«30 bis artikulua[506]
2. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak aintzat hartuko ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aitortutako hizkuntza-eskubideak, herritarrekin erlazionatzen direnean. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazioak ahaleginduko dira beren zerbitzura aritzen diren langileak behar bezala gaitzen gizarte elebidun batean zerbitzua emateko, eta, horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte eta kidego horietan euskara erabilia izan dadila sustatuko dute. Nolanahi ere, herritarrak zein hizkuntza aukeratu, horrexetan artatuko dute.
45. artikulua
1. Euskal Herriko polizia kidegoetan sartzeko deialdien edukia Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. tituluan ezarritako aurreikuspenei egokituko zaie, eska daitezkeen euskararen hizkuntza-gaitasun mailei dagokienez eta hizkuntza horren ezagutzari eman beharko litzaiokeen balioespenari dagokionez.
2. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egiten diren proben eduki eta forma Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ezarritako aginduei atxikiko zaizkie. Proba horietan, institutu horren ordezkari bat epaimahai kalifikatzaileko kide izango da.
65. artikulua[507]
2. Lehiaketa da lanpostua betetzeko ohiko sistema. Lehiaketan, hautagaien gaitasunak lanpostuaren eginkizunetara egokitzen diren balioetsiko da.
Lanpostuak betetzeko deialdietan balioetsi beharreko merezimenduak definituko dira, zeinen artean hauek egongo baitira: antzinatasuna, gradu pertsonal zehatz bat edo garapen profesionalaren gradu jakin bat izatea –hala badagokio–, garatutako lanaren balioespena eta euskararen ezagutza-maila egiaztatua, hura bete beharreko baldintza ez denean.
Era berean, deialdian hala ezartzen denean, hauek guztiak ere agertu ahalko dira: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak; titulazioak eta gradu akademikoak; hizkuntzen ezagutza edo irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduera eta bete beharreko lanpostuak berezko dituen ezaugarrien arabera egokiak izan daitezkeen guztiak.
Xedapen iragankorrak
Bosgarrena.— Ertzaintzako lanpostu-zerrendak onetsi artean, zeinak hizkuntza-eskakizunei dagokienez azken xedapenetako lehenengoaren 2. apartatuak adierazitako araudiaren aurreikuspenei jarraituko zaizkien, euskaraz jakitea merezimendu izango da lanpostuan sartzeko eta lanpostuak betetzeko egiten diren deialdietan. Balioespenaren ehunekoa ez da inoiz ere hautaketa-prozesu guztian lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko bostetik beherakoa, ez eta ehuneko hogeitik gorakoa ere.
[…]