Jose Ramon Zubillaga sei urte eta erdi bete gabea zen, anaia Lontxo hamasei hilabete gazteagoa, biak lanean hasi zirenean, mendian: “Pago-hostoa ateratzen hasten den garaian, hiru edo lau behiren atzetik ibiltzen ginen Gurdilletxiki gaineko pagotegi haietan. Pago-hosto berri-berria behiei asko gustatzen zaie. Lontxok eta ni, abereak hain hosto-zale ikusirik, gu ere hasi ginen hosto berri pagoena jaten, eta guri ere gustatu zitzaigun pago-hosto berria”. Argentinara emigratuta, Zubillaga esne-saltzen ibili zen Bahía Blancan. Handik Buenos Airesera joan eta kafe-etxe bat hartu zuen. Aurrerago, Beti Jai jatetxea eraiki zuen, frontoi eta guzti. Lardasketa liburua idatzi zuen garaian, berrogeita hamaika urte zeramatzan Argentinan, inoiz Euskal Herrira itzuli gabe. Hara zer gauza zetozkion burura bere sorterriaz gogoratzean.
Oraindik ere deitzen naute izugarrizko jaki goxoek. Horiek ez nitzake utzi nire bihotzetik eskertu gabe. Hona hemen beren izen gaixo eta maitagarriak: zizak, perretxikoak eta onddoak; mendi-marrubiak; gereziak; aranak; sagarrak; udareak edo txermenak; hurritzaren hur goxo-goxoak; elorri-arantza beltzaren basaranak (harkaitz-aran txikiak); Zabalkiko "txonbelarra" gerezi-zuhaitz hostoaren antzekoa eta oso samina eta goxoa jateko, mizpirak; mazpilak; lahar-arantza masustak; intxaurrak eta inoiz ahaztu ezin daitezkeen gaztaina egosiak, erreak, eta umetxoak poltsikoan eraman ohi zituzten gaztaina tximel-tximelak.
Mendi, baso eta sasietan hainbeste janari bildu eta jan zituen mutil koxkorra, nola ez da ba bere bihotzetik gogoratuko…?