Plazaberri

2008 - 10 - 15      62. zenbakia

Gaiak
XABIER DIHARCE "IRATZEDER" GOGOAN

Xabier Diharce "Iratzeder" gogoan

Urriaren 13an, Xabier Diharce "Iratzeder" euskaltzain oso emeritua hil zen, Beloken, 88 urte zituela.

Xabier Diharce "Iratzeder" ezizenez ezagutzen dugun idazle eta euskaltzaina, Donibane Lohizunen jaio zen, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzeko eta Baionako Seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituela, Belokeko beneditarren komentura joan zen. Lau urte geroago, 1945ean, bertan apeztu zen. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen irakasle izan zen; gero priore eta 1972an abade izendatu zuten. Hamabost urtez izan zen Belokeko abade. Ondoren, 67 urte zituela, 1987an, Afrikara joan zen, Dahomey estatuko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete besterik ez zituen bertan eman, eta berriro Belokera itzuli zen. Hor bizi izan da azken arnasa eman arte.

1937an, Gernika bonbardatu zutenean, poesia bat idatzi zuen eta Euzko Deya-ra bidali zuen: ezizen baten beharra ikusi zuen eta Iratzeder hautatu zuen. Ordutik hona ez du inoiz utzi. (Diharce bere abizenarekin eginiko hitz-joko baten emaitza da Iratzeder).

1953ko urtarrilaren 1ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1962ko uztailaren 27an, berriz, euskaltzain oso, J. Elissalderen ordez. 1963an, Beloken, sarrera hitzaldia egin zuen, "Belokeko euskal bidea" gaiari buruz. Kanta askoren letrak prestatu zituen, Gabriel Lertxundi beneditarrarekin batera lehendik -Kantikak liburua, horren emaitza- eta berak bakarrik geroago. Urteaga, Garbizu, Olaizola eta Bengoa musikalariek musika jarri zizkieten. Aita Donostiak musikaturikoak ere badira.

Poeta, sortzailea

Iratzederren poesian bi konstante agertzen dira, Euskal Herria eta Jainkoa, alegia. "Jainkoaren amodioz maite dut Euskal Herria. Bi amodio horiek bat eginik daude ene baitan", esan zuen askotan. Belokeko komentuan Ezkila argitaletxea sortu zuen bai eta Otoizlari euskarazko aldizkaria ere. Bere olerki liburuak Biziaren olerkia liburuan bilduak dira.

Salmoak obra nagusiaren egokitzaile izan zen Iratzeder eta toki nagusia hartu du euskal liturgia berriaren hedapenean.

Memoria liburuak ere idatzi zituen. Afrikako misiolari esperientzia Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean jaso zuen.

Hona bere olerki batzuk:


  • Itsasoan (Argiz argi liburuan)

    Itsasoan, itsasoan, / Uhain zabal zoroan, / Urrunerat itsasoan. / Zurekin maiz nindoan. / Ez zen han neurririk, / Ez zen han mugarik! / Zu kapitain ni lemazain, / Ez zen han gu bezain / Bihotzez alarik. / Urrunerat itsasoan/ Zurekin maiz nindoan. / Ai! hango solasak, / kantuak, ametsak! / Uhain zoroz, amodioz / Betez han betikotz / Elgarren bihotzak. / Itsasoan, itsasoan, / Uhain zabal zoroan... / Gerotik nun gaude? / Zu hezur, ni fraide: / Zu zeruan, ni munduan, / Biak bat kantuan, / Euskaldunen alde. / Itsasoan; itsasoan... / Jainkoaren itsasoan, / Bozkario zabal eta osoan.




  • Berritz ere (Argiz argi liburuan)

    Berritz ere pertsu-kantuz heldu nitzaik, Euskara; / Hire suzko ele hoitan zirimolan aitzera... / Oi! Euskara, mintzairetan lehen eta maitena, / Amattoren soa bezein garbi eta urdina, / Hi mintzatuz, hitaratuz zer atsegin dutana / Hitan baituk euskal-lurren soinu-moinu ozena. / Ttikitik diat bularrean hartu hire gozoa, / Hiri esker lehen aldi izendatu Jainkoa... / Hire hitzen kar nasaian alatu diat gogoa / Eta entzun munduan den Jainkoaren Mintzoa. / Heldu nitzaik berritz ere heldu nitzaik, Euskara, / Xoragarriz gaiten biak jauzi-pertsuz atera. (...)




  • Nahi nuen... (Zeru menditik liburuan)

    Nahi nuen gizontzean osoki bizi, osoki; / Eta hortaz tirabiran aspaldi nintzen egoki.../ Nahi nuen bihotz osoz nere Jainkoa maitatu; / Nahi nuen indar oroz Herriarentzat bermatu; / Nahi nuen bien maitez osoki bizi, osoki; / Bainan bien maitatzeko bihotz bakar bat izaki... / Nahi nuen, eskual-aphez, nere jJendea salbatu; / Nahi nuen mintzaldiez mundu guzia argitu. / Eta hortaz tirabiran aspaldi nintzen egoki; / Bizi osoz bizi nahi eta ez jakin nun aurki.../ Joan naiz bidez, joan naiz mendiz: ea nun kausi argia. / Joan naiz eta hara tanpez, hara han... zeru mendia!




  • Itsasoaren mintzoa (Uhaineri nausi liburuan)

    Itsaso eta euskal-arkaitzen mendez mendeko mintzoa! / Galerna bezein ikaragarri, Amaso bezein goxoa... / Donostiako ur-bazterretik entzunez haren leloa, / Itsas-hegaztin hegalekilan zeruan zeru banoa. / Arkaitz, itsaso eta zeruz da euskal-gizonen barnea: / Harriek duten gogorra badu eta uhainen ernea. / Ez dauzkanean zeru zolaren zabala eta bakea, / Arkaitza bezein idor gizona eta etsaigoz betea. / Irautekotan denek bat behar, eta guk ez bat egiten... / Euskal-gizonak noiz ote gare denak-denak bat bilduren? / Hitan baitituk zabal zabalik hoinbertze uhain bat biltzen, / Errak, itsaso zeruz betea, nolaz denak bat gaitezken. (...)




  • Gizonak... balaki (Oroitzapen purruxkak liburuan)

    Gizonak ixiltzen balaki / nasaiki baluke naski / bere bizian olerki. / Gizonak sinesten balaki, / noiz-nahi lezake unki / Jauna berekin ibilki. / Gizonak maitatzen balaki, gozoki lezake aurki / zoin den bizia olerki.