Plazaberri

2008 - 11 - 5      65. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Hitzarmenak
BERRIA EGUNKARIA
Batzordeak lanean
ARGITALPEN BATZORDEA SUSTAPEN BATZORDEA EUSKARAREN HISTORIA SOZIALA EGITASMOA
Ikustekoak
JOSE ANTONIO ARANA-MARTIJARI OMENALDIA
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak urriaren 31n egin zuen hileko batzarra, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Hiztegi Batuko E letrako oharrak eztabaidatu eta onartu ziren, eskentu eta eskubide artekoak.

Hitzarmenak

Berria egunkaria

Urriaren 31n, Euskaltzaindiak eta Berria egunkariak hitzarmena sinatu zuten, Akademiaren Donostiako ordezkaritzan. Hitzarmen horren bitartez, Berria egunkariak, ekoizten dituen testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, egunkaria kaleratu zen unekoetatik hasita, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Hitzarmena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joanmari Larrarte Berria egunkaria sortu zuen Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) kontseilari ordezkariak sinatu zuten.

Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen proposamena da eta ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du oinarrizko lana. Zehatzago esanda, Hiztegi Batuko lantaldeak prosa arruntezko corpus monitore bat prestatzea proposatu zuen, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.

Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi ziren, hedabideak bereziki, eta hauen artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak, jakintza eremuetakoak (literatura, zuzenbidea, erlijioa, zientzia, teknologia, artea, kirola, etab.), edota administrazioetako hizkera arrunta -ez espezializatua- lantzen dutenak. Bestalde, gutxienez 2000. urtetik aurrera sortutako testuz osatuko da corpusa eta etengabe elikatuko da. Lexikoaren Behatokia egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.

Batzordeak lanean

Argitalpen batzordea

Urriaren 30ean, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan bildu zen Argitalpen batzordea. Hauek izan ziren esku arteko gaiak:

  • Argitalpen elektronikoak.
  • Inprimategian dauden bilduma ezberdinetako argitalpenak.
  • Argitalpen berrien aurreikuspena.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Adolfo Arejita, Jose Luis Lizundia, Xabier Kintana, Iñaki Kareaga, Juan Jose Zearreta, Andres Urrutia, Andres Iñigo eta Ricardo Badiola.

Sustapen batzordea

Urriaren 31n, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan bildu zen Sustapen batzordea. Hau izan zen esku arteko gai nagusia:

  • Azaroaren 21ean Bilbon egingo diren XIII. Jagon Jardunaldien egitaraua zehaztu zen. Jardunaldi horien gaia hau izango da: "Euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak".

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Erramun Baxok, Manu Ruiz Urrestarazu, Jean-Baptiste Coyos, Andres Iñigo, Erramun Osa, Andres Urrutia, Patxi Juaristi, Santiago Larrazabal, Ana Toledo eta Sagrario Aleman.

Euskararen Historia Soziala egitasmoa

Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa Donostian bildu zen, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan, urriaren 30ean. Mikel Zalbide egitasmoko aholkulariak, datu soziolinguistikoak jasotzeko eta egoki identifikatzeko diseinatu duen metodologia-eredua nola aplikatu behar duten erakutsi zien egitasmoko langileei.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Julen Manterola, Anton Ugarte, Iratxe Gaztañaga, Lionel Joly eta Mikel Zalbide.

Ikustekoak

Jose Antonio Arana-Martijari Omenaldia

Bagües, J. (ed. lit.) Jose Antonio Arana-Martijari Omenaldia = Homenaje a Jose Antonio Arana-Martija, in Eusko Ikaskuntza, Musiker : Cuadernos de Música, 15 (2007), 453 or.

Musiker aldizkariaren zenbaki honetan Eusko Ikaskuntzaren Musika sailak omenaldia eskaintzen dio Jose Antonio Arana Martixari, musikaren arloan dituen merezimenduak jasoz eta goraipatuz, eta Eresbil erakundeari egin zion dohaintza garrantzitsuarengatik eskerrak emanez.

Hogei artikulu akademiko biltzen dira, guztiak Jose Antonio Aranak landu izan dituen esparrukoak: euskal musika eta musikariak. Azpimarratzekoak dira Aranaren beraren ibilbideari dedikatutako bost artikuluak. Bitxikeria gisa, Klaus Niebelek Alemanian berriki aurkitutako euskal opera baten berri ematea aipa daiteke ere: Die baskische Venus, Hermann Hans eta Lini Wetzler-ena.

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Bilbon

Azaroaren 28an egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Bilbon, egoitzan, goizeko 10:00etan..

Bisitatu gaituzte

Bilbo Zaharra Euskaltegiaren eskutik, Jose Irazu "Bernardo Atxaga"ren hitzaldia, "Gerra osteko poesia" zikloari hasiera emanez. (2008-X-30).