Uda arratsalde batez Zerrajeroineko atarian geunden solasean, Auritz aldetik kotxe bat heldu zelarik. Gure parera iritsirik, gelditu zen, itxuraz turista galdu baten aitzinean ginen matrikula alemaniarra ikusirik. Jaitsi zen gizonari so eginez ez zen dudarik, atzerritar itxura nabarmena baitzuen.
–Arratsalde on! –hasi zen gizona Euskaraz.
–Bai eta zuri ere!
–Kontxesi Pedroarenaren bila nator. Mariano Izetak eman dit haren izena zeren lan bat egiten ari bainaiz Euskarari buruz eta Aezkoan Kontxesik lagun nintzakeela erran dit… Badakizu non egon daitekeen?
Kontxesi han berean zegoen eta turista Günter Brettschneider zen, Munich-eko Unibertsitateko hizkuntzalaria. Brettschneider sintaxiaren inguruko ikerketa bat egiten ari zen eta ekialdeko adibideak nahi zituen, adibide biziak, eta horretarako Aezkoa zen azken lurraldea. Jende nagusiarekin solasaldiak antolatu nahi zituen grabatzeko. Günter gizon xaloa zen, nonahi moldatzen den horietarikoa eta zuen jakintza naturaltzat hartzen zuena, alta gu absolutuki harriturik ginen. Erraten zuen hizkuntzak, gehiago ikasirik, gero eta errazago egiten zitzaizkiola, horregatik ez zuela meritu handirik ehun bat mintzaira aski ongi ezagutzeak, hark bezala. Hori bai, mintzatzeko eran berrogeiren bat bakarrik zituela kontrolatzen. Afrikan luze ibilia zen, bai eta Amerikan ere eta, oraingoan, Euskara aztertzen ari zen. Lekarozen kokaturik, fite irabazi zuen Baztango alemana izengoitia eta arras laketua zen baztandarren artean.
Galdegin nion Lekarozen, alokairuan zuen etxean, ea zer moduz hartua zuten herritarrek, ea euskaldunak erraten duten bezain hertsiak ote ginen.
–Hori azaltzeko ona da lehengo astean gertatu zen istorioa. Ondoko etxeko jauna agertu zitzaidan goizeko bederatzietan ate joka. Ireki nion eta esan zidan: “Günter, aita hil zaigu”. “A, ba sentitzen dut…”, erantzun nion oso ongi jakin gabe zer egin behar nuen. Gizonak segitu zuen: “Etxe hau gurearen auzo da, beraz zuri dagokizu hilerrian zuloa egitea gure aita lurperatzeko…”. Eta, agian nik ez nuela izango-eta, esku batean zeraman pala eskaini zidan. Harendako igual zen ni alemana ala txinoa izatea, etxe hau zen harenaren lehenbiziko auzo eta ni nintzen barnen zegoena, beraz…, pala hartu, galdetu zein zen haien hilarria, eta lanera, zuloa prest egon zedin arratsaldeko hiletarako.
Usadio zaharra segituz, heriotza kasuetan auzokoak oraino bete behar dituen lanen artean dagoena herri txikietan.
ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (2018). Etxera bidean. Arre: Pamiela. (154-155).
ERREFERENTZIAK
(1) ETXEGOIEN JUANARENA, Juan Carlos “Xamar” (2023). Biziaroak. Herri Kultura. Arre: Pamiela. (188-189).