MedikuaRENEAn, JudasENEAn... esaten dugu alditan medikuaREN etxeAN/kontsultaN, JudasEN etxEAn esan ordez. Hortik sortua da atzizkia, etxeak izendatzeko erabiltzen dena (-enea = etxea balitz bezala): Arotzenea, Txominenea, Ajuriaenea, Kristinaenea, Jakesenea... Parekoak ditu -rena eta -koa atzizkiak ere, esanahi berarekin: Tomasenea, Tomasena edo Tomaskoa; Andresenea, Andresena, Andreskoa, Andrestegi...
Bukaerako -a artikulua denez, galdu egiten dute lekuzko kasuetan: Ajuriaeneko (*AjuriaeneAko), Ajuriaenetik (*AjuriaeneAtik); Tomasenetik (*TomaseneAtik), Tomasenekora (*TomasenekoAra)...
-enea atzizkiaren ordaina da Nafarroako alderdi batean eta Iparraldeko zenbait lekutan -baita atzizkia (fr: chez). Leku-atzizkiekin, etxeren sinonimoa da, Euskaltzaindiaren Hiztegian esaten denez: Aritzabaita, Elorriabaita, Pierrebaita, Bixentebaita, Gartziabaita...
Aldeak alde eta moldeak molde (-enea, -koa, -rena, -baita, -tegi), egun erabili nahi izanez gero, euskalkiko eta inguruko izenen arabera jokatzea da beti bidezkoena; lekuan lekuko erabilerari ematea lehentasuna.
Izen propioak diren neurrian, denak elkarturik idaztea da ohitura estandarra (Ajuriaenea, Kristinaenea...).
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (etxe sarrera).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (390).
— “Lexikoa: atzizkiak / hitz elkartuak / hitz eratorriak”, Jagonet galde-erantzunak.
— ““Noren” adieraztea: -rena, -ena, (Joxeren etxea: Joxerena/*Joxena)”, Jagonet galde-erantzunak.
SALABERRI, Patxi (2006). “Nafarroako euskal oikonomiaz”, ASJU, XL, 2006: 871-894.