Seméiotikè (1969) lan mugarrian, Julia Kristevak genotestu / fenotestu bikotea eratu zuen testuaren baitan gertatzen den kontrakotasun bat azaltzeko. Testuak, teoria semanalitikoan, ez du zerikusirik hizkuntzaren komunikazio erabilera arruntarekin. Hizkuntzaren baitako lan batetik jalgitzen den adierazpen praktikari –zeinari signifiance edo adiera ahalmen izena ematen baitzaio–, baizik ez zaio aitortzen testu izaera. Genotestua signifiance deritzon lana bera da, hots, adierazleen bitarteko erditze prozesu mugagabea; fenotestua prozesuaren jomuga ez, baina mozketa edo “hondakina”. Fenotestua testuaren egitura adierazia da, nolabait esateko, fenomenalizatua, edo, bestela esateko, gertaera linguistiko bat semantika estruktural klasikoak deskriba dezakeena. Laburbiltzeko, testuaren azala da, genotestua bere bolumena delarik, bere ahalekotasun amaigabeek osatutako bolumena, hain zuzen.
[U. A.]
Ikus, halaber, G ENOTESTU , S EMANALISI .