... [1915eko] Maiatzaren hiruan lau egunen jatekoa eman ziguten eta gauaz gudu tokiari buruz abiarazi. Bide guziak harat eta honat zebiltzan soldaduek zeuzkaten: ez, ez zen erraz ibiltzea. Jada ageri zen nonbait zerbait handi bazela. Non? Laster ikusi behar genuen gure kostuz.
Ez da gure eskuetaratu libururik aski erran duenik zer infernua izan den Verdun. Hamabi egunez gure begiz ikusi dugu geronek, baina ez dezakegu bertzeek baino gehiago erran! Euskarak ez du aski hitz handi eta sarkorrik horretarako! Norbaiten espirituak berak ez dezake-eta asma! Hain xuxen, egun batez, Douaumont delakoari buruz gindoazelarik, bidean buruz buru egin genuen Ibarnegarai jaun diputatu gure adiskidearekin. Hango infernua dastatua zuen jada. Jauzi batez gainerat etorri zitzaigun, besarkatu gintuen eta erran: “To, gaizoa, Jainkoak zaindu hazala!”. Jainkoak zaindu gintuen, ezen hau finka dezakegu, eskuetako bortz eriak juramentu egiteko elkarri loturik: Verdungo infernutik ez da bizi eta oso atera Jainkoak zaindu duena baizik!
Baitira erraten dutenak egungo egunean ez dela gehiago mirakulurik ikusten, gu bezala Verdungo infernuan sartu balira eta handik erre gabe atera, ez litezke hola mintza! Guk eta gure lagun batzuek zango-besoak oraino ukaitea, horra mirakulua!
Gau guzia bidean ibili ginen, nehon gelditu gabe: argia genuen halere gure tokietarat heldu orduko. Argi zabala gero! Batzuk gelditu ziren Tunnel de Tavannes delakoan, bertzeak Fort de Vaux delakoan, gutiz gehienak erreketarat joan haatik. Erreketarat joan? Non ziren errekak? Ez zen nehon bat ageri lur irauli hartan...
Manua ukana genuen, harat joatean, zernahirengatik zehe batez gibelat ez egiteko, lekuaren gainean hiltzeko oro, alemanak buruaren altxatzerat utziko genituen baino lehen. Manu bera eman ziguten bizpahiru edo lauzpabortz egunen buruan Thiaumont deituaren aitzinerat igorri gintuztelarik ez dakigu zertako. Obus erauntsi lazgarrienengatik, aire pozoituengatik, jada han eta hemen usteltzen ari zirenen usain ezin jasanarengatik, gose-egarriengatik, ororengatik, ez genuen bururik gibelat itzuli Berrogeita Hamazazpigarreneko gizonek, Verdungo aldia bururatua genuela erran zigutelarik baizik. Laurehun eta berrogei hil han utzirik, joan ginen pausurat. Ehunka kolpatu bertzalde.
Verdunen izan diren soldaduetan bat ez da, gogoz edo bortxaz, bere eginbidea ederki bete ez duenik. Batzuk badira haatik bertzeek baino gehiago egin dutenak. Nola ez aipa euskaldun bat hemen? Etxegoien senpertarra, Axkonatarretarik bat. Donibanen dago egungo egunean, karrikan ikusten duten haurrek kapela kentzen ahal diote lurreraino! Kanoiak garrasika ari ziren batez, mandatari bat galdetu zuten hitz bat norabait helarazteko. Bere burua eskainirik, eta kasik segurki heriotzari buruz zihoala jakinagatik, Etxegoien abiatu zen lasterka. Horra non bide erditarat gabe obus batek ehorzten duen. Lurpetik hats-bahi hamahiru orenen buruan atera zutelarik, aitzindariei badakizue zer erran zien gaizo euskaldunak?: “Barka, otoi, hitz hau ez badut oraino helarazi! Nahi duzue oraino egin dezadan?”. Erran gabe doa ez zutela utzi; baina bai gerizarat nahi bazuen eta ez joanarazi.
Ez dugu menturaz bertze behin soldadu gaskoirik hemen aipatuko, euskaldunekin berekin ukanen baitugu zer erran, baina Camales deitu gure lagun batek merezi du. Mandatu baten norabait eramaterat zihoan hura ere, Etxegoien bezala. Kolpatua da bidean: zangoek ez dezakete gehiago ez ibili ez atxiki. Herrestan helduko da bururaino, odola purrustan doakiola, mandatua doi-doia eginen du eta han berean... hila eroriko! Gaizo Camales!
Hoberenetik ere, soldaduek ez zezaketen luzaz iraun Verdunen: gehienei zainek gaina hartzen zieten, bertzeak zenbait egunen buruko burutik joanarazten zituen egartsuak. Ez daki pairatzea zer den behin ere luzaz edan gabe egon ez denak! Sufrikarioen sufrikarioa, hori da segur! Aise sinetsiko duzue beraz nola atsegin hartu genuen hamabi egunen buruan infernu hartarik atera ginelarik!
Ligny-en-Barrois herri polit bat da eskualde polit batean. Harat eraman gintuzten pausatzerat, eta han iragan genituen hogei egun goxo. Arrats gehienetan inguru guzietako euskaldunak elkarretaratzen ginen, elizan elizkizun maite zenbait eginik, gero bi mus partida ostatuan egiteko.
ELISSALDE, Jean (1995). LVII.a gerlan. [Patri Urkizuren edizioa]. Irun: Alberdania. (39-45).
ERREFERENTZIAK
(1) BIDEGAIN, Eneko (2013). Lehen Mundu Gerra «Eskualduna» astekarian. Iker-30. Bilbo: Euskaltzaindia. (183).
Irudiak
- National Gallery of Art, via Wikimedia Commons .
- Collection DocAnciens/docpix.fr. Wikimedia Commons.
- Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.
- Source gallica.bnf.fr / Bibliothèque Nationale de France.