Plazaberri

2008 - 10 - 28      64. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
EUSKALTZAINDIA EiTBN BADIHARDUGU EUSKALTZAINDIAN
Hitzarmenak
BILBOKO UDALA
Erreseinak
III. ONOMASTIKA JARDUNALDIEN AGIRIAK MORFOLOGÍA DEL VERBO AUXILIAR VASCO
Ikustekoak
JOAQUÍN DE ALCIBAR-JAUREGUI ETA ACHARAN ETA "GRAND TOURRA"
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA DONOSTIAN

Berriak

Euskaltzaindia EiTBn

Urriaren 17an EiTBren egoitzan izan zen Euskaltzaindia, EiTBk gonbidatuta. Euskaltzaindiak eta EiTBk lankidetza hitzarmena sinatua dute eta hauek dira Akademiaren ordezkariak: Jose Luis Lizundia diruzaina eta Pello Telleria idazkariordea.

Goizean Exonomastika batzordeak hileko bilera egin zuen. Eguerdian, HIKEA aplikazioa (hizkuntza kontsulta-zerbitzua) aurkeztu zion EiTBk Euskaltzaindiari. Han ziren, Zuzendaritzakoez gain, Euskaltzaindian arlo horretan aritzen diren batzorde-idazkariak ere. Ondoren, bazkaldu aurretik, EiTBren egoitza erakutsi zieten EiTBren arduradunek bertaratuei.

Arratsaldean ohiko bilera egin zuen EiTBren egoitzan Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jose Antonio Aduriz, Jesus Mari Makatzaga, Juan Jose Zearreta, Julian Beloki, Xabier Kintana, Bingen Zupiria, Beñat Oihartzabal, Mikel Gorrotxategi, Joxe Ramon Zubimendi, Andres Iñigo, Odile Kruzeta eta Jose Luis Lizundia.

Badihardugu Euskaltzaindian

Irailaren 23an, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan izan ziren Badihardugu Euskara Elkartearen arduradunak. Elkarte horrek "Euskal Herriko Ahotsak" izeneko egitasmoa aurkeztu zien Euskaltzaindiaren ordezkariei: Xabier Kintana idazkariari, Jose Luis Lizundia diruzainari eta Pello Telleria idazkariordeari.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Aintzane Agirrebeña, Asier Sarasua, Juan Martin Elexpuru, Xabier Kintana, Serafin Basauri eta Jose Luis Lizundia.

Hitzarmenak

Bilboko Udala

Urriaren 20an, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Bilboko Udaletxean. Euskararen erabilera sustatzea helburu duen hitzarmen hori Iñaki Azkuna Bilboko alkateak sinatu zuen Udalaren izenean, eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:

  • Herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko udal zerbitzuetatik eskatzen zaion hizkuntza aholkularitza emango du Euskaltzaindiak. Aholkularitza hau iraunkorra izango da bereziki hiri toponimiari dagokiolarik. Halaber, Euskaltzaindiak instituzio eta erakundeekin elkarlanean, kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta euskararen aldeko bestelako ekimenak bultzatuko ditu.
  • Euskarak Bilbon bizi duen eta bizi izan duen egoera hobeto ezagutzen lagunduko duten lanei ekingo die Euskaltzaindiak, bai azterlan historiko-linguistikoak bideratuz edo eta kasuan-kasuan taxutzen diren proiektuen arabera.
  • Bilbori dagokionez, agortuta dauden euskal lan esanguratsuen berrargitalpena zein elkar-langintza honetatik sortzen diren beste lanen argitalpena ere sustatuko ditu Euskaltzaindiak. Ahal denean, argitalpen horiek euskarri informatikoan eskainiko dira Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren webguneetan.

Hitzarmen hau indarrean egongo da izenpetzen den egunetik 2008ko abenduaren 31ra arte eta automatikoki luzatuko da, beste urtebeterako.

Erreseinak

III. Onomastika Jardunaldien agiriak

Argia astekariaren 2.153. zenbakian (2008-10-5) Pilar Iparragirrek egiten duen "Liburutegia" atalean, III. Onomastika Jardunaldien agiriak liburua aipatzen da. Liburu hau Akademiaren Onomasticon Vasconiae bildumaren 7. liburua da eta 1990eko irailean burutu ziren III. Onomastika Jardunaldietan aurkeztutako ponentzia eta komunikazio guztiak biltzen ditu.

Argia astekariaren aipamena

Liburua eskuratzeko





Morfología del verbo auxiliar vasco (compendio / índice / index)

Bestalde, Argia astekariaren 2.154. zenbakian (2008-10-12), Pilar Iparragirreren "Liburutegia" atal berean, Morfología del verbo auxiliar vasco liburua komentatzen da. Liburua Pedro de Yrizar zenaren Morfología del verbo auxiliar liburu sortaren azken emaitza da: hamabosgarren liburua. Liburu horietan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketaren oinarri izan zuen Yrizarrek.

Argia astekariaren aipamena

Liburua eskuratzeko

Ikustekoak

Joaquín de Alcibar-Jauregui eta Acharan eta "Grand tourra"

Etxeberria, G. (prestatzailea) Joaquín de Alcibar-Jauregui eta Acharan (1746-1810) eta "Grand tourra" (1772), Azkoitia: Udala ; Zornotza: Erroteta, 2007, 78 or.

Duela gutxi artxibo pribatu batean Borja Aginagaldek aurkitutako eskuizkribuaren edizioa, faksimile batez eta egileari buruzko hitzaurre batez hornitua, beste eranskin labur batzuez gainera. Testuaren transkripzioa Iñaki Aldekoak eta Jose Luis Ugartek egin dute.

Alderdi filologiko eta dialektologikotik duen garrantzia gutxietsi gabe, kasu honetan balio historikoa eta soziolinguistikoa garbi gailentzen da, XVIII. mendean Gipuzkoako handikiek euskarari buruz zeukaten ideologia eta praxiari buruzko informazio biziki interesgarria ematen baitu. Adibidez, besteak beste Larramendiren proiektuak eta asmoak hobeto kokatzeko eta ulertzeko balio dezake, toki eta aldi ia-ia berberean sortua eta jokatua izan baitzen aipagai dugun antzezlana.

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Donostian

Urriaren 31n egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, goizeko 10:00etan..

Bisitatu gaituzte

Garabide Kultur Elkartearen eskutik hizkuntza minorizatuen ordezkarien bisita, 2008ko urriaren 14an. Erdian, Xabier Kintana idazkaria.