11 bis artikulua
Presidenteak Ganberaren Osoko Bilkuran lehenengoz hitz egiten duenean, gaztelania eta Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetatik edozein erabili ahal izango ditu. Kasu horretan, hitzaldi horren edukia bera izango da hizkuntza guztietan.
20. artikulua
[287]3. Senatariek, gaztelaniazko testuarekin batera, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako edozein erabili ahal izango dute Ganberaren Erregistroan idazkiak aurkezteko.
56 bis 9 artikulua
[288]Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorraren bilkuretan gertatzen diren hitzaldiak gaztelaniaz eta Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan egin ahal izango dira. Bilkura-egunkarian, hitzaldiok egin diren hizkuntzan eta gaztelaniaz erreproduzituko dira oso-osorik.
84. artikulua
[289]5. Senatariek Osoko Bilkuran hitz egin ahal izango dute, mozioak eztabaidatzen direnean, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetatik edozeinetan.
115. artikulua
Artikulu bat eztabaidatzen den bitartean, presidenteak izapidetzeko onartu ahal izango ditu une horretan eta idatziz aurkezten diren zuzenketak, betiere aurkeztutako zuzenketen eta legegintzako testuaren artean adostasuna lortzeko. Era berean, zuzenketak izapidetzeko onartuko dira, baldin eta, betekizun berak beteta, akats edo oker terminologiko zein gramatikalak zuzentzeko badira.
125. artikulua
3. Era berean, zuzenketak izapidetzeko onartuko dira, baldin eta, betekizun bera beteta, akats edo oker terminologiko zein gramatikalak zuzentzeko badira.
191. artikulua
[290]2. Ekimen baten egileak hura gaztelaniaz eta, gainera, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen arabera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan aurkezten badu, ekimena hizkuntza horretan ere argitaratuko da.
Laugarren xedapen gehigarria
Herritarrek eta instituzioek idatziz jo ahal izango dute Senatura, gaztelaniarekin batera autonomia-erkidegoetan ofizialak diren Espainiako hizkuntzetatik edozeinetan. Kasu horretan, Ganberak itzulpena bideratuko du, izapideak egin ahal izateko.
[291]Bosgarren xedapen gehigarria
Senatuak, lurralde-ganbera gisa, autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako edozein ahoz eta idatziz normaltasunez erabiltzea babesten du Ganberaren jarduera hauetan:
Senatuko presidenteak Ganberaren Osoko Bilkuraren aurrean egindako lehenengo hitzaldian.
Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorraren bilkuretan gertatzen diren hitzaldietan.
Mozioen eztabaida dela-eta Osoko Bilkuran egiten diren hitzaldietan.
Ekimenak argitaratzean, gaztelaniaz gain, ekimenok aipatutako hizkuntza ofizialetako beste edozeinetan aurkezten direnean.
Senatariek idazkiak Ganberaren Erregistroan aurkezten dituztenean.
Herritarrek eta instituzioek Senatuari bidaltzen dizkioten idazkietan.