eskaintzen ari zaigu hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa. Eta Diskurtsoaren analisiari buruzko obra guztietan agertzen den ideia da -eta adostasun osoz- perpausa ezin izan daitekeela analisirako unitate minimoa, bai, ordea, enuntziatua. Beraz, maila diskurtsiboa gertatuko da testu-antolatzaileen joko zelai".

Koherentzia eta kohesioa diskurtsoaren azterketarako oinarrizko kontzeptuak direla baieztatu zuen eta ondokoa gaineratu: "Koherentzian adimen ahalmenaz dihardugu; kohesioa, ostera, era askotako mekanismo linguistikoz ari da. Berez, testu-antolatzaileek ez dute sortzen koherentzia, baina lagundu egiten dute berau indartzen". Irakaskuntzako euskal testuei begiratzen zaienean, idazketa ez eze irakurketa ere aztertu nahi dela esan zuen Juan Luis Goikoetxeak, "ezen, testu-antolatzaileen aurrean batak hartzen duen jokabideak bestean ere eragin zuzen-zuzena izango baitu".





Lourdes Elosegi: Euskararen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alfabetatzearen helburu

Lourdes Elosegi helduen euskalduntze-alfabetatzeaz mintzatu zen. Gogoan izan zuenez, "eskarmentu luzea duen sektorea dugu euskalduntze-alfabetatzearena. Bide luze eta eraginkorra egin du gau-eskoletatik hasi eta gaur egungo euskaltegietaraino. Beti izan du helburu euskaldunak sortzea: euskara-erabiltzaileak. Eta horretarako baliabide ezberdinak jorratu ditu.

Ibilbide horretan sektoreak zein urrats eman dituen aipatu zuen hitzaldian. Eguneroko jarduna euskaldungaiekin nola gauzatu den ere mintzagai izan zuen. "Hasieran -azaldu zuen- gramatika ikastea izan zen euskara irakasteko eta ikasteko biderik eraginkorrena, eta gramatika-edukiak irakatsiz eta ikasaraziz saiatzen zen irakaslea, ez bakarrik helduak euskalduntzen baita alfabetatzen ere. Ondoren, ikuspegi komunikatiboan oinarritutako jarduna joan da nagusituz euskaltegietan, aurreko ikuspegia osatuz, birmoldatuz eta egokituz, eta helburua lortzea (erabiltzaileak sortzea) erraztuz".

Bere esanetan, "jardun komunikatiboak asko erraztu zuen gaitasun komunikatiboa eskuratzen. Ikasleak, euskara ikasteaz gain, erabili egin behar zuen: zerbait eginez gaitasun komunikatiboa adierazi. Baina erronka berri bat du euskalgintzak: erabiltzaile estrategikoak sortzea. Testuinguru eta egoera guztietan bere gaitasuna egokitzeko gauza den erabiltzailea sortzea.".

Lourdes Elosegiren hitzaldia





Lorea Agirre: Hedabideak

Lorea Agirre Berria egunkariaren Kazetaritza Estiloaren arduradunak azaldu zuenez, "errealitate kaotiko bat errealitate ulergarri modura albiste batean eman beharrak markatzen ditu kazetaritzan idazkeraren birtuteak eta ajeak. Hitz masiatuak, ideia nahasiak, testuinguru ahaztuak, informazio bideratuak, eta adierazpenak, eta adierazpen gehiago. Argi gutxiko gertaera bat argitara argi eman behar. Errealitate aldakor eta konplexu bat hitzez kontatu behar du kazetariak. Eta hori ez da erraza, eta ez da inozentea".

Euskara zuzenetik haratago, eta kazetaritza legeetatik haratago -gaineratu zuen kazetariak- tresna gehiago behar ditu kazetariak. "Kazetaritza estiloa deitu dugu guk Berriaz egunkarian, oso kontuan izanda estiloa, hizkuntza eta genero periodistikoa izateaz gainera, deontologia eta etika ere badela".





Andres Urrutia: Legeetako eta administrazioko testuak

Andres Urrutiak Legeetako eta administrazio testuen ikuspegia jorratu zuen, eta hasi bezain laster egoeraren konplexutasuna adierazi: "Gaur egun legelari euskaldunak bere buruari galdetzen badio nola eman behar den euskaraz lege-testuren bat edo administrazioko testuren bat... itzulpenera jo behar, oraingoz bederen".

Lege-hizkeran, terminologiatik diskurtsora pasatzeko zailtasunak daude eta testu-antolatzaileen erabilera zuzena ezinbestekoa da. Adibide ugari jarri zituen Urrutiak, testu-markatzaileek, juntagailuek eta lokailuek lege-testu baten daukaten garrantziaz ohartarazteko, eta azkenik geroari ere begiratu zion eta lau puntu nagusi azpimarratu:

  1. Itzulpenetik sorkuntzara doan bidean, erabilera estrategikoa erabakigarri izango da.
  2. Euskararen diskurtso juridikoa abiatu beharra dago, tradiziotik hasita.
  3. Diskurtsoa eta lexikoa/terminologia estekatu beharra dago.
  4. Euskararentzat espazio juridiko eta administratiboa antolatzeko premia ikusten da.

Horiek horrela, prozesuaren gakoa honela ikusten du Andres Urrutiak: “Hartara, gramatikalitatea bete dugu, hori zehaztua izan den neurrian, Akademiaren aldetik; testualitateari ere arreta berezia eskaini diogu, kasuan kasuko egokitzapenak eginez; estrategiak, era berean, helburu izan du gurean lege-munduaren maila desberdinei halako emaitza egokiak eskaintzea euskararen alorretik; eta tradizioak, azkenik, eraman gaitu beste puntu batera, hau da, euskarazko idazle klasikoak barru-barrutik aztertzera, prosa-eredu malgu baten peskizan”

Andres Urrutiaren hitzaldia