16. artikulua
Sormena akuilatu eta jendeak lurralde osoko kultura-ondare, -zerbitzu eta -praktiketara jotze aldera Estatuak ardatz hartu beharreko xedeak definituko dira kultura-zerbitzu kolektiboen gidalerroen bitartez.
Haien bidez, zein lurraldetan esku hartu behar den identifikatu beharko da, baliabide publikoak ahalik ondoena banatzeko.
Haien bidez, kultura- eta arte-gune nazional eta internazionalak garatu ahal izango dira. Haien bidez, hala badagokio, ondare-funtsak eskualdatzea ere ezarri ahal izango da.
Haien bidez, Estatuaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kultura-organismoek beren jarduerak nola hedatu definitu eta sormena nola babestu definitu ahal izango dute.
Haien bidez, denetariko arte-adierazpenak, kultura-praktikak eta jatorrizko hizkuntzak aitortu eta, hala, integrazio-politikak sendotu ahal izango dira.
Haien bidez, frantsesaren sustapena eta hedapena eta hizkuntza erregionalen edo hizkuntza gutxituen babesa eta transmisioa ziurtatzeko moduko ekintzak zehaztu ahal izango dira.
Haien bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabili ahal izango dira, jendeak sormen-lan eta kultura-praktiketara jotzeko modua izan dezan.
Haien bidez, Estatuak Île-de-France erregioari eta gainerako erregioei inbertsiorako eta funtzionamendurako emandako baliabideak orekatu ahal izango dira, eta, hala, hamar urteko epean, Estatuak ematekoak diren maileguen bi heren jaso ahal izango dituzte erregiook.
Lurralde-antolamendu eta -garapenerako erregio-mailako konferentziak antolatu beharko du kontzertazioa, Estatuak eta lurralde-kolektibitateek erregio bakoitzean gidatu beharreko kultura-politikak nola sendotu eta nola koordinatu erabakitzeko.
Estatuaren, lurralde-kolektibitate interesdunen eta Estatuaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kultura-organismoen arteko iraganeko kontratuetan ere aintzat hartu beharko dira gidalerroon xedeak.