Lehenengo artikulua.— Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legea aldatzea
Aldatu egiten da Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legea, eta honela geratzen da idatzita:
Hiru. Aldatu egiten da 5. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
5. Aurreko apartatuan aipatzen den txostenaren izapidearekin batera, informazio-azterlana jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduan. Izapide honetan egindako oharrak proiektatutako trazaduraren kontzepzio orokorrari buruzkoak baino ez dira izango. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari dagokio jendaurreko informazioko espedientea izapidetzea.
Aurreko paragrafoan aipatutako informazio publikoaren izapidea, epe horretan bertan, baliagarria izango da trenbide-enpresek eta trenbide-azpiegituren administratzaileek txostena egin ahal izan dezaten proiektatutako trazaduraren kontzepzio globalari buruz eta informazio-azterlanean sartutako eginkizunen edo ustiapenaren aspektuei buruz.
Informazio publikoaren izapiderako, helburuak betetzeko beharrezkoa den dokumentazio osoaz gain, dokumentu ez-tekniko bat argitaratuko da, hizkera irisgarriarekin eta irudiekin, zeinak balioko baitu herritar guztiek ezagutu ahal izateko garatu beharreko jarduketa eta, hala badagokio, alegazioak errazago aurkezteko. Jarduketa hizkuntza koofizial bat duen autonomia-erkidego batean garatzen bada, dokumentu ez-tekniko hori gaztelaniaz eta autonomia-erkidegoari dagokion beste hizkuntza ofizialean argitaratuko da.
Hogeita hiru. Aldatu egiten da 32.2 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«2. Tren-azpiegituren administratzaileek, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari, Trenbide Segurtasuneko Estatu Agentziari, tren-enpresei eta gainerako hautagaiei, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari eta gainerako interesdunei kontsulta egin ostean, beren jarduketa-eremuari dagokion sareari buruzko adierazpena prestatu, onetsi eta argitaratuko dute, baita horien eguneratzeak ere. Sareari buruzko adierazpena gaztelaniaz, autonomia-erkidegoetako hizkuntza koofizialetan eta, gutxienez, Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batean argitaratuko da. Sareari buruzko adierazpenaren edukia doan eskuratu ahal izango da formatu elektronikoan, tren-azpiegituraren kasuan kasuko administratzailearen web-atarian; hala badagokio, administratzaileek web-atari komun bat izango dute, eta adierazpena bertan eskuratu ahal izango da.
Sareari buruzko adierazpena hizkuntza koofizialetan argitaratzeko betebeharra ez da aplikatuko 2025eko sare-adierazpena 2023ko abenduan argitaratu arte».