Operación retorno, journée rouge. Alarma gorri guztiak pizturik ibili dira beti bezala. Orain kalma etorrixea zaigu. Plaiak hustuxeak. Eskola-sartzea, haurrak kartabla eta zaku berriekin. Ohartu zara zein ontsa orkestratua den dena? Zenbatetaraino denok momentu berean gauza berak egiten ditugun? Gizartearen barrenean ontsa integratuak garenok bederen. Zeren bertzeentzat, langabezian direnentzat, apartatuak direnentzat, eskale direnentzat edo presondegian direnentzat, hainbat gaixto! Gaia tabu da. Gainerakoan, gizartean integratua denarentzat, hilabeteko saria duenarentzat, dena ordenatua da. Orkestratua. Garbiki. Noiz bakantzetara joan, noiz lanean has. Noiz eskolara eta unibertsitatera. Izpiritu gregarioak fantasiarik ez du maite. Autobideetako lerrokadetan ibili ondoren, gero ia denak plaietan, eta berriz denak autobideetan. Denak erritmo berean. Mendietan hobe dela? Nola gerta. Picos de Europa, abuztuaren hondarra: autobus beteak heldu. Teleferikoa. Bozgorailua jendearen joan-etorriaren arabera oihuka: “Horrelako numerotik halako numerora hurbil zaitezte!”. Jendea txandaren hartzeko lerrokatzen, badoa teleferikoa airean han goian den kaskora. Txandaka beti bozgorailu beretik zenbaki berriak. Gelditu gabe heldu dira autoak, lerrokatzen dira pentzean antolatua den parkinean. Nahiago dut balleko bideetan ibili, baina han sorpresa. 4x4en burrunbak. Mendia hobekiago deskubritzeko. Omen... Ez da eskapatzerik.
ARKOTXA, Aurelia (2009). Fragmentuak. Donostia: Utriusque Vasconiae. (204).
Irudia
Via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 2.5 lizentzia baten mende dago.