LEN AMAR LAGUN GIÑAN ETXIAN
1.Sentimentu asko dauzkat nerekin
orain kontatu biarrak,
ez dakit nola zuzenduko 'iran
egin dituzten okerrak;
pazientzitik ez naiz atera
Jaungoikuari eskerrak,
leku askotan jarri dituzte
tristura eta negarrak,
len amar lagun giñan etxian
ta orain iru bakarrak.
2.Atentziyua izan zazute
nik esandako itzakin:
nere biotzik ezta poztutzen
dirua eta gauzakin,
eztakigu noiz jarriko geran
konsuelo ta pozakin;
bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan ez jakin,
milagro ezta ni egotia
kuidado eta kezkakin.
3.Adierazi biar dizutet,
esango dizutet zinez,
tristura ontatik iñola ere
apartatu al bagiñez;
atentziyua izan biagu
errezo asko egiñez;
bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan jakiñ ez,
nere biotza tristuran dago
ezin sendaturik miñez.
4.Milagru ezta pena aundiya
izatia biyotzian,
negar-malkuak saltatzen zaizkit
iñoiz gogoratutzian;
ezeren mantxik eta batere
kulpa gabiak il zian,
beste bi preso Ondarretatik
San Kristobala joan zian,
zer kontatua izango dute
elkarrengana biltzian.
ZAVALA, Antonio (1975). Zapirain anaiak. Juan Krutz (1867-1934), Joxe (1873-1957). Donostia: Auspoa Liburutegia 123-124-125. (273-274).
Entzun BADOK atarian Joseba Tapiaren bertsioa Mertxe Olidenen ahotsean. Agur Intxorta maite: 1936-37 gudako kantuak, Gaztelupeko Hotsak, 2001.
HANDIK IA BERROGEITA HAMAR URTERA...
Handik ia berrogeita hamar urtera, 1984an, Iruñeko San Kristobal gotorlekuan preso egondako seme haietako bati, Salbador Zapirain “Ataño” idazleari, garai hartaz galdetu zioten Txantxangorri kantaria liburua argitaratu berritan egindako elkarrizketa batean.
Nola harrapatu zintuzten?
Etxean, tonto-tonto. Ez baikenuen sinesten gure bila etorriko zirenik. Denak eraman gintuzten gartzelara, aita eta lau anaiak. Bi anaia Ondarretan fusilatu zituzten eta anaia zaharrenari eta bioi kommutazioa etorri eta Iruñeko San Kristobalera eraman gintuzten.
Zure kontra zer akusazio zegoen ba?
Ni ez nintzen ezertan ibili. Oraindik gogoan daukat fiskalak esan zuela: "Y este señor ha dado el voto a los nacionalistas". Ni umil-umil zutitu nintzen eta esan nuen: "Todavía no he tenido voto". Eta presidente egiten zuenak horrela egin zuen [Atañok bizkarra jasotzen du].
Ondarretako kartzelan zer moduz ibili zineten?
Bueno, jaten zakar samar, baina ondo ematen ziguten. Gero eman ziguten gaizki, San Kristobalen. Nik ez dakit infernua zer den, baina txarragoa ez da izango. Gauero-gauero-gauero, tan-tan-tan, atea zabaldu, "está usted liberado" esan, laguna atera, atea itxi eta: "Prepárese!". Horrela eramaten zituzten fusilatzera. Ni ere kanpoko ateraino eraman ninduten behin eta han jefe de servicio hark ikusi ninduen eta: "Ese no, que está procesado", eta barrura berriz.
San Kristobalera noiz joan zineten?
1936an, Gabonetan. Hantxe gosea! Ez baitzegoen tokirik! Lau mila lagun ailegatu ginen eta han mila soldadu edukitzeko lekurik ez zen izango. Ni larunbat batean sartu nintzen eta gau hartan bertan atera zituzten hiltzera batzuk. Eta bi behinik behin aita-semeak ziren, biak erdi negarrez eta aita semea animatzen eta semea aita animatzen. Nik Oiartzungo bati esan nion: "Non da eliza?". Eta hark erantzun: "Zer esan duk?". "Eliza non den hemen!". "Eliza? Ez al hekien infernuan ez zela mezarik ematen?" Lehenbiziko ostiraletan bai, sekulako kanpai-hotsarekin izaten zen meza soldaduentzat. Igandeetan eta jaietan, berriz, ez. Hori al da erlijioa? Ikaragarria zen.
Bisitak izaten al ziren?
Bat izan genuen, oso polita. Uste dut Txantxangorri kantarian azaltzen dela. Aita etorri zitzaigun. Erdararik ez zekien gizonak, eta berarekin iloba bat ekarri zuen. Gu zoratzen hasi ginen euskaraz, eta erdian zegoenak laster esan zigun isiltzeko, bestela joateko handik. Eta aita eta anaia zaharra isilik gelditu ziren. Haiek ez zekiten batere, eta lehengusuak eta biok jarraitu genuen hizketan.
HABE aldizkaria, 47. zenb., 1984-07-15.
IKUS HAU ERE
Ezkaba. 1938-2018. Memoria Historikoa eta Hezkuntza. Memoriaren Nafarroako Institutua.
Irudiak
- KUTXATEKA / MARIN FUNTSA / Ricardo Martín . Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
- https://memoriahistorica.educacion.navarra.es/eu/ezkaba-1938-2018/