Erregeren abokatu bidezko eta nobleari, bertute eta on guziez konplituari, bere jaun eta jabe Bernard Leheteri, Bernard Etxeparekoak, haren zerbitzari xipiak, gogo onez goraintzi, bake eta osagarri.
Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta haietan izan baita, eta baita, zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ez den saiatu bere lengoaia propioaren faboretan euskaraz zerbait obra egitera eta eskributan ipintzera, zeren dadin publika mundu guzietara bertze lengoaiak bezala hain eskribatzeko on dela. Eta kausa honengatik gelditzen da abataturik, ezein erreputazio gabe, eta bertze nazio orok uste dute ezin deus ere eskriba daitekeela lengoaia hartan, nola bertze orok baitute eskribatzen berean.
Eta zeren orain zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala, baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen euskara, zuri, neure jaun eta jabea bezala, igortzen dizkizut euskarazko kopla batzuk ene ignorantziaren arabera eginak. Zeren, jauna, haiek ikusirik eta korrejiturik plazer duzun bezala, irudi bazaizu, inprimarazi ditzazun, eta zure eskutik joia ederra, inprimaturik euskara, oraino izan ez dena. Eta zure hatse honetatik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, bertzek bezala, bere lengoaian eskribuz zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora iragateko materia, eta jinen direnek gero kausa haboro haren abantzatzeko.
Eta obligatu guziak Jainkoari otoitz egitera, mundu honetan prosperoki bizia eta bertzean paradisua. Amen.