Plazaberri

2008 - 11 - 7      67. zenbakia

Gaiak
KARMELO ETXENAGUSIA OHOREZKO EUSKALTZAINA HIL DA

Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina hil da

Azaroaren 6an, Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina hil zen, Bilbon, 76 urte zituela.

Karmelo Etxenagusia Uribe Iurretan jaio zen, 1932ko apirilaren 24an. Gordexola, Artea eta Gasteizko seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. 1955ean apaiztu zen eta segidan Seminarioko irakasle izendatu zuten. Geroago Comillaseko Seminarioan ikasi zuen Eliz Zuzenbidea. Gero, Erroman, Teologia eta Eliz Zuzenbidea ikasten jarraitu zuen.

Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta 1998ko apirilaren 24an, berriz, ohorezko euskaltzain.

Informazio gehiago

Idazlea

Karmelo Etxenagusiaren literaturarekiko zaletasuna handia izan zen eta hala erakutsi zuen beti. Bere ikasle izandakoen esanetan, berak sentitzen zuen zaletasun bera pizten zuen jendearengan. Euskal literaturari buruzko antologia batzuk idatzi zituen, besteak beste Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak, Jon Kortazar eta Aitor Etxeberriaren laguntzaz egina, eta Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia. 2003an, Euskerea nire bizitzan liburua kaleratu zuen.

  • Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak,

    Liburu hau Derioko Udako Euskal Ikastaroko ikasleentzat egin zen. Liburuan bertan jartzen duenaren arabera, "Iru egileak eurak ere Ikastaro orretako irakasleak dira, eta alkarri lagunduz burutu dabe auren lana, aurrerantzean oraingo au osotzeko asmoz eta gogo beroz". (Labayru Ikastegiak egindako erreseinatik hartua).

  • Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia

    "Derioko Udako Euskal Ikastaroak frutu gozo barri bat eskeintzen dau aurtengo udan. Erri literaturaren 20 bitxirekin, beste 40 idazle andiren 94 idazlan eder, ikasle barrientzat lagungarriz orniduta: sarreratxoa, oar, iztegi, aurkibideak... Antologia onek zubi bat izan nahi dau: Bizkaiko ertzetik Zuberoko lurralde xarmangarrirainoko zubi luze anaikorra, Iparraldeko euskera zaar landuaren ondasunak gure artean ere ezagutu dagiezan". (Labayru Ikastegiak egindako erreseinatik hartua).

  • Euskerea nire bizitzan

    "Ander Manterola adiskideak hainbat bider esan deust: "Zergatik ez dok idazten euskerea zelan ikasi hoan eta zelan eta non hasi hintzan hi euskara ikasten?" Badakit nik arlo honetan zein dan berak gehienbat jakin gura dauana: Derioko Seminarioan noiz eta zelan sartu zan euskerea irakaskintzan". (Karmelo Etxenagusia).

Karmelo Etxenagusiari buruz mintzo

Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Igone Etxebarria euskaltzain urgazlea Karmelo Etxenagusiaren ikasleak izan ziren. Ondoko artikuluetan Etxenagusiaren lana eta nortasuna gogora ekarri dituzte.

  • Adolfo Arejita

    "Bizkaiko euskara jatorra hurretik ezagutu nahi duenak irakur beza goian aipatu Euskerea nire bizitzan liburuaren lehen kapitulua, euskarazko hitz lauzko antologietan finkatzeko modukoa".