Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru... eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan -(e)lako eta -(e)n atzizkiak erabili behar dira euskara batuan [116. araua]:
Ekonomia gaizki doalako/doan berriak ez gintuzke harritu behar.
Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zelako/zen ustean.
Berriro elkar ikusiko dugulako/dugun esperantza ez dut galdu.
Maite gaituztelako/gaituzten seinale da egin diguten harrera beroa.
Era horretako perpaus osagarrietan ez da egoki *-(e)laren, *-(e)neko edo *-(e)naren atzizkiak erabiltzea, ez baitute literatura-tradizioan aski den adinako lekukotasunik. Beraz, gisa honetako perpausak ez dira zuzenak:
*Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar (> doalako, doan).
*Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zeneko ustean (> zelako, zen).
*Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa (> gaituztelako, gaituzten).
*Hara eramango dituztenaren beldur dira (> dituztelako, dituzten).
Laster etorriko delako/den berria zabaldu zen (*delaren/*denaren/*deneko berria).
Sendotuz doa klima aldatzen ari delako hipotesia (*delaren/*denaren/*deneko hipotesia).
Bien arteko aukerari buruz, -(e)lako atzizkia euskalki guztietan erabili izan dela dio arauak, eta -(e)n atzizkiaren erabilera, gehienbat, mendebaldeko euskalkietakoa eta berriagoa dela. Datorren urtean ezkonduko zarelako zurrumurrua hedatu da / Datorren urtean ezkonduko zaren zurrumurrua hedatu da. // Gauzak hobetzen ari direlako seinale da hori / Gauzak hobetzen ari diren seinale da hori.
Bi atzizki horietaz gain, bada beste egitura bat ere, predikatu egituretan ageri dena (sospetxa ukan, erabakia hartu, berria hedatu, berria ekarri...): Herriko etxeak hartu zuen erabakia, kaperak behar zirela berritu (= Herriko etxeak kaperak berritu behar zirelako erabakia hartu zuen).
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (145-158).
— “Lexikoa: berri, susmo, seinale (ezkondu delako berria / ezkondu den berria)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: itxaropena, aitzakia (irabaziko zutelako itxaropena / zuten itxaropena / *zutenaren itxaropena)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: seinale (maite gaituzten/gaituztelako seinale/*maite gaituztelaren seinale) ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (34-35).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.
EHUko Euskara Zerbitzua (2012). "-eLAKO perpaus osagarri izenlaguna [...eLAKO hipotesia]", Ehulkuren aholku guztiak.